Euskaldunak beti izan du egoskor fama, hori egia, baina egoskorretik inozora tartea handia dago eta azkenaldian tontotzat gauzkate. Bestela ulertezinak dira Eusko Jaurlaritzak Bartzelonako AVEko irregulartasunen harira egindako atxiloketen ostean egin zituzten adierazpenak egitea. Albisteen arabera, Corsan-Corviam eraikuntza-enpresa ari dira ikertzen eta kasualitatea, enpresa berdina da Tolosa eta Hernialde arteko AHT zatia egiten ari dena.
Gezurra badirudi ere eta aurkakoa saldu nahi badigute ere, Euskal Herriko abiadura handiko trenaren zati handiena egiteko dago. Eusko jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 2.200 milioi euro inguru xahutu dituzte dagoeneko baina oraindik %60a gastatzeke legoke (6.000 milioietako aurrekontua).
Inoiz bukatuko balute ere, azpiegituraren urteroko mantenua jasangaitza litzateke, Frantziako eta Espainiako zati asko bertan behera utzi dituzte, ingurumenaren inguruan ez dago ezer esan beharrik, azpiegituraren helburua metropoliak indartzea da Tolosaldea bezalako eskualde txikien galeran… Saiatuta ere ez dut abiadura handiko trenaren eraikuntzan aurrera jarraitzeko arrazoirik topatzen eta gainera muturraren aurrean lapurretan ari bazaizkigu, zer nahi duzue esatea?
Dirua sobera izanda ere horrelako proiektuek ez dute ez buru eta ez hanka; are gutxiago, eguna joan eta eguna etorri murrizketa sozialak albiste diren herri batean. Diru xahuketa hauek gaurko eta biharko politikak baldintzatzen dizkigute. Beraz, proiektua bertan behera uztea guztiontzat izango da mesede.
Hala ere, izango da mandoa baino egoskorrago proiektuarekin aurrera jarraitu nahiko duen alderdiren bat, beraiek jakingo dute horren arrazoia. Uste dut igandean izango dugula hitz egiteko aukera.