Kontuak horrela, Euskal Herrian antzeko zerbait egin ote daitekeen galdetu diot nire buruari eta jaunartze eta antzeko ospakizunak etorri zaizkit burura.
Inork gutxik sinesten du, aurrerakoia omen herritarren gehiengoa, Munillak esandakoak astakeriak iruditzen zaizkigu eta hala ere ez dugu erreparorik izaten ospakizun horiek egiterakoan. Lehengoan, kontu-kontari ari ginela batek esandakoa gogoratu zait: sinestunak ez eta praktikanteak gara gurean, inork sinetsi ez eta ospakizun guztiak egiten ditugulako!
Norbaitek aurkakoa pentsa balezake ere ez naiz nire amonagatik ari. Jai goizean koruan abestu eta errezoan aritzea gustuko badu nik horretan jarraitu eta disfrutatzea opa diot. Baina, honen eta haren inguruan sekulakoak esan eta elizan ezkontzen denak berak jakingo du zergatik egiten duen eta amaginarrebaren aitzakiak grazia egiten dit.
Hala eta guztiz, jainkoari eskerrak, ezkontza eta hileta zibilen kopurua gero eta handiagoa da, baita ospakizunik egiten ez dutenen kopurua ere. Gainera, egun bereziak salbu gure elizetan jende uholdeak izateko probabilitatea gero eta txikiagoa da eta berriro dator galdera: elizek izan ahal dezakete beste erabilpen bat?
Akaso gaur eta bihar ez da posible izango baina esango nuke berandu baino lehen ezagutuko ditugula haur-eskola, dantzaleku edo liburutegi diren elizak gure eskualdean. Baliteke erabilera anitzeko eraikinak izatea eta larunbat gaueko dantzalekua jai goizeko meza leku izatea eta ze kristo, bezperako disko jartzailea jai goizeko akolitoa! Hostia ederrak banatuko lituzke. Ez dakigu zer gertatuko den ordea, hori jainkoak bakarrik daki.
Hurrengo bat arte! Jainkoak nahi badu ikusiko dugu elkar!