ikusmiran(n)

Gutxien desiratzen den heriotza, desiratutako heriotza bera

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2019ko urr. 27a, 05:58
'Berria' egunakaritik jasotako infografia (2019.01.24)

40 segundoro norbere borondatezko heriotza bat jazotzen da munduan. Honela, urtean 800.000 pertsona inguru suizidatzen da.

Gurera ekarrita, Euskal Herrian, urtean, 300 norbanakok egiten dute bere buruaz beste; hots, gutxienez bi egunez behin suizidatzen da pertsona bat gure artean. Adituek zabaldutako datuek diotenez, suizidatuen kopurua trafiko-istripuetan hildakoen bikoitza da, kontuan izanik, gainera, erregistro-prozeduretan mugak daudela, eta, beraz, suizidioaren kuantifikazioan akatsak ager daitezkeela.

Edonola ere, datuok, izebergaren ageriko izotz-gaina besterik ez dira. Izan ere, suizidioaren inguruan agertzen ari diren datu eskandalagarriek, gure osasun mentalaren zaintzak pairatzen duen eskasia agerian uzten du. Suizidioaren datuek eritasun emozional kolektibo batez hitz egin beharrean jartzen gaituzte; horixe baita suizidioa egun, gizarte-arazoa. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) osasun publikoaren arloko arazoen artean lehenetsi du suizidioa, eta norabide berean, aurten, EAEko Osasun Sailak Euskadin suizidioa prebenitzeko kanpaina jarri du abian, 9 arlotan eragingo duten, 57 neurri ezberdinekin.

Suizidioaren historiaren ibilbidea askotarikoa izan da herrialde eta garai ezberdinen arabera; honela, hainbat modutara tratatua izan da erlijio-sinesmen eta gizarte- eta kultura-ingurunearen barruan. Suizidioa hilketa gisa hartu da, baita bekatu edo buru-gaixotasunarekin erlazionaturiko ekintza gisa ere. Ekintza honen inguruan barneratu dugun estigma edo desondra, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan. Bada, aitor dezagun behingoz, oraindik ere erlijioaren, justiziaren eta iraganeko giza jarreren hainbat ikuspuntuk eragina dutela guregan. Ikusi besterik ez dago, borondatezko heriotzak bere inguruan sortzen duen isiltasuna eta deserosotasuna. Suizidioaren aurrean beste aldera begiratzen da, errespetuzko edo mespretxuzko jarreraz, baina finean, bere buruaz beste egin nahi izan duenaren begirada eta bere familiartekoena saihestuz.

Isildutako drama da suizidioa gure gizartean. Kasu gehienetan, suizidioak sentimendu bizia, errukia eta arbuiatze sakona sortzen ditu; adorearekin zein koldarkeriarekin modu berdintsuan lerratzen dugularik. Ahopeko eskandalu gisa barneratuko dugu. Suizidioari buruz asko eztabaida genezake; baina ez dugu egiten. Eta egindakoan, ez al dira ideia nahasiak sortzen? Batetik, norbanakoaren askatasun gisa aitortzen duten ideiak datozkigu gogora. Bestetik, ezin daiteke ukatu, kontra-natura gisa ulertzen den ekintza honek sortzen duen sentimendua, eta, ondorioz, mespretxatzea.

Suizidioa ez da askatasun arazoa, sufrimendu arazoa baizik, eramanezina den minarena: bizitzari, heriotzari baino beldur handiagoa izatearena. Bere buruaz beste egitea erabaki duenak ez du heriotza bilatzen, edo ez hori bakarrik; batez ere, sufrimenduarekin amaitu nahi du. Suizidioak oinaze handi bati erantzuten dio, izan emozionala, burukoa edo fisikoa.

Suizidioaren inguruko informazioa bahitu egiten dugu. Isiltasunaren lege honek, ordea, ez du suizidio-datuetan eraginkortasun positiborik izan. Areago esan genezake, lege honen arabera, suizidioa are tabuago bihurtu eta mito ugariz jantzi da. Mito horien artean bada informazioak suizidio kopurua handitzen duela dioen ideia. Honela, Werther efektua da hipotesi hau babesten duena. Aitzitik, Papageno efektua ere aipatu behar da, zeinaren arabera, informazio zuzen eta arduratsuak suizidioaren prebentzioan eragina duen. Isiltasunaren estrategiek fruiturik eman ez duten honetan, gai korapilatsu honekiko dugun begirada aldatu beharrean gaude. Morborik gabeko kazetaritza-lan eta diziplina anitzetako ikerketak behar ditugu, ulertzeko, laguntzeko eta ahal balitz, saihesteko gutxien desiratzen den heriotza, desiratutako heriotza bera, alegia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!