Eli Martijak (Oñati, 1975) bi pasio ditu: txirrindularitza eta hegazkinak pilotatzea. Aspaldi hasi zuen pilotu izateko bidea. Bere ibilbidea eta lanari dagozkionak azaldu ditu honako elkarrizketan.
Noiz jakin zenuen hegazkineko pilotua izan nahi zenuela?
Garaiz jakin nuen, hamalau bat urterekin. Familiarekin joan nintzen Hondarribiko aireportuko (Gipuzkoa) kafetegira, eta han hegazkinak ikustean, pilotu izan nahi nuela aitortu nien gurasoei. Hortik aurrera hasi nintzen Avion revue aldizkaria erosten eta zer pauso eman behar nituen jakiten. Egia esan, garai hartan, kirol asko egiten nuen. Zalantza egin nuen pilotu ikasketak edo jarduera fisikoaren eta kirolaren graduaren artean.
«Familiarekin Hondarribiko aireportura joan, eta hegazkinak ikustean, pilotu izan nahi nuela aitortu nien gurasoei»
Nolakoa izan da ibilbidea?
Lanbide hau normalean arbasoengandik jasotzen da, askok aita eta aitona izaten dituzte pilotuak etxean. Gurean, noski, ez zegoen horrelakorik. Nire garaian ez zen pilotu izateko ikasketa arautu edo ofizialik, eskola pribatuak ziren eta benetan garestiak. Duela hamabost urtetik hona badira ikasketa ofizialak, baina hala ere pribatutik egin behar duzu ibilbidearen zati bat. Ez da gradu normal baten parekoa, kurtso orokorra egin behar duzu jakintza orokorrak eskuratzeko, baina gero, hegazkin bakoitzak bere kurtso espezifikoa dauka. Kurtso horietako bakoitzak lauzpabost hilabete irauten du eta garestiak dira.
«Nire garaian ez zen pilotu izateko ikasketa arautu edo ofizialik, eskola pribatuak ziren eta benetan garestiak»
Nik Madrilen eta Ameriketako Estatu Batuetan ikasi nuen, American Flyers eskolan. Modu honetara, hegan egiteko lizentzia espainiarra eta estatubatuarra baliozkotuta dauzkat gaur egun.
Zer ikasgai izan zenituen?
Aire-zuzenbidea, medikuntza aeronautikoa, meteorologia, nabigazioa, irrati-nabigazioa eta hegazkinaren performancea ikasi nituen, besteak beste. Ikasketen arlo teorikoa Madrilen egin nuen, eta teoriko-praktikoa, AEBko Dallasen. Zeharkaldiak egiten genituen hegazkin txikian instruktore batekin, gure hegaldi orduak betetzeko. Honela, Dallasetik New Yorkera, edo Las Vegasera, Torontora, Denver-era joaten ginen. Primeran pasa nuen egia esan.
Guztira, ia lau urtetako ikasketa ibilbidea egin nuen, eta 1995eko maiatzaren 31n, nire first solo eguna izan zen, nire bakarkako lehen hegaldia, alegia. Lehen mailako ofiziala naiz, pilotua.
Ikasketa garaian simulagailurik erabili al duzu?
Bai ikasketa garaian, eta baita lanean ere. Hor jartzen ditugu emergentzia guztiak praktikan, sute bat, kea, despresurizazioa, akats mekanikoa edo elektrikoak, edo bidaiariekin gerta daitekeen edozein kasuistika. Oso garrantzitsuak dira simulagailuak gure lanean. Ikasketa prozesuan ere kontuan izan hegaldi orduak oso garestiak direla, eta simulagailuan beti ere merkeagoa izaten da.
Simulagailu batzuk hegazkinen erreplikak dira eta horiek izaten dira garestienak normala den moduan. Badira batzuk mugitzen direnak, besteak berriz, estatikoak.
Zein izan da zure lan ibilbidea?
Oñatira itzuli nintzen eta hemen inguruan lan aukerak aztertu nituen baina ez zegoen ezer handirik. Madrilera joan nintzen instruktore ikasketak egitera Aeromadrid izeneko eskola pribatuan, lanerako aukerak bazeudela ikusita. Eskolan bertan lanean hasi nintzen pilotu irakasle lanetan, zazpi urtez, 2007 arte. Ondoren, beste enpresa pribatu batean, Airnor, aritu nintzen hegazkin txiki batekin aero-taxi deitzen zaion jarduna egiten. Futbolari, aktore, oro har jende aberatsari garraio zerbitzua ematen genion. Enpresa berean, ONT edo Espainiako Transplanteen Erakundearentzat lan egin nuen ia zortzi urtez. Azken enpresa honetan izan nintzen komandante. Gaur egun, 2016an hasita, Volotea konpainian egiten dut lan, Bilboko egoitzan, eta nire postua kopilotuarena da Airbus A320 hegazkinetan. Hegazkin modelo honekin, bidaia motza eta ertainak egiten ditugu, transatlantikorik ez.
Zerk ezberdintzen ditu komandante eta kopilotua?
Pilotu edo komandantea eta kopilotu izateko ikasketak berdinak dira, aldatzen dena ordu kopurua da. Hegan egindako ordu kopuruaren arabera joaten zara mailaz igotzen. Adibidez, ordu gutxirekin, bostehun ordurekin izan zaitezke kopilotu. Adibidez, nik gaur egun, 10.000 ordu baino gehiago ditut. Baina nire postua kopilotua da. Baina, esan dudan bezala, ez da beti hala izan.
Hegaldian, erabakiak hartzen dituena komandantea da. Bere zeregina da, emergentzia baten aurrean, erabakiak hartzea, adibidez. Edo dokumentazio guztia sinatzea, bera da hegaldiaren arduradun gorena. Oso zurruna dirudien arren, errealitatean, erabakiak partekatzen ditugu guztion iritziak kontuan hartuz. Horretarako metodologiak ikasten ditugu. Komandantea ekipoaren buru da, eta tripulazioko kide bakoitzari bere balioa eman behar dio.
Begiratu batean ezberdintzea nahiko erraza da. Komandanteak jakaren eskumuturrean lau banda hori eramaten ditu, aldiz, kopilotuak hiru. Kabinan berriz, komandantea ezker aldean esertzen da, eta kopilotua eskuineko aldean. Baina, hegazkinaren kabinan guztia bikoitza da, esan nahi dut, mandoak bikoitzak dira, bi aldiz ditugu pilotu bakoitzarentzat. Normalean pilotu batek hegan —pilot flying— egiten du eta besteak monitorizatu —pilot monitoring— egiten dio guztia argibideak emanez, eta hurrengo hegaldian alderantziz.
Ingelesezko kontzeptu asko aipatzen dituzu.
Bai, gure lan-hizkuntza ingelesa da. Lanari dagokion guztia egiten dugu hala, gero kruzeron goazenean, hau da, eta hegaldian egoera lasaitzen denean, elkarrizketa normalak euskaraz eta gazteleraz izaten ditugu. Baina Bordelera banoa, adibidez, eta han Greziako pilotu batekin lan egitea egokitzen bazait, ingelesez egiten dugu.
Nola osatzen da hegaldiko tripulazioa?
Beti bi pilotu izaten dira, komandantea eta kopilotua. Eta cabin-crew edo bidaiarien-kabinako tripulatzaileei dagokionez, bidaiari kopuruaren arabera aldatzen da. Hau da, 50 bidaiariko langile bat joaten da. Orain pilotatzen dudan hegazkinak gehienez 180 bidaiari eraman ahal ditu, hortaz, lau kide joaten dira atzealdean. Guztira, sei pertsona izaten gara tripulazioan.
Zein da zure egitekoa hegaldian eta aurretik?
Bidaiarien ontziratze-ordua baino ordubete lehenago elkartzen gara tripulazioko kideak. Pilotuak alde batetik, eta kabinako tripulazioa bestetik. Azken hauek bidaiari kopurua errepasatzen dute, behar berezidunik ba ote den hegaldian, hegaldiaz oro har hitz egiten dute. Pilotuok, aurrekoaz gain, metereologia errepasatzen dugu, turbulentziarik izateko arriskurik badagoen, lurreratze eta aireratze aireportuen berezitasunak, ibilbide orriak aztertu, hegazkinean dena ondo dagoen, honela aurreikusten dugu gure hegaldia. Hau eginda, tripulazio osoa biltzen gara, eta nola gauden aztertzen dugu, hegan egiteko prest ote gauden. Baliteke kideak ez ezagutzea, konpainia saiatzen baita talde berdinak ez izaten, aurkezpenak egiten ditugu eta lanean hasten gara. Kideren bat gaizki sentitzen bada, edo ordu gehiegi pasa baditugu lanean, protokoloa aktibatzen dugu eta guardian dagoen beste kide bat etorrarazten dugu.
Barne protokolo asko ditugu, esaterako, bi pilotuen otordua ez da berdina izaten. Intoxikazio kasurik balego, biak ez gaixotzeko. Eta gaixotuko balitz eta komunera joan beharra izango balu, inoiz ez da geratuko pilotu bakarra kabinan. Ondo zehaztutako maniobra baten bidez, atzealdeko kide bat sartuko da kabinara. Filmetan bezala da [barrez].
Zer erakartzen zaitu gehien lanbide honetatik? Eta gutxien?
Hegan egitea zoragarria da. Ikusi ahal ditzakezun zeru-kolore eta paisaiak pentsaezinak dira, nireak bezalako bistak dituen bulego gutxi egongo dira. Bestalde, oso harro sentiarazten nau Espainiako Transplanteen Erakundearentzat lan egin izanak.
Lurrartzeak ere aipatuko nituzke, eta baita egunero ezberdina dela lana, nahiz eta mekanikoki beti berdina egin.
Askotan esaten dut neure burua definitzeko bi hitz ditudala: maleta eta kontrakorrontea. Honekin laburbiltzen dizut gaur egun gutxien gustatzen zaidana. Baina hasieran ezberdin bizi nuen, askatasun moduan agian. Hegaldietan bizi dugun estresa ere gutxien gustatzen zaidan gauzetako bat da: denbora gutxi izaten da bidaiariak sartu edo ateratzeko, eta guztia ondo joatea estresagarria da. Udan aireportuetan izaten den trafikoa ere oso estresagarria da.
Kontatu gehiago ONTko lanaz.
Guk Madrileko Torrejon de Ardozen genuen basea. Gauez egiten nuen lan, probintzia batetik bestera organoak eta mediku zirujauak eramaten, baina guardian telefonoarekin izaten ginen 24 orduz. Ospitaletako hegaldi hauek, lehentasuna dute beste edozein hegaldirekin alderatuta. Adibide moduan, abisu bat jasotzen genuen Malagan zegoen pertsona baten organoa Asturiasera eramateko. Guk, lehenbizi, hegazkina hutsik eramaten genuen Asturiasera, han jasotzen genituen medikuak, anestesista eta zirujauak. Handik, Malagako aireportura eramaten genuen mediku taldea. Han anbulantzia izaten zuten zain, pistan bertan, ospitalera joateko. Hainbat orduren ostean, mediku eta jaso beharreko organoarekin Asturiasera itzultzen ginen. Filmetan ikusten den bezala, organoa, kanpineko hozkailu baten modukoan eramaten zuten; hozkailu urdina, izotzez betea eta organoa poltsa batean. Mediku taldea ere, euren ohiko jantzi eta materialekin etortzen zen.
Hegaldiaren ondoren, jarraian, operatzen hasten ziren. Benetan miresten nuen hauen lana, idolo moduan ikusten nituen. Ebakuntza-gela batetik bestera joaten ziren zirujauak; heriotza batetik, bizitza berri batera. Inpaktu handia eragiten zidan hegaldi bakoitzak, oso kontziente baikinen egoeraz, familia baten tristuratik, beste familia baten itxaropen eta pozera joaten ginen. Kontuan izan gainera, batzuetan, hegazkin ugari elkartzen ginela ospitale berean, hil berri zenak edo haren senideek hainbat organo ematen zituztelako.
Gure lana azken hari muturra zen, gogoratu behar da, ONT-k Madrilen duen egoitza nagusian erizainek egiten dutela lan, guzti-guztia koordinatzeko. Beraiek dituzte organo emaile eta hartzaileen zerrendak, eta bateragarritasun guztia aztertzen dute. Zerbitzu duina da benetan, aitzindari eta eredu izan da.
Emakume gutxi hegazkinetako kabinan. Mundu mailako pilotuen % 3 soilik omen zarete emakumeak.
Bai, hala da, baina egia da azken bi edo hiru urtetan emakume pila sumatu ditudala ikasten, ze poza! Adibidez Bilbon, beste hiru neska etorri dira, orain arte bakarra nintzen! Bilbon, hogei pilotutik lau gara emakumeak, eta pozez zoratzen nago bizitza guztian bakarrik egon bainaiz. Etorkizun polita dator, aldaketa eman da dagoeneko.
«Bilbon 20 pilotutik 4 gara emakumeak. Etorkizun polita dator, aldaketa eman da dagoeneko»
Eta zer moduzko esperientzia?
Beno, nik egia esan, ez dut arazorik izan, ez ikasketa garaian ezta lan munduan ere. Nire ofizioan ez dut diskriminaziorik pairatu, ezta soldatari dagokionean ere. Gure hegaldi orduek prezio bat dute, berdin dio nor doan mandoetan. Zortea izan dut eta izaera gogorra ere bai agian. Lanbide honetan mentalki gogorra izan behar duzu, eta esfortzuarekin gauzak lortzen dira, izan emakume edo gizon.
Lanbidetik kanpora gehiago sumatu dut nolabaiteko diskriminazio edo gutxiespena. Ikasketa garaian esaterako, zer ari nintzen ikasten esandakoan, askok isiltasun deseroso baten ostean, azafata ote nintzen galdetzen zidaten.
Oso lan exijentea al da zurea kontrol mailari dagokionez?
Bai, oso. Sei hilez behin azterketak izaten ditugu, simulagailuetan emergentziak praktikatzeko, eta baita hegaldian bertan ikuskatzaile batekin ere. Azterketa teorikoa eta praktikoa izaten da, lana nola egiten dugun ikusteko. Nik, nire lana maite dut, baina hau nekagarria da oso. Muturreraino eramaten gaituzten egoerak planteatzen dizkigute, estres maila altukoak. Urtean zehar, hainbat kurtso egiten ditugu, prozedura eta protokolo berriak ikasteko, erabatekoa da kontrola eta ikasketa prozesua. Estresagarria da, baina ardura maila ere handia da.
Urtero egiten dizkigute mediku azterketak, baita buru osasunaren jarraipena ere. Aipatu beharrekoa da, hegaldi bakoitzaren aurretik 12 ordu igaro behar dituzula alkoholik edo bestelako sustantziarik kontsumitu gabe.
Larrialdiko lurrartzerik egitea egokitu al zaizu?
Emergentziaren bat izan dugu bai, baina ezer larririk ez. Bidaiari bati bihotzekoak eman eta lurrartu behar izan dugu. Normala da horrelakoak gertatzea hainbeste bidaiari doazenean, eta zorionez beti izaten da osasun arloko profesionalen bat bidaiarien artean. Ohikoagoa da eguraldiagatik egitea larrialdiko lurrartzeak.
Lurrartzea edo aireratzea nahiago duzu?
Bi maniobrak gustatzen zaizkit, baina bat aukeratu behar izanda, lurrartzea dudarik gabe. Bai, bai, eta gainera baldintza metereologiko txarretan [barrez]. Hor zure abilezia eta arreta guztia lanean jarri behar duzu. Baina ez maiztasunez egiteko, bi hilean behin edo horrelako bat zoragarria da.
Nolako aireportuak ditugu gure inguruan?
Hondarribiko aireportua teknikoki nahiko zaila da, motza baita. 1.754 metro luze ditu; 2.600 metro Bilbokoak, pentsa! Bilbokoa ere oso berezia orografia dela eta.
Nik une honetan pilotatzen dudan hegazkinarekin ezin dut Hondarribian lurrartu, hegazkinaren pisua dela eta, pista luzeagoa behar da. Eta ahal izanda ere, pista bustia badago, gerta liteke ezin lurrartzea, aldagai asko hartzen dira kontuan, konplikatu samarra da.
Begiztatze bitxirik izan al duzue?
Ba argiak bai. Gogoan dut duela bi urte Santorinitik bueltan, gauez, Italia parean kohete moduko argi zuriak ikusi genituela. Gerora jakin genuen, satelite batzuk bidali zituztela. Horrek bazuen azalpena. Baina beste batean, ONT-rentzako lanean ginela Coruñan (Galizia). Lurrartzeko zain ginela izar iheskor modukoak ikusi genituen, baina koloretakoak, hori arraroa izan zen eta ez genuen azalpenik entzun. Izar iheskorrak ikusten ohituta gaude.
Komandante postua lortzen saiatuko zara?
Iaz saiatu nintzen probak gainditzen Volotean, lehen fasea gainditu nuen baina kurtsoa bera egiten ari nintzela antsietate-krisi arin bat izan nuen eta utzi egin behar izan nuen. Aurten baliteke berriz saiatzea, baina, aitortzen dizut ez dudala oso argi. Azken finean, niretzat orain, komandante izateak praktikan esan nahiko luke lan-lekuz aldatu beharra. Bilboko egoitzan ez baitago komandante plazarik libre. Hortaz, baloratu behar dut. Eroso nago Bilbon, etxe ondoan.
Zer mezu emango zenioke hegazkineko pilotu izan nahi duen neska gazteari?
Beldurrik ez dezatela izan; posible dela lortzea, nik lortu nuen. Oso lanbide polita eta zirraragarria da, estres puntua duen arren. Benetan nahi badute, lortuko dute.