Hik nola egiten den? Eta hik, ba al dakik hitanoa erabiltzen?

Erabiltzailearen aurpegia Oier Urkola 2014ko otsailaren 16a

Ez dugu gezurrik esango, zenbait eskualdetan bi lagun euskaraz entzutea ia miraria da eta zer esanik ez elkarrizketa hori «hika» izatea. Gure eskualdeko egoera ere ez da suziriak botatzeko modukoa, lagun artean edo hurbilekoen artean ohikoa den hizkera hau gero eta gutxiago erabiltzen baita.


Esan daiteke hitanoaren erabilera loraldia izatetik oso urrun dagoela. Salbuespenak salbuespen, alokutiboan jarduteko ohitura eskualdeko herri txikienetan mantentzen da baina herri handienetan gero eta zailagoa da. Antzeko zerbait gertatzen da herriko zaharrenen eta gazteenen artean, belaunaldi batzuetatik besteetara dauden jauziak izugarriak dira. Gainera, egiten dutenen artean gehiengoak toka egiten du (gizonezkoei) eta oso ehuneko txikia da noka egiten duena (emakumezkoei). Zenbait herritan esku bakarraz konta litezke emakumeekin edo emakumeen artean hika egiten dutenen kopurua.

Euskaraz bizi garenok oso erraz eskatzen diegu ahalegina euskaraz egiten ez duten horiei, bada oraingoan guri dagokigu ahalegina. Beste gauza asko bezala hitanoa ere gure esku dago, senideen artean, lagunen artean… txipa aldatu eta hitz egitean dago gakoa. Mutilekin soilik egiten duenak neskekin hasi beharko du eta batere egiten ez duenak guztiekin hasi beharko du ahaleginean.

Azkar eta ondo usoak hegan! Ez dago aitzakiarik, lehenengoan ondo egindakorik ez da izango, menpekoak, baldintzak, galderak… utz ditzagun zalantzan hurrengorako. Lotsak alde batera utzi eta ekin, zeinen zain hago?

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!