Uda bete abentura, euskaraz, zure eskura!

Erabiltzailearen aurpegia Oier Urkola 2014ko mar. 24a, 16:22

Ni ere ume normala izan nintzen. Ume normalak bezala joaten nintzen eskolara, oporraldi normalak izaten nituen eta esan gabe doa, udaleku normalak ziren nireak. Baina Bernedoko Euskal Udalekuetan bizitako 15 egun haiek normaletik gutxi eta berezitik izan zuten asko. Nik ere, udaleku guztiak antzekoak zirela uste nuen, Bernedo ezagutu nuen arte.



Euskal Udalekuak norabide berean diharduten hiru etxe ezberdinen batura da (Abaigar, Goñi eta Bernedo) nahiz eta etxe bakoitzak bere autonomia eta funtzionamendua izan. Euskara eta auzolana oinarri, 40 urte izango dira Bernedon lehen aldiz Euskal Udalekuak antolatu zituztela. Urteak pasa badira ere hasierako ilusioa eta ideiak bizi-bizirik jarraitzen dute antolatzaile eta hezitzaileen (begiraleen eta sukaldarien) artean. Euskal Herriko bazter guztietatik bertaratutako haurrak eguneko 24 orduak euskaraz bizi daitezen ahalegin berezia egiten dute hezitzaileek betiere musu-truk eta modu autogestionatuan.

Zoritxarrez, Euskal Herri luze-zabalean asko dira euskaraz bizi ezin duten ume eta gazteak. Bernedok, euskal kulturaz gozatuz, euskaraz amesteko, euskaraz maitatzeko eta euskaraz gozatzeko aukera eskaintzen die herrira hurbiltzen diren guztiei. Magia eta xarma berezia du Arabako herriak. Bertako bizipenak, bertako historiak eta istorioak ez dira berehalakoan ahazten.

Euskal Udalekuetan 7 eta 15 urte inguruko ume/gazteei zuzendutako eskaintza oparoa izaten da. Adin-tarte bakoitzak bere txanda izaten du eta txanda bakoitzak egokitutako egitaraua.

Berriz udalekuetara doan gazte banintz ez nuke dudarik egingo eta Euskal Udalekuetara joango nintzateke. Lehengusu, alaba, iloba… gonbida ezazu, eskertuko dizu! Martxoaren 10ean zabaldu zen izen ematea eta http://www.euskaludalekuak.org/ orrialdean eskura daiteke informazioa.

Animatu, ez zarete damutuko!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!