Argollen memoria

Erabiltzailearen aurpegia
Argolla Villabonako Kale Nagusian. N. URBIZU

XIX. eta XX. mendeetan lanbide garrantzitsua izan zen banatzaileena; baserriko produktuen banaketarena, alegia. Baserriko produktuak saldu edo trukatzeko lana, batez ere, emakumeen egitekoa zen. Testigantzek gogoratu dute nolako lana zen garai hartakoa.

Oharkabean aldamenetik igarotzen garen arren, ohikoa da, oraindik ere, gure herrietako kale etxeetako hormetan argollak ikustea. Argolla, uztaia, anilla, txinga edo zirgilo moduan ezagutzen den objektu honek iraganaren berri ematen du. Bere xumetasunean ondare kultural izenda genezake; gure hiri eta herri paisaian txertatua dagoen objektu historikoa baita. Astoak edo abereak lotzeko erabiltzen ziren argollek, aldaketa eta berrikuntza guztien alboan mantendu badira ere, arbasoen bizimoduekiko leihoa irekitzen dute. Izan ere, ondare sinboliko diren objektuok iragandako bizimodua gogora ekartzeko gaitasuna dute.

Asteasu XX. mende hasieran, astoa argollan loturik ikusten da. INDALECIO AJANGUREN

Julio Caro Barojak, Los vascos liburuan (1971) dio bizi espazio baten forma hertsiki loturik dagoela gizarte egitura eta egitura ekonomikoarekin. Hain zuzen ere, argollek ekonomia eta espazioaren arteko lotura agerian uzten dute, eta espazioari nortasuna eta iragan historikoa ezartzen dizkiote. Egun, erabilera produktiborik ez badute ere, iraganean nork daki zenbat baserritarrek erabili ote zituzten.

XIX. eta XX. mendeetan lanbide garrantzitsua izan zen banatzaileena; baserriko produktuen distribuzioaz arduratzen zenena, alegia. Lotura ekonomikoa egon edo ez, banaketa, ondasunen transferentzia zen; etxeko produktuekin egiten zen tratua. Zentzu honetan, baserriko produktuak saldu edo trukatzeko lana, batez ere, emakumeen egitekoa zen; etxeko lan gisa gehiago aitortzen zen arren, lanbide moduan baino. Eta gogorra zen zinez lanbidea; ardura maila handia eskatzen zuen, nekeza zen eta askotan arriskutsua ere bai. Saiatu arren, zaila da garaiko emakume baserritarrek izan zuten bizimodua irudikatzea. Sarritan, banatzaile lanetan aritzen ziren emakumeen askatasun maila goraipatu izan da, eta garairen batean hala izan zitekeen arren, jasotako testigantzek beste errealitate bat erakusten dute.

Emakumeak banaketan. MIGUEL AGUIRRE ARISTIGUIETA

Nekazari inguruneen antolaketa espazial sakabanatuak baserriko emakumeen bakardadean eragin zuen. Honela, etxekoez eta auzokoez gain, elkarrekin harremanetan jartzeko arazo handiak zituzten. Ondorioz, garrantzitsuak ziren komunitatea mugimenduan jartzen ziren uneak, hala nola, igandetako mezak, herriko jaiak eta dantzaldiak, ospakizun erlijiosoak, eta nola ez, merkatu edo feria egunak. Mugikortasuna zen garai historiko hartan, baserritarren ezaugarri nagusi eta nekezenetakoa. Iragan mendeko 70eko hamarkada arte, eguneroko ekintza hauek guztiak egiteko ohiko modua oinez ibiltzea zen, alabaina, hamarkada horretatik aurrera nekazari inguruneak aldaketa sakonak bizi izan zituen. Aldaketa hauek hainbat arlotan eman ziren arren, berrikuntza eta modernizazioarekin erabat loturik daude. Autoen eskuragarritasunak industrian lan egiteko aukera erraztu zuen, eta horrek distantziak gainditzeko aukera. Honek, ordu arteko beharrizanen mapa osoa eraldatu zuen erosketa eta salmentetatik hasita, harreman sozialetaraino.


Tranbia Villabonako Kale Berrian, 1912. INDALECIO OJANGUREN

Baserria: 'garaiko fabrika'

Baserria, lantegi eta bizileku zen aldi berean. Errealitate itxia izatetik urrun, baserriak aspaldidanik, agian betidanik, izan du erlazio ekonomikoa kaleko etxe, komertzio eta industriarekin. «Garaiko fabrika hori zen eta, dirua hartu behar! Gero gazte guztiak lanean hasi ziren», dio Ixabel alkizarrak (Alkiza, 1923), erlazio ekonomiko honen garrantzia agerian utziz. Familia handiak bizi ziren baserrietan, baina inor ez zegoen sobran. Aipatzekoa da ume eta gaztetxoen eskulana garrantzizkoa zela baserrietan. Honela azaltzen ditu Lizartzako Karmenek (Lizartza, 1945) esne banaketa kontuak: «11 urterekin hasi nintzen. Goizeko bostetan jaiki, ama jaikitzen zen aurrena, astoa igo ukuilutik, jarri asto saskiak, eta gero besteak, anaia eta ahizpak, behiak jezten eta hola, marmitak betez». Alkizako Teresak (Alkiza, 1934) ere, banaketa egunaren lehen orduak honela azaltzen ditu: «Ama joaten zen Donostiara, tratua, goizeko sei t'erdietarako tranbiara jaisten zan Irurara, zaldiarekin. Bi egunez behin edo. Gora zaldi gainean, eta behera zaldia kargatuta». Nerabezarorako tarte handirik gabe, etxerako eta etxekoentzako guztiz garrantzitsua zen lan baten arduradun ziren. Askotan, eguna argitu aurretik, kalerako bidea hartzen zuten astoa edo aberea lagun zutela: «Farola izaten genuen kandelarekin. Kristalezkoa, garai bateko farola. Eta haizearekin igual itzaltzen zitzaigun, orduan linternarik eta ez genuen. Farolarekin ilunpetan. Euritan igual, lokatza, puf...». Edurneren (Alkiza, 1932) gertaerari, Karmenenak (Lizartza, 1945) jarraitzen dio: «Aurreneko haizean itzali eta gero astoari isiputik helduta kaleraino».


Lizartzan esne banaketan, 1950-1960 hamarkada. ITURRIA: N. URBIZU.

Gure eskualdean ohikoak ziren baserritarrek merkaturako prestaturiko otzaretan esnea, gazta, arrautzak, kapoiak, oilaskoak, berdurak, gaztainak, sagarrak, babarrunak, intxaurrak, hurrak eta mizpirak izatea, besteak beste; Alkizako kasuan, esaterako, ikatza ere eramaten zuten. Emakumeak arduratzen ziren produktu hauek guztiak banatzeaz, eta hauekin sos batzuk ateratzeaz edo etxerako beste produktu batzuk eskuratzeaz. Honela oroitzen du Karmenek (Lizartza, 1945): «Potajeak, bueno babarrunak ez baino, lenteja adibidez. Arrozak, eta horiek denak. Azukreak zirela, gero Gorrotxategirenean horrelako lenguas de gato eta holakoak. Sardina zarrak, kutxaka. Txokolateak ere horrelako pila, horiek bai».


Alkizan banaketa lanetan. ITURRIA: ALKIZAKO ARGAZKI ZAHARREN BILDUMATIK JASOA

Garrantzia handiko lana zen honakoa, produktuak txukun eta mimoz ekoitzi eta biltzen ziren merkatura eramateko. Produktu hauek guztiak ekoizteak, ordea, ez zuen esan nahi baserritarren platereko ohiko jaki zirenik, ikusi bestela, zer dioen Teresak (Alkiza, 1934): «Etxean familia handia baino arrautzak asko jan gabe hazitakoak gara gu. Nik askotan esaten dut, oiloak orduan arrautza egiten zuela Zerkausia begira ipurdia zuela. Hara eramateko, dirua hartu behar zen zerbaitekin eta…».

Garaiko produktuek bazuten demanda Tolosako eta Donostiako merkatuetan, eta horiek gogoz biltzea eta saltzea aukera bikaina izaten zen beharrezko osagaiak erosteko. Honela jasotzen du Karmenek (Lizartza, 1945): «Larunbatero, gaztaina denboran, guk bagenekien zer egin behar genuen. Amak esango zigun `ba nik zortzi zaku behar dizkit´, ez? Ba guk hamar preparatuko genituen, beste bi jantzietarako. Horregatik, gaztaina denboran beti izaten zen, gehiago biltzen bagenuen, zerbait erosteko». Teresak (Alkiza, 1934) ere gogoan du perretxiko garaia: «Donostian merkatu errazagoa zen perretxikoak ziren garaian… perretxikoak guk biltzen genituen mendian. Hala behintzat, zapatila berriak edo alpargata berriak nahi badituzue, segi mendira!».

Tolosako Euskal Herria plaza. JOSE MARIA TURUDI ESNALEN 'ARGAZKIAK (TOLOSA)' LIBURUA

Zein merkatutara joan eta zenbateko maiztasunez joan, familia bakoitzak zuen salmenta estrategiaren arabera aldatzen zen. Ekoizten zituzten produktuek eta familia tamainak erabaki horretan baldintza garrantzitsuak ziren. Merkatura iristeko berriz, egin beharreko bideak ere hainbat aukera eskaintzen zituen; ez baitzen berdina astoarekin oinez, tranbian edo autobusez mugitzea. Paradoxikoa bada ere, astoa, aurrerabidearen eta merkatura irekitzearen ikurra izan zen iraganean; modernitatearen ikurra. Zer esanik ez Tolosa eta Donostia lotzen zituen tranbia, egun horren zantzurik geratzen ez bada ere.

Era berean, esangura berezia zuen baserriaren kokapenak ere. Honela, emakume hauek bakarrik edo taldean joan zitezkeen bidean. Gisa honetan gogoratzen ditu Anoetako Joxek (Anoeta, 1935) Alkizatik jaisten ziren emakumeak: «Gauza polita zen, hiru etxe baldin bazeuden, aurrena zetorrenak itxaroten zion besteei, eta hiruak batera ateratzen ziren. Elkarrekin hiru astoak tak-tak-tak, eta hiru emakumezkoak». Oroitzapen moduan polita bazen ere postal hura, gogorra zen norbere gorputzean bizitzeko; hala moduko bideetan, argiztapenik gabe, oinetako egokirik gabe eta eguraldiaren gorabeheren menpe. Hara hemen Karmenek (Lizartza, 1945) dioena: «Bidea… txarra. Oso txarra, aldapa. Eskerrak asto onak zien. Eta zuk pentsa ezazu, elurra dagoela, astoari eusten zoaz marmitak ez erortzeko, poliki, eta, bitartean elurzuloan sartzen duzu hanka, eta gero hanka ezin atera. Bota bertan gelditzen zen barrenean, gero eskuekin atera, eta bota barrenean dena elurra. Desastre». Eguraldiarena eta honen ondorioena, hainbat emakume banatzaileri oroimenean iltzatuta geratzen zaien kontua da. Hernialde inguruan Begoñak (Alkiza, 1947) horrela jasotzen du astoarekin bizitutakoa: «Izotz pixka bat edo astoa etzaten bazen, hura ez zen altxatzen txalmaren azpiko trapoa kendu arte. Eta asto guztia deskargatu, altxarazi, berriz jarri… ai horiek lanak!».

Donostiako Bretxa merkatuan, emakumea baserriko produktuak saltzen, liburua irakurtzen duen bitartean. 1945. VICENTE MARTIN, FORO CAR ESTUDIOA

Estraperlo eta astoen OTA garaiak

Gerraren ondoren eskasia urteak izan ziren elikagai eta beste hainbat produkturi zegokionez. Gobernu frankistak ezarri zuen politika ekonomiko autarkikoak, errazionamendu sistema ezarri zuen 13 urtez, 1939tik 1952ra, hain zuzen. Errazionamenduari aurre egiteko modu bat izan zen estraperloa, alabaina, horrek arrisku maila handian jartzen zuen banaketa lana. Izan ere, kontrol sistema zorrotzak ezarri ziren estraperloa zaintzeko, esaterako guardia zibilaren kontrolak. Alkizatik Donostiara banaketara joaten zen Edurnek (Alkiza, 1932) horrela oroitzen ditu estraperlo garaiak: «Ni gogoratzen naiz, Donostiako sarreran nola egoten ziren guardia zibilak, eta haiek etortzen ziren. Gure aitak han jartzen gintuen, estraperloko garaian, zaku handi bat, eta erdi-erdian patata. Estraperloa zen patata, ez zegoen saltzerik. Eta bueltan jartzen zigun aza, eta gero lotu». Une estuak baziren ere, umorerako beti egoten zen tartea Edurnek dioenez: «Donostiara iristen ginenenan, tranbian joaten ginen. Eta kobradorea txoferra izaten zen eta hark esaten zuen, bazekien nola eramaten genuen, 'jolin Alkizan aza pisutsuak hazten dituzue, eh!'. Eta guk barre egiten genuen eta listo. Haiek bazekiten».

Elkarrizketatutako hainbat emakumek gogoan dute guardia zibilari nolako beldurra zioten. Hemen Edurnek bere amaren pasadizo hau kontatzen du; banaketa lanetan ari zela, guardia zibilak atzetik jarraitu zuen emakumea eta honek, irtenbide gisa, bideko baserri batera sartu eta, atzetik zetozkiola esan ondoren, baserriko senide baten papera egin beharra izan zuela: «Amasa bidean jarraitu zuen guardia zibilak, eta han baserri batera sartu eta `horrela eta horrela dauzkat´, eta baserriko jantzia jantzi eta sega bat hartu eta `horrelako tokian ari dira gure baserrikoak eta zoaz hara´. Eta harea joan disimulatzeko eta horrela pasa izan zela esan izan zuen. Bai-bai, asko pasa zuen estraperlo garaian».


Merkatutik bueltan Hernialdera bidean. VICTOR CHAROLA

Kontrol sistemez gain, saltzera eramandako produktuengatik ere ordaintzen zuten baserritarrek. Honela dio Teresak (Alkiza, 1934): «Arbitroak ziren hemen Gorritiko honetan, kaseta bat zen, hor guarda egoten zen eta orduan ordaindu egin behar izaten zen. Ekartzen zenituen produktuagatik , adibidez, esnea baldin bazenuen bi marmita esne eta beste… Por bultos izaten zen. Tolosako sarrera guztietan ziren arbitroak, hala esaten genuen, eta hari ordaindu. Eta gainera plazan esnea saltzeagatik han ere kobratu egiten ziguten».

Baserritar askok produktua merkatuan, dendetan edo etxe partikularretan saltzen zuten, azken kasu honetan, baserri bakoitzak erosle jakinak izaten zituen. Honela, azpimarratu behar da baserrietako produktuak saltzeko modu bakarra ez zela merkatua izaten. Honela argitzen du Karmenek (Lizartza, 1945) bere amaren ibilera: «Amak askotan dendatan saltzeko eramaten zuen, orain Goikoetxea nola da, tipo horretako dendetara asko eramaten zuen baita ere». Gure eskualdean, Tolosako azoka zen garrantzitsuena, nahiz eta oso ohikoa izan Ordiziara edo Donostiarako bidea hartzea baserritarrek. Zenbait arrazoi izaten zituzten salmenta estrategia hauetarako; izan zitekeen produktuen garaiaren araberakoa edo salmenta handiagoa edo azkarragoa bilatzen zutelako, esaterako. Era berean, hainbat produkturen garaia zenean, astean hainbat aldiz joaten ziren salmenta puntuetara.

Garaiaren eta herriaren arabera, asko aldatu zen banaketa lana. Hasiera batean asto edo aberearekin egiten bazuten Tolosarainoko bidea, gerora tranbiaren edo autobusaren geltoki inguruetan uzten zituzten abereak. Anoetako Moxtoneko Isabelek (Alkiza, 1925) ere gogoan ditu baserritarren ibilerak: «Gu ume ginen garaian Alkizako jendea asko joaten zen Tolosara abere gainean eserita, gero ez, apeaderoarekin gelditu zen jendea, apeaderora sartzen ziren. Lehenago mando gainean eserita, alboka».


Emakumeak Donostiako Bretxako postuetan. KUTXA FOTOTEKA

Ibilgailua aparkatzeagatik ordaintzea ekintza berria dela dirudien arren, XIX. mende hasierako kontua dela dirudi. Honela oroitzen du Luisek (Anoeta, 1936) astoa aparkatzeagatik ordaindu beharrekoa: «Astoaren ota ordaintzen genuen Tolosan. Egiten genuen, astoarekin joaten ginen Plaza Berrira, esnea han uzten genuen eta han arbolak ziren Plaza Berrian, orain musika jotzen deneko hartan. Arbolak ziren eta haiei lotzen genien astoa eta han egoten zen. Gero zikindu egiten zuela, simaurra eta, astoak eramanarazten zizkiguten Plaza Justiziara. Han azoka plazako barandila bazen eta hari lotu, baina kobratzen ziguten bi erreal astoa han lotzeagatik. Eta askotan hura ez ordaintzeagatik pixkat bat begiratzen genuen han zebilen aguazila, eta ordaindu gabe…».

Merkatuak eta feriak, espazio banaketa baino gehiago

Oro har, merkatuetan produktu bakoitzaren araberako egun eta guneak ezberdintzen ziren, eta, era beran, ezberdin deitzen zitzaien salerosketa edo trukerako gune bakoitzari. Egun ere, antzeko fenomenoak ikus daitezke. Tolosako merkatuei erreparatuz gero, denboraren arabera aldatzen joan diren espazioak bereizi daitezke. Era berean, Tolosako merkatu guneetan ere, generoaren araberako espazioaren antolaketa argia antzematen zen. Zerkausia (edo Tinglatua), Plaza Berria eta Berdura Plaza ziren emakumeek baserriko produktuak saltzera eramaten zituzten guneak. Aldiz, gizonezkoek, ganadua saldu eta erosteko erabiltzen zutena, hau da, feria gunea, Plaza Justizia edo egun Euskal Herria plaza deitzen zaion espazioa zen. Beste modu batera esanda, ganadu handia (behiak, ardiak, idiak eta txerriak) gizonezkoen kontua zen, aldiz, barazki, fruta edo baserriko gainerako produktuak eta abere txikien (oilo eta untxiak), emakumeen kontua ziren.


Pepita Lasa amasarra esnearekin banaketa lanetan behorrarekin. ITURRIA: MANUEL LARRAMENDI KULTURA BAZKUNA

Gizonezkoen eta emakumezkoen merkatu guneak eta hauek betetzen zuten funtzio sozial zein ekonomikoa ezberdina zen. Honela, ukaezina da, emakume baserritarrek merkatuetan beren espazioa izan zutela, baina espazio hori, nolabait, lan eremu pribatu bati zegokion, alegia, etxeari. Emakumeentzat noizbait merkatura irteera askatasun kutsuko ekintza izan bazen ere, XX. mende erdialdetik aurrera aldatu zen bizipen hori. Honen adibide dira hainbat emakumek beren ama eta amonen banaketa lanekiko dituzten oroitzapenak. Honela dio Karmenek (Lizartza, 1945): «Ama gauza gutxien zuenean Tolosara joaten zen zerbait erosiz, aste guztiko buelta bat larunbat goizean Tolosan. Bere gosaria egin, bere izeba bisitatu. Bere familiakoei gauzak eraman, eta ez zirenei ere bai. Eta gero, asteroko konpra. Eta etortzen ziren ba, izebarenean bazkaltzen zuen, beno, bere izeba zuena eta autobusean, atalloarren, etxera». Edo Begoñak (Alkiza, 1947) kontatzen duen beste hau: «Nire amona, aman ama, hura bazen puska. Hura joaten zen azokara Villabonara, asteartetan astoarekin, eta larunbatetan autobusa hartuta, Villabonatik Tolosara. Noizbait joan, eta noizbait etorri. Astoa Villabonan utzi eta Tolosara joan, eta benetan esango dizut, hura goizean joan eta ilunbistan igual etxera, aizu. Baten batekin kontuak esan, bazkaldu… eta orduan esaten zuen, amona hori Asteasuko rektan, astoaren gainean jarri eta egunkaria irakurtzen etortzen zela. Lasai asko patxada ederrean, orduan bi kotxe pasako ziren Asteasuko rektan, pasatzen baldin baziren!».

Frankismoaren itzalak eragina izango zuen honetan ere, arlo publikora ateratzeko, emakumeek testuinguru eta funtzio jakin bati loturik egin behar baitzuten. Emakumeen bizitza eremu publikoa, gizonezkoena baino murritzagoa izan bazen ere, emakumeen funtzio publikoak berebiziko garrantzia zuen nekazari gizarteetan.

Ez zuen alperrik esan 1849an Louise de Otto-Petersek, garai guztietako historiak, eta gaur egungoak bereziki erakusten duela emakumeak ahaztuak izango direla, beren buruari buruz pentsatzea ahazten bazaie. Gure herriko kaleetako argolletan, lan nekez baten erdian astoa lotzen zuten gure amek, izebek, amonek; ez dezagun ahaztu haien lana.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!