ERREPORTAJEA

Argibelgo txondorra

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2021ko abe. 11a, 07:57
Larraulen txondorra prestatzen. IÑAKI ALCALDE

Koldo Jauregik 2019ko maiatzean zuen Larraulen txondorra egiteko asmoa. Baina osasun larrialdi egoera medio, bertan behera utzi behar izan zuen. Denboraleak botatako haritza prest jarri zuen txondor lanetarako, eta geroztik, jasoa izan du ikatz bihurtzeko asmoz. Igaro dira bi urte egurra moztu zuenetik, eta errezeloz begiratzen dio zer ikatz mota egingo ote duen galdetuz. 

Txondor-plaza edo txondor-zuloa egiteko lekua ere duela bi urtetik aukeratua eta garbi mantendua du Jauregik. Leku laua eta berezia da aukeratutakoa, magiaz beterikoa. Haurtzaroko leku kuttunean egin du txondorra Jauregik, bere anaia Koldorekin batera. Emozio ugari pizten dizkie txondorra egin eta pizteak, eta are gehiago, Argibeleko lurretan izateak. Arbasoekiko omenaldi pertsonal gisa bizi dute Argibelen txondorra egitea, eta ulergarria da, euren aita eta aitonak lan honetan arituak baitziren. 

250 txondor-plaza inguru identifikatuak ditu Jauregik Alkiza eta Larraul inguruetan. Burdinolen inguruan daude gehienak, eta ez da kasualitatea, noski. Argibelgo baso honetan ez dute txondor-plazarik aurkitu gaurdaino.

Txondorra bera egiteak eta ondorengo zaintzak lana badute ere, esan liteke lanik gogorrena aurrez egin behar izaten dela, egur mozketa, orbela eta iduriaren prestaketa, eta hauek txondorra egingo den lekura gerturatzea, esaterako. Pazientziaz eta artez egin beharreko lana da txondorra, egurrak txukun ipini behar izaten dira, ahalik eta txoko gutxien utziaz egurretik egurrera. Egur-ikatza egurraren destilazioaren emaitza da; gradualki berotzean lortzen da, airearekin kontaktuan egon gabe. Txondor-plaza egiteko lekuak laua eta haizearen babesean dagoena izan behar du; izan ere, egurra ahalik eta berdinduen egostea komeni da. 

Egur zati lodienak txondorraren bihotzean kokatzen dira, eta kanpo aldera meheenak. Erdi-erdian, ez da egur zatirik jartzen, bertan kebidea edo su-etxea izaten da. Behin txondorra piztuta, egur zatiak edo betegarria, bertatik botako da. Meta itxurako egur-pila egindakoan, orbelaz estaliko da eta ondoren iduri izeneko lur beltzez. Iduria, aurrez egindako txondorraren hondakinetatik jasotako lurra da. Ez da lur berria izatea, hau gehiegi berotuko litzakeelako. Izan liteke, txondorrez txondor igarotzea iduria, urte batetik bestera. Argibelgo txondorrean jarri den iduriak zenbat urte izango dituen jakitea zaila da, beste txondor-plaza batekoa baita, eta mende erditik gora izango da han txondorrik piztu ez dela. 

Txondorrari gainean jartzen zaion tapakiari zotala deitzen zaio, hau, goroldiodun lur zatia izaten da, baina bada, metalezko txapa zatia ere jartzen dionik. Gutxi gorabehera bost tona egur izan ditzake Argibelgo txondorrak, batez ere haizeak botatako haritza du oinarrian, baina baditu baita ere, pagoa eta sahatsa. Hiru metroko diametroa izan du txondorrak, eta altueraz, bi metro eskas.

Karobia pizteko sua bedeinkatzen den arren, txondorrak ez du halako erritualik. Txondorgintzan aritu den orok esango dizu ikatza ondo egiteko sekretua zein den; egurra egosi egin behar da, ez erre. Hara hor, hainbeste lan ematen duen sekretua. Behin sua behetik gora igo eta kebidea gorritu denean hasten da gainontzekoa egosten. Une horretan goitik beherako konbustioa hasten da, oinarriraino iritsi arte. Txondorraren kanpo itxura eta kearen kolorearen arabera, ikazkinak badaki barneko egurra nola dagoen, eta ondorioz, zuloak irekiko dizkio. Txondorrari noiz zuloa ireki eta noiz itxi, hara hor sekretua.

Ikatza biltzeko eguraldi onaren zain geratu dira bi anaiak, Argibelgo txondorra hozten den bitartean. Berriz ere gordeko dute iduria, beste txondor baterako.

Argazkiak: ARRATE ITURBE, NORA URBIZU eta IÑAKI ALCALDE.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!