IKUSMIRA(N)

Le petit Paris

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2022ko eka. 3a, 07:57
1948. urtean errebote partida. MARTIN VICENTE

Pasa den hilean, Oria merkatari elkarteak bere sare sozialetan Le petit Paris esaeraren zergatia gogorarazi zuen. Aditzera emanez, iraganean, Villabonan zegoen pilotari kopurua eta hauen emigrazioa Ameriketara.

Behar Zana elkartearen 76. urtemuga izango da igande honetan; alabaina, 75. urtemugako ospakizunez betea dugu Villabonako agenda. Abagune egokia ez al da hau atzera begirako bat egiteko? Lehenik eta behin, argituko dut irakurgai honetan jasotako hainbat datu Pilotaren historia Billabonan eta Lumane: atzoko Amasa eta Villabona liburuetan, eta Amasa-Villabonako udal artxiboan arakatutako dokumentuetan oinarrituta daudela.

XIX. mende amaieran, eta XX. mendearen hasieran, izugarrizko sona lortu zuen errebote jokoak Villabonan. Hainbestekoa, non tamaina txikiko udal batek bere aurrekontua bikoiztuko zuen obra bat egiteko joko honen onuran. Kontuan hartzekoa da datu hau, dirutza izugarria baitzen plazaren berrikuntzara bideratutakoa, artean herriko estolderia eraikitzeko zegoenean.

Ez da ezkutuko gaia, Errebotearen garairik loriatsuenean diru asko mugitzen zutela pilotariek. Villabonako besamotza ospetsuak, Pedro Yarza Elizaran izen-abizenez, Hego Ameriketarako bidea hartu zuen joko garbiko profesional gisa, nonbait oso kontratu ona eskuratuta. 1888. urtean Villabonako besamotzak, herriko botikariak urte osoan jasoko zuen kopuru bera jaso zuen pilota partida bakarraren truke, 500 pezeta. Hau ez zen ordea, herritar arrunten errealitatea. Besamotzak, pilotari afizionatuen eskola sortu zuen Villabonan Ameriketatik itzulitakoan, aitzindari izan zelarik pilota munduan. 1861ean jaiotako billabonatar honek, istripu batean galdu zuen eskuin besoa; baina ondoren, errebotean eta joko-garbian profesional gisa jardun zuen urte luzez, pilota munduan mito bilakatuz.

Esan behar da, erreboteak, herri kohesioa eta talde sentimendua sortzen zituela, tradizioari jarraipena emateko ohorea, kultur ondasun ez material izateko ametsa. Dirua eta aldaketak ordea, beste modalitate batzuek ekarri zituzten. Aipagarria iruditu zait Anjelito Ugartek gai honen inguruan aitortutakoa: «Dirua zesta-puntarekin egin nuen, baina bihotza errebotean neukan». Anjelito Ugarte Brasilen jaio bazen ere, bere aita, Chiquito de Villabona, eta aitona billabonatar zesta-puntariak ziren. Euskal pilotari profesionalen erbestealdiko semea da Anjelito, garaiko pilota munduaren glamourraren adibide bizia. 2 urte zituela etorri zen lehen aldiz Villabonara Anjelito, eta geroztik, pilotari profesional gisa mundu guztian zehar ibili da 28 urtez, zesta-puntari bikaina izan zelarik. Oporraldian, beti Villabonara itzultzen saiatzen zen, herriko jaietan erreboteko partida jokatzera.

 

'Chiquito de Villabona' Sao Pauloko tabern abatean, 1919 urtean. ITURRIA: M. LARRAMENDI KULTUR BAZKUNA

Bi pilotari hauen artean, eta baita gerora ere, hamaika izan dira maila profesionalean aritu diren pilotari billabonatarrak. Dirua baino gehiago lortzen zuten, baita prestigioa ere. Ez baitzen nolanahi hartzen herrian pilotari bat: herriko musika banda, txistulariak, ardoa, otorduak Aranzabi jatetxe famatuan… Autoz bazetozen, herriko sarreran itxaroten zitzaien pilotariei; aldiz, trenean bazetozen, estazioan. Era batera edo bestera, musika banda eta afizioa lagun. Pilotariek, esker ona adierazteko ardo zahagi bat jartzen omen zuten herriko plazan herritarren batera gozatzeko.

XIX. mende amaieran Petit Paris edo Paris Txikito izenarekin ezaguna bihurtu zen udalerria. Asko izan ziren atzerrirako bidea hartu zuten billabonatar pilotariak, zesta punta modalitatean ehundik gora izan omen ziren. Brasilera joaten hasi ziren lehenik, eta ondoren Ameriketarako bidea hartu zuten, Florida edo Miamira esaterako. Datu bitxia da 30. hamarkadan, merkataritzaren susperraldi eta industria txikiaren sorreraren garaian, Villabonako emigrazioa immigrazioa baino handiagoa zela; tartean izango ziren, noski, pilotari profesionalak ere.

Villabonatik mundura, eta mundutik Villabonara. Joan-etorriko mugimendu honetan, askotarikoak izan ziren Villabonara iritsi ziren atzerriko jaki eta ondasunak. Edari hotzak, bermuta kasu, edateko ohitura garai hartan zabaldu omen zen herrian. Baita ordura arte ezagunak ez ziren jaki ezberdinak ere, esnegorri perretxikoak eta zapoa, besteak beste. Bestalde, esanguratsua omen zen garai hartan billabonatarren eskuetan zebiltzan munduko txanponak ere. Familia gehienetan zegoen seme edo senide pilotariren bat, eta hauek munduko leku ezberdinetatik txanponak ekartzen zituzten herrira. Janzkeran ere nabaritu omen zen pilotarien sehaskak onurak ekarri zituela. Zetazko alkandorak esaterako, ez omen zegoen Gipuzkoan beste herririk hainbeste ale zeudenik.

Dirua eta beharbada, glamourraz gain, izateko modu berezi bat ekarri zuen pilotaren profesionalizazioak Villabonara. Errebote jokoaren berezitasuna ere, ezinbestekoa da hau guztia ulertzeko. Nortasun berezi bat, identitate kultural bat eman zien erreboteak billabonatarrei, ezinbestean ezberdindua zena ingurukoenetatik, berez behar Billabonakoa!

 

HERRIKO PLAZA, ERREBOTEKOA

Beste hamaika herrietan bezala, udaletxearen aurrean dago Villabonan Plaza Nagusia. Etxebizitzez inguraturiko gune zabala, Villabonako erdigune fisikoaz gain, erdigune soziala ere izan da eta bada egun plaza. Espazio honek, Erreboteko plaza du izen ofiziala, 1990az geroztik. Garaiko alkateak, etorkizunean jokoa galtzen bazen ere, izenak hor jarraituko zuela adierazi zuen osoko bilkuran, toponimiaren garrantzia agerian utziz. Aurrez, ordea, espazio honek izan zituen beste izendapen batzuk, egun, historiaren lekuko direnak. Izen ofizialei erreparatuta, Afonso XIII izendatu zuten 1927an; Errepublika plaza ere izan zen 1931n; eta baita, Generalisimo Franco 1937an. Herritarrek, ordea, Plaza de España, herriko plaza, udaletxeko plaza edo soilik plaza gisa izendatu izan zuten urte luzez.

Espazio publiko baten erabilera nork eta nola erabakitzen du? Bada, erabaki politikoa dela defendatzen duenik, eta horrekin ados egonik ere, komunitatearen presio eta eskaerek bideratuko dute espazioen erabilera. Eskaera horiek arautuko ditu edo ez ondoren erabaki politikoak. Jarraian, espazio berean XIX. mende amaiera eta XX. mendearen hastapenetan jazotako gertaera batzuen berri emango dizuet, hain zuzen ere, bi jokoen arteko demarena. 

1880an Villabonako 57 pilotazaleek agiri bat sinatu eta bidali zuten Villabonako Udalera. Villabonako plaza, garai haietan txikia, motza, minimoa (45-50 metro) kontsideratua zen pilotari eta pilotazaleen artean; hala ere, errebotean jokatzen zen bertan. Aipatu agirian, plaza handitzeko proposamena luzatzen zitzaion udal gobernuari, pilota jokoa higiene eta moral aldetik onuragarri baitzen herriko gazteentzat, eta mantentzea komeni zela argudiatuz. Ganadu feriek zuten garrantzia ere aipatzen da agiri honetan. Izan ere, garai hartan ohikoak ziren azokak Villabonako plazan. Obra egiteko, sute ezberdinen bidez bi etxebizitza erreak izan zirela probestuz, desjabetze bidez terrenoa irabaztea proposatzen zuten. Denbora gutxi barru, 1881eko azaroaren 20an, Villabonako plaza berria estreinatu zen. Aurrez aipatutako desjabetzeak egikaritu eta, arestian aipatu bezala, dirutza izugarriak inbertituz obra honetarako; garaiko 15.275 pezeta, udal aurrekoan 7.929 pezetakoa zenean.

 

«1880an Villabonako 57 pilotazaleek agiri bat sinatu eta bidali zuten udalera [...] plaza handitzeko proposamenarekin»

 

6 urte beranduago, beste herritar talde batek, idi probak egiteko harlauza jartzea eskatzen dutela dakigu, 1895eko azaroaren 3ko udalbatzarreko aktan, udalak eskaera honi ezezkoa ematen dionean. Udalaren erabakiaren atzean, probaleku hau egitean sor zitezkeen kexak zeudela dirudi, hala agertzen da behintzat dokumentuan. 1902. urtean, ordea, harlauza jartzeko behar den materiala herritarrek jartzea onartzen da, eta hilabete gutxi batzuk beranduago, 1903ko martxoan, inauguratu zen Villabonako probalekua. Ziurtasun osoz ez badakigu ere, baliteke inaugurazio ekitaldi hartako argazkiak izatea honako hauek, 1903. urtekoak zirela esan baitzuen argazkiaren lagatzaileak. Harlauza, Erreboteko plazaren erdi-erdian kokatua zegoen, udaletxeko sarrera nagusiaren parean, eta 70. hamarkada arte mantendu zen bertan.

 

Villabonako harlauzaren inaugurazio ekitaldia, 1903. LAGATZAILEA: A. SORONDO

Bitxia da egoera. Espazio berdinean bi joko beren artean hain ezberdinak direnak jokatzea. Ezberdinak ez soilik jokoak bakarrik, bai kirola bera eta beharrezko lurzorua ere. Idi probek beharrezkoa zuten harlauza edo probalekua, guztiz kaltegarria zen errebote jokalarientzat, eta errebote jokoarentzat oro har. Kirolarien arrisku maila handiagotzen zuen, eta pilotaren botearen norabidea ere bai, dudarik gabe. Egoera hau bideratzeko, udalak egiten zuen moldaketa bitxia zen, probalekua hondarrez estaltzen zuen idi-proba apusturik ez zen garaian, honela errebotea eta gainontzeko ekintzak egiteko aukera izatean zelarik. Honela aipatzen zuen anekdota hori Miguel Lertxundi billabonatarrak: «Errebotean edo futbolean jokatu ahal izateko hondarrez estaltzen zen harrizko bidea. Apustuen aurretik, gantxo batzuen laguntzaz garbitzen zen berriro bidea. Izugarrizko lana zen. Udalak ordaindu egiten zuen lan hori egiteagatik».

Aitortu beharrean nago, Lertxundiren hitz hauek argitu zidatela denbora luzean izan nuen misterioa. Hamarkada horietako argazkiei begira jartzean, ez bainuen ulertzen nola zitekeen plaza berdinean harlauza agertzea eta desagertzea. 70 urtean zehar emango zuen zer esana hondarrez estali, eta hondarra kentzeak!

Aldagai askoren baitan egon daiteke idi proben galera Villabonako herrian. Egia bat baldin badago, ordea, zera da, mende bat atzera eginez gero, herriaren bihotzean —erdigune fisiko eta soziala— jokatzen zen kirolak desplazamendu bikoitza izan duela herri honetan; lehena, seguruenik errebote jokoaren eraginez, bigarrena, hiri-ordenamenduaren eraginpean.

Egun, ez dago ezbaian jartzerik, errebote jokoak Villabonarekin izan duen lotura historiko, sozial eta zergatik ez, emozionala ere. Errebote jokoa, babestua, indartua eta goraipatua izan da hamarkada luzeetan Villabonan; izan arduradun politikoengatik, izan herriko elkarte ezberdinengatik ere.

Izena eta izana duen espazio publikoa da egun Erreboteko plaza. Egoteko, igarotzeko, jolaserako eta jokorako aproposa den lekua da; harremanetarako, identitatea eraikitzeko eta denboran zehar eraikitako historia duen leku bilakatu da Erreboteko plaza.

 

Bibliografia: 

- Behar Zana Kirol Elkartea, eta Francisco Arratibel. 1998. Pilotaren historia Billabonan.

Donostia: Kutxa Fundazioa.

- Arotzena Gabirondo, Ainhoa. 2004. Lumane: atzoko Amasa eta Villabona.

Zizurkil: Manuel Larramendi Kultur Bazkuna. 

- Arotzena Gabirondo, Ainhoa, eta Eva Garcia Magriña. 2007. Amasa Villabonako erretratu zaharrak.

Zizurkil: Manuel Larramendi Kultur Bazkuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!