Gerturatu eta hamalau

Erabiltzailearen aurpegia Oier Urkola 2015eko otsailaren 1a

Aurreko astean elurra egin zuela aprobetxatuz lagunartean Aralarrera joan ginen. Ibilaldia egin eta kontu-kontari hasi ginenean Pago Mari inguruan zein bista ederrak zeuden azpimarratu genuen guztiok, bueno ez Pago Mari inguruan bakarrik, ibilaldia egin genuen bide guztian zehar.

Gure herritik ordu erdi eskasera zein paraje ederrak genituen jabetu ginen eta gehienak ezezagunak. Txindoki eta Herniora taldeko guztiak ginen igota baina Izarraitzen ez zen inor sekula izan. Perdido eta Pirineoetako mendi gailur ezagunenak ezagutzen genituen guztiok baina haietatik metro gutxitara dauden beste gailurren izenik ere ez dakigu.

Berdina gertatzen zaigu hondartzekin ere. Donostiako, Zarautzeko edo Hendaiako hondartza ezagunetan izanak ginen guztiak. Baina Lapurdiko kostan dauden hondartza ederrak apenas ezagutzen ditugun ez eta Gipuzkoako hondartza ezagunen tartean dauden hondartza ezezagun txikiak ere.

Hala ere, ez dago herritik atera beharrik. Gure herrian esaterako, aspaldian erabili gabe eta izorratu antzean zeuden lehengo karobi-zuloak garbitu eta erakusgai jarri dituzte eta taldeko gehienak ez genituen ezagutzen. Tolosaldeko herri guztietan dauden leku magikoak eta gehienak oso ezezagunak.

Inguruko paraje ezezagun horiek ezagutu nahi dituenak badaki zer egin. Guk ez genuen zalantzarik egin, hurrengoan motxila hartu eta gure herria ezagutzeko hitzordua jarri genuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!