ELKARRIZKETA

«Janztea bera erritual moduko bat da emanaldian»

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2026ko ekainaren 26a

Lurgi Zalakain, Ioritz Galarraga eta Amets Zalakain. N.U.

Dirau. Horrelaxe izendatu dute Bilaka kolektiboko kideek euren sorkuntza berria. Maiatzaren 23an Hendaiako plazan estreinatu zuten ikusleengan lilura sortu duen emanaldia. Lurgi Zalakainek, Ioritz Galarragak eta Amets Zalakainek proiektuaz, eta jantzitegiaz bereziki, hitz egin dute.

Tradizioak, ohiturak eta langintzak denboran bizirautea ez da ausazko kontua; ekinean dihardutenen esku eta gorputzetatik geureganatzen ditugu; ez da, ordea, aldaketarik gabe betikotzen denik. Arte horretan direla sortu dute Dirau ikuskaria. 

 

Norbere erroetara bidaia xamanikoa, histrionikoa, baina, batez ere, kitzikagarria proposatzen du ikuskizunak. Kalean eta espazio ez-konbentzionaletan emateko sortutako pieza hipnotiko eta trans-koreografikoa da, eta jantziek, musikak, gorputzen mugimenduek nahiz ahotsek presentzia eszeniko eta narratibo indartsua dute.

Ikuskizuneko jantziak sortzeko Bekoop moda jasangarriko kolektibo artistikoak eta Bilaka kolektiboak indarrak batzeaz gain, tradizioa, artisautza eta sormen garaikidea uztartu dituzte. Dirau ikuskizunaren estilismoa tradizioaren interpretazio erradikal eta organikoa da, eta euskal artilea protagonista absolutua da. Ezin egokiago uztartzen dira Bilakaren dantzaren muina eta Bekoopen moda jasangarriaren filosofia. Horrela, zabor bihurtu ohi den lehengaia pieza artistiko bihurtuta plazaratu dute: artilea, bere iragana eta izaera eraldatuta, edertasunean iraunkortuta eta esanahi berrituta gorpuzten dute plazan dantzariek. 

Lau dantzari, musikari bakarra, eta lau eskuz ondutako artilea. Guztien artean Dirau jantzi dute: batzuek, edukiz; beste batzuek, aldiz, artilez eta oihalez. Bi kolektibo hauetako hiru partaide amasa-billabonatarrekin bildu da Ataria: Lurgi Zalakain Urkola (Villabona, 1987), Amets Zalakain Urkola (Villabona, 1995) eta Ioritz Galarraga Capdequi (Amasa, 1991).

Zergatik 'Dirau'? Nolakoa izan da ikuskizunaren sortze lana? 

 

Ioritz Galarraga: Dirau etorri zen zerbait jarraitua sortzeko gogotik. Argi genuen dantzan jauzietan oinarrituko ginela. Hori oinarri hartuta, beste leku batera eraman nahi genuen, transformatu, zerbait jarraitua izango dena sortzeko. Errepikakorra den zerbait azaldu nahi izan dugu. Aitortu behar da emanaldi hau laborategi batean sortu dela; beste emanaldietan ez bezala, gai finkorik gabe etorri da. Gure gogoei eta behar artistikoei bide eman nahi izan diegu. Beti egin dugu lan eszena zuzendariarekin edo koreografoarekin, eta ikuskizunaren gogo, helburu edo nahiak kanpotik etorri zaizkigu. Ikuskizun honetan, aldiz, gu egon gara guztiaren oinarrian; zerotik hasi gara, inoren gogorik ase beharrik gabe, gureak asetzeko asmoarekin. Hasierako helburua bazen Dirau iraupenarekin lotzea, baina laborategian gure mugimenduak zein gogoak probatuz eta gorpuztuz, ate asko zabaldu genituen, gero ixten joateko. Hor sortu zen Dirau ideia orokor gisa, baina ez genekien oraindik zer izango zen. Gure galderei erantzun bat ematea ere bilatzen genuen, kanpokoena hainbeste kontuan izan gabe. Jendeak espero du zerbait zehatza Bilakarengandik, eta inoiz entzun dugu hori ez da Bilaka esaten, baina gu baldin bagara Bilaka, nola diote hori? Nork erabaki du zer den Bilaka? Esaterako, Euskal Herrian gu ez gara nahikoa tradizionalak, aldiz, kanpoan folklorearen gorena gara. Inoiz ez dugu beteko kanpokoen nahi edo gogo hori, interpretazioa ezberdina baita, hortaz, gurea egiten ahalegindu gara kanpoko behar, desio eta nahietatik askatuta.

 

Gaur egun, moda jasangarria eta dantza garaikidea uztartzea ez da ohikoena, baina zuek zubi bat eraiki duzue. Nola jaio zen Bekoop eta Bilaka Kolektiboaren arteko elkarlan hau? 

Amets Zalakain: Lagun arteko elkarrizketan ginela Ioritzekin, ez dut ondo gogoan guk proposatu ote genuen, baina atea zabalik utzi genuen. Aspaldian genuen gogoa horrelako proiektu baterako.

Lurgi Zalakain: Egia esan, dantzari guztiak bezeroak ditugu; lehendik ere elkar ezagutzen genuen, bazegoen harremana. Eta noski, Ioritzekin aspalditik dugu harreman pertsonala.   

Ioritz: Jantziei dagokionez eszena zuzendariak edo beste norbaitek erabaki izan du beti, eta momentua zen bakoitza egoki identifikatzen zen janzkera izateko, eta ez dantzariaren ustezko generoaren araberakoa izatea jantzia, adibidez, neska gonarekin janztea neska kontsideratzen delako. Gehiago begiratu diogu bakoitza nola dagoen eroso, zer nahi duen. Hortik abiatuta, norekin lan egin behar genuen hau lortzeko? Jantzi batzuk izateaz gain, lanketa artistikoa bere gain hartuko zuen zerbait nahi genuen, ikerketa egingo zuena, eta gure nahiak entzungo zituena. 

Lurgi: Proposamen zabala egin ziguten, ez zen izan bost galtza eta bost kamiseta egiteko eskaria. Gehiago izan zen, jantziak behar ditugu baina sorkuntzan gaudenez, prest zaudete prozesua gurekin egiteko? Gu prozesuaren parte izan gara, paraleloki. 

Ioritz: Eta emaitza ikusgarria da, guztiz identifikatzen da norbera bere jantziekin. Kideenak ikusi genituenean, argi genuen bakoitzarentzat eginak zirela. 

Nolakoa izan da estilismoaren sormen prozesua eskuartean zirriborro bat izan duzuen arte?

Amets: Argazki batzuk, ideiak erakutsi zizkiguten, inauteri tradizionalarenak, hor ikusi genituen koloretako lihazkiak... Berehala lotu genuen artilearekin egin genezakeela lotura.

Lurgi: Sorkuntzan, ikusirik prozesua nolakoa zen, norbanakotik ari ziren eta hori zaindu nahi zenez, pentsatu genuen galdeketa bat egitea bakoitzari, modu pertsonalean erantzun zezaten. Jakin nahi genuen nola sentitu nahi ziren, mugimendurekiko, elkarren arteko harremanekiko, kolorearekiko, formekiko, gorputzaren bistaratzearekiko… 

Amets Zalakain: «Ez genuen estereotipotan erori nahi, eta oso lagungarri izan zitzaigun galdetegia»

Amets: Ez genuen estereotipotan erori nahi, eta oso lagungarri izan zitzaigun galdetegia.

Ioritz: Guretzat polita izan da beste kideek zer erantzun duten ez jakitea. Ez zen ohiko galdeketa bat izan; sakona zen, denbora eskaini behar zitzaion. Emanaldian gertatzen den moduan, jantzietan ere garapen bat dago, oinarria eta garapena. Transformazio moduko bat ematen da. Guretzat oso garrantzitsua izan da oinarrizko jantziak, guretzat espresuki eta dantzarako sortutakoak izatea. Behar bereziak dituzte dantzarako jantziek, guri egokituak izatea behar genuen eta horrela izan da. Oso argi genuen ezin zutela oztopo izan. 

Amets: Lehen bilera egin genuenean nahiko argi zuten dantzariek oinarria beltza izango zela, eta guztiena ezberdina izango zela, pertsonalizatua.

 

Lurgi Zalakain: «Oinarriak prest eta oniritzia jasota zeudenean, hasi ginen fantasia guztia lantzen artilearekin»

Lurgi: Maddi lankidea eta ni aritu ginen oinarrizko piezak egiten. Eta bitartean, Amets aritu zen artilea prestatzen Oiartzunen. Oinarriak prest eta oniritzia jasota zeudenean, hasi ginen fantasia guztia lantzen artilearekin.

Bekoopen artilea erabili duzue oinarri gisa, sarri baztertua den materiala. Nola izan da artile gordin hori hartzeko, eraldatzeko, tindatzeko eta dantzari baten azala bihurtzeko prozesua? 

Amets: Proba askotako prozesua izan da. Artilea ondo garbitzea eta mordentatzea —tindatzearen prozesua— koloreak finkatzeko. 

Lurgi: Prozesua oso motela izan da, eskulan izugarria da. Ametsek denboran bidaia egin du lan honekin, bazirudien XV. mendean zegoela.

Amets: Bai-bai, hala da. Ekonomikan sua piztearekin hasten zen nire lana. Ordu pila bat egon behar zuten sutan kolorea hartzeko, xamanikoa izan da bai. Erabili ditugun tindagaiak naturalak izan dira. Adibidez, tipula azalak Labore kooperatibatik eskuratu ditut, beste batzuk erosi egin ditugu. Kolorea eman ondoren, lehortzen utzi eta berriz harilkatu behar da guztia jantziekin hasteko. 

Lurgi: Egun asko egon gara lihazkiak eta borlak egiten, esku asko aritu gara honetan. 

Artilea tul ohilarekin batera josi duzue. 

Bolumena dute diseinu batzuk, eta aldi berean arinak izan behar zutela pentsatu genuen; tulak aukera hori eman digu. Gainera, materialen kontrasteekin jolastea gustatzen zaigu, artilearen presentzia tradizionala tul garaikidearekin nahastuta.

 

Artilea material astuna eta beroa izan ohi da, eta dantzaldian izerdia eta mugimendu askatasuna funtsezkoak dira. Nola lortu duzue jostun gisa artileari elastikotasuna eta erosotasuna ematea dantzariak itota senti ez daitezen? 

Lurgi: Kotoizko sare moduko bat dute azpian, eta horri josita dago artilea. Diseinuak ere mugimendu askea izateko pentsatuak daude. Kotoizko oinarriak minimoak dira, mugimendua lehenetsi baita, baina josi behar denarentzat nahikoa izateko moduan. Ekuazioa hori izan zen. Zalantzak eta kezkak izan ditugu, baina probak egin zituztenean asmatu genuela ikusi genuen. 

Amets: Beste erronka bat jantzi errazak izatea zen; izan ere, emanaldia oinarrizko jantzi beltzekin hasten dute, eta zuzenean transformatzen dira. Janztea emanaldiaren parte da, publikoaren bistara.

Lurgi: Hori da, jantzi errazak, arinak eta mugimendurik mugatuko ez zuten sorkuntzak izan dira. Eta dantzarien artean ez korapilatzea!

Ioritz: Hori da! Kezkatuta ginen horrekin! Janztea bera erritual moduko bat da emanaldian, trantsizio moduko bat. Dantzan gertatzen diren 'istripuen' parte dira jantziak. 

 

Zer beste erronka izan duzue?

Lurgi: Jantziak hain pertsonalak eta ezberdinak dira euren artean, banuela kezka ez ote ziren ezkonduko elkarren artean. Baina emanaldian bostak jantzita eta mugimenduan ikusi nituenean, pentsatu nuen: «Bai, horrela zen!». Artilea eta elementu batzuk badituzte komunean, baina ulertuko ote zen kezka handia izan nuen. 

Amets: Estreinaldiko eguna arte izan genuen beldurra. 

Ioritz: Guk ere bagenuen kezka, eta aldi berean, konfiantza. Batez ere, koloreengatik, eszenan hartuko zuten presentziak kezkatzen gintuen. Ez baita berdina nire gaineko jantzia eta Arthur Barat kidearena esaterako, nireak askoz kolore eta argitasun gehiago du. Desorekatuta geratuko ote zen beldur ginen. Baina ez, probak egin ondoren, grabazioetan ikuskizuna orekatuta zegoela ikusi genuen. 

Laguntzen al du jantziak 'Dirau'-ren mezua transmititzen? 

Ioritz: Nik uste dut baietz. Gainera, esango nuke dantzari bakoitza deskribatzen duela. Ahalduntze moduko bat sentitu dugu soinean ditugunean. Are gehiago, nondik datorren jakinda, zer eskulan dagoen atzean eta artilea bera Euskal Herriko ardietatik datorrela. Balio erantsi handia dauka. Pentsa zer sinbolikoa den, hasieran jantziak eszenografiaren parte dira, eta jantzi ahala, eszenografia desagertu egiten da, hustu. Eta gu jantzi, noski. 

Ikuskizuna soil jantzita hasten dute dantzariek. CHARLOTTE COSTA

Dantzarien ikuspegitik, jantzi hauek probatu zenituzten lehen aldian, nola aldatu zen zuen mugitzeko modua edo gorputzaren pisua eszenan? 

Ioritz: Dantzan duten mugimendua izugarria da. Jantziek ikuskizuna osatzen dute erabat, asko ematen diote, gehitu. Egia da beroak direla, estreinatu genituen egunean 30 gradutik gora izan ginen kalean, pentsa! Erantzitako garaian sumatu genuen beroak eta pisuak zirela, baina eramangarria da guztiz. 

 

Ioritz Galarraga: «Dantzan duten mugimendua izugarria da. Jantziek ikuskizuna osatzen dute erabat»

Lehen aldia al da horrelako zeregin bat egiten duzuela.  Zer moduz sentitu zarete lan horretan? Errepikatzeko moduan?

Lurgi: Bai, errepikatuko genuke, gustura gainera. Hemen ezin al da gure telefonoa jarri? [Barrez].

Amets: Opari bat izan da. Konbentzionaletik oso urrun dagoen proiektu bat izan da, eta eroso sentitu gara. Denbora generaman sentitzen sorkuntza berreskuratu nahi genuela; izan ere, produktuen salmentan sormen aldea oso mugatua da, egunerokotasuna zurrunagoa da.

Lurgi: Bai, gure alde artistikoa askatzeko gogoz ginen. Zoragarria izan da. lan sakona izan da eta dantzarekin lotura izateak ni pertsonalki asko hunkitu nau. Bestalde, agian denbora falta edo gehiago eskaini nahia sumatu dugu. 

MATHIEU PRAT

Proiektu honek erakusten du moda jasangarria eszenatokietarako guztiz bideragarria dela. Uste duzue arte eszenikoek bide hori hartu beharko luketela hemendik aurrera, 'fast fashion' eta jantzi sintetikoak baztertuta? 

Ioritz: Proiektuaren barruan zer garrantzi eman nahi zaion jantzitegiari, bizitzan bezala, zenbateko inbertsioa egin nahi duzun da. Zerbait arina eta ez oso etikoa eskuratu dezakezu, baina nabaritu egiten da norbaitek zuretzako espresuki zerbait josi duenean. Dantzaren sorkuntzari eman diogun garrantzia eman nahi izan diogu jantzigintzari eta baita musikari eta argiteriari ere. Musika adibidez, proiektu honetan gurekin batera garatu da. 

Estreinaldiaren ondoren, zer balorazio egin duzue? Zer jaso duzue?

Lurgi: Deserosotasuna sortzen du ikuskizunak, mugiarazi egiten du. 

Amets: Ohituta gaude emanaldiek hasiera eta amaiera oso definituta eta aurresangarri izatera. Dirau bada, artileak pikatzea moduan, kalitatea! 

Ioritz: Bai, deserosotasuna eragitea bilatu dugu. Irakurketa ugari transmititu dizkigute ikusleek eta feedbackean hemengo ikusleak edo kanpokoen artean alde handia dago, heziketa kontua edo kulturala da. Adibidez, bertsoa dago oinarrian, Maialen Lujanbiok egina. Badakigu ideala litzakeela, bertsozalea denarentzat behintzat, bertsoa osorik entzutea, baina ez dugu hala eskaini. Poliritmiekin ere jokatu dugu, hitzekin, eta musikalki ingurune sonoro berezia sortu dugu. Oso mezu sakona du, guretzat oso baliagarria dena, baina ez da zuzen eskaintzen, ikusleak adi egon behar du. Ahalduntze ariketa sakona da guretzat publikoari begira esatea: «Zure begiekin, utzi izaten ni» edo «Bagara, zer gara, noren begiekin?». Izango da ezer ulertzen ez duenik, edo erabat hunkitzen denik. Hori da gure proposamena. 

Nora bidaiatuko du orain 'Dirau'-k?

Ioritz: Uztailaren 27an, Santio jaietan, Villabonan izango gara, eta abenduan Lasarten, tartean EHZ festibala Arberatzen. Paris, Bordele, Alés, Pessac, Ambarés-et-Lagrave, Parempuyre, Saint-Médard-en-Jalles, Girona, Floirac, Baiona, Bokale, Miarritze, Bastida, Itsasu, Barkoxe, Vanves, Concarneau, Huesca, Arcachon, Andorra, Manresa, Tarbes eta La Rochelle. Horiek 2026rako lotuta ditugunak.

 

'DIRAU'. FITXA TEKNIKOA

Bilaka Kolektiboaren eskutik

Koreografia eta interpretazioa: Arthur Barat, Zibel Damestoy, Ioritz Galarraga eta Oihan Indart.

Musikaren konposizioa eta interpretazioa: Bastien Marianne.

Musika partearen koordinazioa: Xabi Etcheverry. 

Bertsoa: Maialen Lujanbio.

Kanpo begirada: Igor Calonge eta Aimar Odriozola Pellejero.

Jantziak: Bekoop.

Teknika zuzendaritza: Oihan Delavigne.

Hedapena: Chloé Moreau.   

Produkzio-administrazioa: Anabelle Ferré eta Thomas Brillaxis.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!