Bertsozale obsesibo-konpultsiboak

Erabiltzailearen aurpegia Oier Urkola Arozena 2013ko abe. 20a, 12:54

Lau urtez behin gertatzen den fenomenoa da eta ez gara bisurteaz ari. Eguna joan eta eguna etorri ez da beste konturik bazterretan, bertsoak gora eta bertsolariak behera. Nahiz eta oso kontu ezberdinak izan futbolarekin gertatzen denaren antza pixka bat hartu duelakoan nago.

Komunikabide ezberdinetan, lagunarteko solasaldietan… Amets Arzallusek botatako bertsoak Griezmannek huts egindako gola ordezkatu du. Baina hau al da Euskal Herrian bertsolaritzaren argazki erreala?

Oporretara etorri den atzerritarrak hala pentsa balezake ere, bertsolaritzaren egunerokoa hori baino konplexuagoa da. Badira jendez lepo betetzen diren plazak baina baita bertsotan entzuten adina izaten diren saioak ere. Gutxi izango dira Euskal Herri luze-zabalean bertsotara joan nahi eta sarrerarik gabe edo aulkirik gabe geratutako entzuleak. Alkizako festetan antolatzen duten saioan ere puntako bertsolariak gonbidatzen dituzte eta oraindik bertso saioa entzun gabe ez gara inoiz etxera bueltatu.

Behin honetara iritsita, txapelketak bertsolaritzari ematen diona ez dugu zalantzan jarriko baina zer ematen diogu bertsozaleok bertsolaritzari hurrengo asteburuan herrian antolatutako bertso bazkarian 15 lagun elkartu ezinik baldin bagabiltza? Normala izango da akaso baina txapelketaren zurrunbiloak betaurrekoak behar baino gehiago lausotu dizkigulakoan nago eta porru hazi ederrak egingo ditugu betaurrekoetan ikusten duguna benetako dela pentsatuz gero.

Bertso Txapelketakoa ez da fenomeno isolatua, antzeko fenomenoak gertatzen dira esaterako Donostiako Zinemaldian edo Durangoko Azokan. Esan daiteke urte guztian kontsumitu gabeko pelikula, disko eta liburuak egun seinalatu horietan kontsumitzen ditugula. Urte guztian elizara azaldu ez eta konfesio bat eta bi errezorekin urte guztiko bekatuak libratzearen parekoa da hori.

Errezoan ez genuen ikasi eta ea itxuraz kontsumitzen ikasten dugun!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!