Besteak, sarri feministen aldarriekin deseroso sentitzen garela eta benetako eztabaidari heldu beharrean eztabaida antzuetan nahita galtzen garela erantzun zion. Mozkorraren adibidea jarri zigun: mozkorra ardo gehiegi edateak dituen ondorio kaltegarriak azaltzen ari denean, bai baina zuk ere edan egiten duzu erantzutearen parekoa zela alegia, edaleak esandakoari argudioz erantzun ezin diogulako.
Eta galderak egiten hasi zitzaigun: zergatik ikusi behar ditugu ostiral gauero gizonezkoak pilotan? Zuetako inork bitan pentsatu al du goizeko 05:00etan Tolosatik herrira oinez bakarrik bueltatzeko? Zergatik kezkatzen da emakume bat bere lanpostuarekin haurdun geratu nahi duen aldiro?...
Argi geratu zen albokoaren lekuan jartzeko zailtasunak ditugula eta gerora ere gauzak ez direla izugarri aldatuko, ez behintzat gure borondatez.
Gure amonak sarri esaten duen esaldia etorri zitzaidan burura: lagundu behar ez baduk enbarazurik ez egin!