Espainiako loteria nazionala

Erabiltzailearen aurpegia Oier Urkola 2016ko abenduaren 4a

Gure artean opariak egitea ez da kontu berria. Denok egin dugu noizbait erregaluren bat estimatzen dugun jendea estimatzen dugula adierazteko bada ere.

Baserrian egindako odolkiak, oporraldietako oroigarriak, amonak egindako jertseak edo Durangoko artisauen azokan erositako larruzko karterak, denak dira ohikoak gure artean.

Urtea amaitzear den egun hauetan berriz, Espainiako loteria nazionala da senideen eta lagunen artean bitxi preziatua. Askok oparitzen dute dezimoren bat, eta beste askok obligazioz edo, oparitu dielako itzultzen die oparia, norbaitek zerbait oparitzen duenean bueltan jasotzeko oparitu izan balu bezala.

Oparia ez dakit lagunari edo Espainiako diru-poltsari nori egiten diogun baina kortesiazko gurpil-zoro honek euskaldunak behintzat ez gaitu aberastuko. Euskal Herritarrak omen gara Espainiako loteria nazionalean diru gehien gastatzen dugunak, marka da gero! Horko dirua Euskal Herrian geratuko balitz sikiera…

Alde ederra genuke Nafarroako nekazarien produktuekin osatutako Errigora saskia oparituko bagenu, Nafarroako nekazariek estimatuko digute, euskaltzaleek ere bai eta nola ez, gehien-gehiena zestoa jasotzen duenak.

On egin!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!