Jordi Evole etorriko ote da Tolosaldera?

Erabiltzailearen aurpegia Oier Urkola 2014ko apirilaren 27a

La Sexta-ko aurkezleak saio polita egiten du igandero hango eta hemengo ustelkeriak azalduz eta egia esan behar bada ni neroni zur eta lur geratu naiz askotan. Ustelkeria kasu askotan egiten dituzten trikimailuak harrigarriak dira; errealitatetik baino Hollywoodeko pelikuletatik izaten dute gehiago. Bada, antzeko zerbait gertatu da Tolosaldeko Asuncion klinikarekin eta Jordik Evole gure eskualdera etorri zain bagaude gureak egin du.

Ez gara Australiako kanguruen inguruan ari, gure bihotzekoak eta gure lepauztaiak daude jokoan. Gure osasuna da jokoan dagoena eta guri dagokigu gure osasunaren alde borrokatzea. Eskailerak igo eta jaisteko izan ohi dira eta gure esku dago Jesus Gomez Montoya eta bere lagunen benetako aurpegia azaleratzea. Gure esku dago Inviza eta antzeko enpresen atzean dagoen mamua erakustea. Gure esku dago pribatizazio proba hau proba hutsean geratzea eta noski, gure esku dago Tolosaldean kalitatezko osasun zerbitzu publikoa izatea.

Aurrekoan Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurrera atera zuten osoko zuzenketak ere bultzada emango dio Tolosaldean bizi-bizi dagoen dinamikari. PPk, Asuncion Guerra buru zuela (izena behintzat egoki jarria dauka), EH Bilduren laguntzaz urtebeteko epean gure eskualderako Osakidetzako sare publikoan egongo den ospitale bat bermatzea eta 2011. urtera arte espezialitateen anbulatorioan martxan zeuden espezialitate guztiak mantentzea edo berreskuratzea eskatu zion Eusko Jaurlaritzari.

Gero eta gehiago gara eta lanean jarraitu besterik ez zaigu geratzen, iritsiko da uzta jasotzeko garaia. Bukatzeko, TOPA egiten ari den lana eskertu nahi nuke, ez baita batere erraza horrelako gai korapilatsuak horren zuzen eta argi azaltzea.

Egin dezagun TOPA osasunaren alde!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!