ERREPORTAJEA

Hernio, iraganeko «fabrika»

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2021ko abe. 11a, 07:56
Hernio magaleko txondorrak gaurdaino. KOLDO JAUREGI

Gipuzkoaren bihotzean, bi mila hektareatik gorako azaleran zabaltzen da Hernio mendilerroa. Tolosaldeko herrien erreferentziazko mendiak, kareharrizko erliebe karstiko eta malkartsua du; ez da egokia izan giza habitaterako, ezta nekazaritza eta abeltzaintza jardueretarako ere, alabaina, balio handiko paisaia multzoak ditu. 

Hernio mendilerroak esangura ugari izan ditzake gipuzkoarrontzat. Hernio, leku sakratua denik ezin uka, baina bakoitzaren sinesmenen araberako sakralizazioa izan ohi du mendilerroak. Espazio magikoa dela ere aitortu behar da; iraganeko gizakien eta hauen heriotza zein bizitza erritualen presentzia nabarmena baita bertan. Erraza da historian eta irudimenean milaka urte atzera egitea Itxuraingo tumulu eta Otagain edo Zaingo Ordekako trikuharrien aurrean jarrita.

2013az geroztik Kontserbazio Bereziko Eremu den Hernio-Gazume mendilerroari «fabrika» deitzea kontraesan galanta dela pentsa bagenezake ere, badira horren lekuko eta eragile zuzenak izan zirenak. Izan ere, Hernioko bidezidorretarik igaro ziren Done Jakue bideko erromesak, artzainak eta ganaduak, kontrabandistak, gerrillariak, eta baita, hamaika ikazkin ere. 

2018an Alkizan egin nituen hainbat elkarrizketa izan ditut entzungai egunotan. Besteen artean Gregorio Iruretagoienak (Alkiza, 1933) «hauxe zen gure fabrika!» zioen Alkizatik zut altxatzen den Hernio mendiari begira. Iruretagoienak «fabrika» izendapena, iraganeko baserritarrek etxerako diru iturria aurkitzen zuten modu gisa ulertuaz aipatzen zuen. Garai bateko bizimodua gogora ekartzeko izendapen fina, inondik inora.

Alkizako Periko Urruzola garai batean txondorra prestatzen. KOLDO JAUREGI

Hernio azpiko biztanleek nagusiki, baserria izan dute ogibide eta diru iturri XX. mende erdi arte. Honela, ganadua, ikazkintza eta basogintzak garrantzia berezia izan dute historian zehar ingurune honetan. Hernioko basoetan nagusiki pagadiak, gaztainondoak eta hariztiak izan badira ere, neurri txikiagoan baziren lizarrak, zumarrak, altzeak, urkiak, gorostiak etab. Baso hauek, idealizazio utopikotik urrun, paisaia antropiko baten errealitatea erakusten dute egun. Beste modu batera esanda, Hernioko paisaia, gizakiek eta animaliek egin duten erabileraren arabera aldatu da, baita basoko zuhaizti motak eta hauen formak ere. Ezinbestean aipatu beharrekoa da, ingurune honetan garrantzia berezia izan zuten zuhaitz-mugarratuen kasua, eta hauen forma berezia. Ezin ederragoa eta hein batean utopikoa da pago motzez osatutako basoan ibiltzea; natura basatian, kasik birjinean murgiltzearen emozioa biziz. Idealizaziotik urrun, ordea, baso eder hauek, esan bezala, gizakiaren eta garaiko industriaren ondorio dira. 

Gregorio  Iruretagoienak «fabrika» izendapena, iraganeko baserritarrek etxerako diru iturria aurkitzen zuten modu gisa ulertuaz aipatzen zuen

Jarduera industrialen erritmo bizia ez zetorren bat basoaren erritmoarekin. Hori zela eta, zuhaitzetatik lehengaia jasotzeko teknika bereziak erabiltzen ziren; zuhaitz-mugarraketa, kasu. Hau ez zen, Herniopeko baserritarren berezitasuna, noski. Zuhaitz-mugarraketa, Gipuzkoako basoetan aspaldidanik erabili den zuhaitz-mozte teknika da. Zuhaitza bere oinetik moztu beharrean, adar sendoenak moztea du xede teknika honek. Modu honetara, zuhaitzak bizirik irauten du, eta hamarkada batzuetan beste adar sendo bat izango du. Industria jarduerek, egur eskaintza gainditzen zutenean hasi ziren kultura-teknika hau erabiltzen. Hortaz, zuhaitzen mugarratze-teknikak bertako zuhaitzen bizi-iraupenean zuzeneko eragina izan zuen. Egun Hernioko basoetan ikusten ditugun pago motzak esaterako, kultura-teknika jakin honen ondorio dira, eta garrantzia berezia dute bertako habitatean. Alvaro Aragon biologoaren hitzetan, zuhaitz-mugarratuak modu honetara ikusi behar dira: «Benetako monumentu biologikoak, garai historiko berreskuraezin baten lekuko mutuak».

1889an Ignacio Ugarte y  Bereciarte margolariak eginiko ‘Lisatzaileak’ koadroa.  KOLDO JAUREGI

Egun galduta ditugu zuhaitz-mugarratze teknika, eta baita txondorgintza ere. Txondorra ikatza egiteko eratzen den egur meta da. Hernio inguruko herrietan bada kultur-ondare honen aztarnarik; izan txondor-plaza edo txondor-zuloak topatu direlako, izan ahozko transmisioan jaso delako teknika hau, eta baita, hainbat kultur elkarte eta norbanakok berau mantentzeko saiakerak egin dituztelako. Ondare kultural gisa ikusten duguna egun, ohikoa eta beharrezkoa izan zen iraganean. Hernioko lurretan hamazazpi txondor ketan aldi berean ezagutu zituen Iruretagoiena alkizarrak. Lanbide honen garrantzia agerian jartzen dute Iruretagoienaren hitzek. Lan nekeza eta arriskutsua da txondorgintza, gutxienez hamar egun igarotzen dira pizten denetik ikatza, eta ikazkina, etxeratu arte, baita gehiago ere kasu askotan. Joxe Aierbek (Alkiza, 1929) gogoan ditu basoan hilabete eta gehiago pasatako familiak bazirela, hainbat txondor aldi berean ketan jarrita. Familia osoaren eskulana behar izaten zen ikatza egiteko, aurrez prestatu beharreko egurrak, txondorra egitea, basoan igaro beharreko egunetan janaria prestatu eta eramatea… Gizonezkoen lantzat hartua bada ere, bada bestelakorik dioen emakumerik. Horren adibide da Bittori Goenaga (Alkiza, 1923-2018): «Hernion egona naiz ni aitarekin ikatza egiten, gauak han pasaz. Hortxe Hernio azpian».

Egun galduta ditugu zuhaitz-mugarratze teknika, eta baita txondorgintza ere. Txondorra ikatza egiteko eratzen den egur meta da.

Garaiko ekonomiaren mugiarazle garrantzitsuak izan ziren burdinola eta ontzigintza alorra, hori zela eta, basoetako egurra eta hortik sortutako ikatza ezinbestekoak ziren. Alkizan eta Larraulen baziren burdinolak, Egurrola eta Usarrabi, urrenez urren. Hauek desagerturik, ordea, Aia, Zizurkil, Villabona eta Amasako burdinoletara garraiatzen omen zuten ikatza. Hauetaz gain, baziren ikatza eta egur ezpaldua erosten zuten komertzio eta familia ugari inguruko herrietan, Tolosan eta Villabonan, esaterako. Hauxe da hain zuzen, Herniori «fabrika» deitzearen arrazoia. 

Alkizako Periko Urruzolak (Alkiza, 1925-2021) ondo gogoan zuen ikatza bederatzi-hamar kiloko zaku estu eta luzeetan jasota, baserriko emakumeek ematen zutela kalera. Lan horretan ibilia zen Maria Teresa Ugartemendia (Alkiza, 1934): «Egur-ikatza ekartzen genuen. Tolosan baziren ekonomikan aldamenean bi hornillo txiki izaten zituenak, eta han egiten zuen egur-ikatzarekin sua. Batzuk bagenituen behintzat beti hartzen zigutenak ikatza, dedikatzen zirenak etxe haietan arropa garbitzera. Plantxak berotzen zituzten ikatzarekin». 

Garai bateko lisatzaileen labea. K. JAUREGI

Ahalmen ekonomiko handia zuten etxeetara eramaten zuten ikatza, eta baita gremio ezberdinetara ere. Elkarrizketatuek gogoan dituzte, besteak beste, Tolosako Petra gozogilea edo konfitera, okinak, plantxadorak eta arropa garbitzaileak, errementariak eta baita Villabonako Ixkiñako perratzailea ere, zeinak Casto Arregiren (Alkiza, 1927-2020) hitzetan, «perrak trokelean egiten zituen». 

Hernioko pago motzetatik kaleko plantxadoren labetxoetara, hamaika kontakizunen ederreko zidorra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!