Hiltzea garesti dago!

Erabiltzailearen aurpegia Oier Urkola 2015ko abe. 20a, 14:20

Bizitzea garesti zegoela jabetu nintzen baina hil eta geroko kontuak atera gabe nituen oraindik eta egunkari handietan eskelak zenbat ordaintzen diren jakin nuenetik kontuak ez zaizkit ateratzen ongi. Prezioak ez dakit eskela batenak edo mirari batenak diren, hildakoak aurkezteko edo hildakoak pizteko. Eskela batengatik 400-700 euro ordainduta izango da sustoarekin berpiztu denik ere.

Gaur egungo aurrerapenekin zein da eskela baten funtzioa? Gaur egun zein da inguruko hilberriaren berri eskela bitartez enteratzen dena? Eskelak beharrezkoak dira? Zergatik kontatzen ditugu hilberriari zenbat eskela eskaini dizkioten? Egunkarian zenbat eta eskela gehiago izan orduan eta maitatuagoa izan ote da hilberria?

Askotan hitz egin gabe uzten diren kontuak izaten dira baina hil eta ondorengo gure erritoak ondo azaltzeak zalantza bat baino gehiago uxatu ditzake. Eskelen kontua da horietako bat. Behin hil behar eta zein egunkaritan erabakitzea polita da, ni ATARIA-n azalduz gero gustura nintzateke.

 

BERTSO JARRIAK

Doinua: Jardin bat zuretzat

1. Arduratuta nago

nere kolpeekin,

hil eta ondorengo

eginkizunekin.

Amets gaiztoak dauzkat

gauero nerekin,

ezin begirik bildu

bart gauekoakin,

Diario Vasco-ko

eskela batekin.

 

 

2. Etxean bazkaritan

esan nun barkatu,

pentsatzen jardun naiz ta

apunteak hartu,

behin izango da eta

nahiz gazte akatu,

Diarion eskelaik

ez dezagun patu,

nahiago det atxurra

lepatzean sartu!

 

3. Nahiz ta debalde ere

ez nuen espero,

diarion eskela

700 bat euro,

bertso luze bat edo

bi esaldi bero,

konformantzen nintzela

esan nien gero,

Ataria-n 20 bat

eskaini ez gero!

 

4.Gorpua nahi nuela

etxean jartzea,

eliza leporaino

zibil omentzea,

hautsak astindu eta

pagon bat sartzea,

beatziurrenean

guztiak batzea,

hori da hil da ere

adarra jotzea!

 

5. Gure beldur ta bromak

gure salatari,

norbere eskelari

alperrik kantari,

ikusi nahita ere

ezin dugunari,

hobe eskerrak eman

alboan denari,

laguntza emateko

prest dagoenari.

 

6. Bizirik gaude eta

hau ez da itxura,

biharko ezin utzi

gaurko abentura,

ospatu behar degu

eskutik eskura,

lagunarte onean

behar den modura,

afari on batekin

ta nere kontura!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!