Esan daiteke, auzolana izan dela herri askotako oinarria. Gaur egun, bestelakoa esaten bada ere, alferkeria modan dagoela esatea ez da astakeria. Borondatez lana egiten duena baino bizkorragoa da besteek egindakoa aprobetxatzen duena.
Herritarrak ahalduntzea lehentasunezkoa den garai hauetan, han eta hemen parte-hartzea eskatzen digutelarik haserretu egiten gara. Hartu-emanak badakigu zer diren baina ematen ez genuen ikasi. Erantzuten ikasi genuen baina erantzukizunak hartzea ez dakigu zer den.
Gure lagun batek sarri kantatzen duen bertso zahar bat etorri zait burura:
«Erliak ere udan kanpotik etxera eramaten du,
hark e badaki bere burua neguan nola mantendu.
Inoi ez dio ezer ostutzen berak egina jaten du,
langile danak alkar hartu ta alperra ito ta kendu,
guk ere askoz hobe genuke hori egingo bagendu!»