Umeak ikasia, etxean ikusia!

Erabiltzailearen aurpegia Oier Urkola Arozena 2013ko urr. 25a, 16:26

Kilometroak eta Nafarroa Oinez pasa berri diren honetan, gazteenen droga-kontsumoa da arrandegiko txutxu-mutxu nagusia. Alkoholaren kontsumoa eta delako boteloia dira hizpide nagusiak, baina fenomeno berriak al dira? Era batera edo bestera belaunaldi zaharragoek ez al dugu berdina egin?

Baliteke gero eta eskuragarritasun handiagoa izatea, baliteke gero eta aukera handiagoa izatea baina zaharragoek egiten dutena errepikatzeko joera ez da berria. Lehen ere izaten ziren festa ondorengo galbanak eta gerora ere ezagutuko ditugu.

Dena esan behar bada nahiko jarrera hipokrita da gurea, jaialdi eta ospakizun guztiak, garaipen eta dibertsiorako bide guztiak alkoholarekin uztartzen ditugun bitartean, gazteenak larrutzen jarraitzen dugulako. Egunean bi pakete zigarro erre eta alaba zigarroak erretzen ikusi duelako bereak eta bi esan dizkion gurasoaren irudia datorkit burura.

Debekuak eta antzekoak alde batera utzi eta hobe genuke alternatiba ezberdinak eskainiko bagenitu. Bide horretan adibide ona iruditu zitzaidan Tolosako Kilometroetan antolatu zuten Erronka. Hala ere, egun batetik bestera ez da ezer aldatzen eta hala uste duenari kukuak oker joko dio.

Azaleko kontuekin itsutu gintezke, baina egokiagoa litzateke gure aisialdi ereduaren inguruan eztabaidatuko bagenu. Hitzordua jarri eta mahai baten inguruan biltzea dugu onena. Eta lasai, edaria nire esku!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!