Urkijo, ez adarrik jo!

Erabiltzailearen aurpegia Oier Urkola 2015ko mar. 15a, 11:36

Gizon honek beste kultura eta hizkuntzekiko duen begirunea ezaguna da bazterretan. Gure eskualdeko herrietan ez ezik, Euskal Herriko 75 udalerritan jarri ditu helegiteak Urkijo lagunak.

Antza udaleko funtzionamendua eta bertako aktak euskaraz izatea nahikoa arrazoi da udal hori salatzeko. Aktak gaztelania hutsean egiten dituzten EAEko udaletan ez dago arazorik, hauetan ez du euskararen beharrik ikusten.

Bestelakoa badirudi ere, mutil hau Madrilgo lagunen oniritziarekin ari da, bestela ez da normala honen jardunarekin inor ez kezkatzea. Badakigu euskaldunak kokoteraino gaudela baina espainiarrek ez al dute ezer esan behar? Ni espainiarra banintz behintzat asaldatuko nintzateke EAEko nire ordezkaria Urkijo bezalako aho-beroa balitz.

Espainiak EAEn duen ordezkari honek sudurraren puntan jartzen zaion guztia egiteko eskubidea duela dirudi. Euskara eta euskal kulturarekiko duen gorrotoa konta ezinak dira eta bi egunetik behin, han edo hemen helegitea jartzen du. Martxa honetan kalean euskaraz hitz egiteagatik ere helegiteak jartzen hasiko zaigu. Graziosoa litzateke iraingarria ez balitz.

Nola edo hala mutil honi hankak geratu behar dizkiogu. Egiten dituen salaketa burugabeak gure eskualdeko herri askoren eguneroko jarduna baldintzatzeko beste dira. Ea berandu baino lehen gizon honen postua bertan behera uzten dugun eta Euskal Herri libreko Espainiako enbaxadaren atezain jartzen dugun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!