Zoratu egin al gara?

Erabiltzailearen aurpegia Oier Urkola 2014ko uzt. 20a, 16:00

Umorea ere gure bizitzako zati garrantzitsua da eta esango nuke umorerik gabe itxuraz bizitzea ezinezkoa dela. Horregatik, askotan ibiltzen gara umorearen atzetik, hara eta hona, bertsolari umoretsuen saioak entzutera, barre-terapia saioetan gozatzera edo txiste emankizunak entzutera. Umorea kontu serioa dela esaten dugu baina ez dakit oso serio ari garen.

Nahita edo nahigabe, gure gorputzak umorearen atzetik ibiltzeko joera du. Kosta ala kosta umorea harrapatu nahian ibiltzen gara baina oraindik ez gara jabetu berak harrapatu behar gaituela eta bitartean ez dugula zereginik.

Garai batean ez zituzten baliabideak ditugu eta egoki erabilita asko irabazi daiteke. Aldez aurretik antolatutako saioak ezinbestekoak dira baina eguneroko jardunetan umorea erabiltzeak osasuna emango digu. Gustatu ala ez, umorea gure baitan dago eta eguneko 24 orduetan gainera, herriko festetan, lantegiko orduetan eta okindegiko ilaran.

Umorea besteek egin zain egotea festa besteek jarri zain egotearen parekoa da, festa guk jarri behar dugu eta umorea ere bai. Norberak atera behar ditu eltzetik babak eta bezperan beratzen jarriz gero askozaz ere hobeto. Ez al dira norberak prestatutako bazkariak ondokoarenak baino goxoagoak izaten?

Gure amonak dio zoroagoa dela txorakeriarik egiten ez duena txorakeriak egiten aritzen dena baino. Umore guztiak oso ezberdinak dira eta txorakeriak egiteko modu asko dago (eskerrak!) baina esploratzeko modu bakarra dago eta hori norberak egin beharko du. Nik ez daukat inauterien zain egoteko gogorik!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!