Alferrik egotea alferrik aritzea baino hobea?

Erabiltzailearen aurpegia Oier Urkola Arozena 2014ko urtarrilaren 17a

Esaldi hori ere zer suma zegoen batek esango zuen lehenengo aldiz eta segur aski aritzeko gogo handirik gabe zegoen batean. Baina aritzea noiz izan da alferrikakoa? Eta alferrikakoa izan denean ere ez al dugu zerbait ikasi?

Urte berria estreinatu dugu eta gurean lehengo lepotik burua. Langabetu kopuruari dagokionez Tolosaldea zerrendaren goiko muturrean agertzen da, langileen soldatak orain 20 urtekoen pare jarri dira eta erreforma ezberdinen ondorioz lan-baldintzek eskubidetik gutxi eta prekariotik dute asko. Aberatsak gero eta aberatsago diren garai hauetan egoera honen erruduna langileria dela sinestarazi nahi digute eta egoerari buelta eman beharra dago.

Ezin gara gure enpresan arazoak noiz hasiko zain geratu, ezin gara gure lanpostua arriskuan ikusi arte zain geratu, gaurko ogiak ez digu bihar jaten emango. Lanpostu ziurrena ere ez da batere ziurra, egun batetik bestera guztia galdu dutenen zerrenda gero eta luzeagoa da eta adibideak bat baino gehiago ezagutzen ditugu. Harrokeriak alde batera utzi eta enpresa txiki, langabetu, gazte, autonomo, langile… guztiak elkar hartu eta batera ekin beharrean gara. Auzokoarena defendatu behar dugu eta auzokoak gurea, elkartasunik gabe ez dugu zereginik. Zerutik ez digute oparirik egingo eta eltzetik babak ateratzea guztion lana izango da.

Langileriari ez zaio inoiz txakur txikirik oparitu. Gure aiton amonek borroka bidez urte luzeetan lortutako aurrerapausoak atzaparretatik kendu nahi dizkigute. Borrokaz lortuko duguna ikusteko dago baino borrokarik egin gabe kontu jakina da zer datorkigun. Honetan, urtea amaitu aurretik Zizurkilgo Marie Brizardeko langileek lortutakoa adibide ederra izan zen eta aurrera begira eskualdean badira adibide gehiago. Badugu gaia eta badugu zeregina, batu gaitezen eta ekin dezagun!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!