Aniztasunaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Noelia Lataburu Ortiz 2018ko aza. 18a, 08:53

Lovestar; Marvelous; Precious; Ilyes; Mohamed; Success; Excel; Ayesha; ... Eta horrela, hogeita hiru izen zenbatu ditzaket. Ez dira atzerriko film bateko protagonistak. Ez. Nire lanean erabili beharreko izenak dira. Zeuen buruari galdetzen ariko zarete asko eta asko ea non egiten dudan lan.

Euskaltegiren batean? Atzerrian? Gizarte zerbitzuetan? Ez. Euskal Autonomia Erkidegoko Ikastetxe publikoen sareko irakaslea naiz, Gasteizko bihotzean dagoen eskola batean, hain zuzen ere. Eta hauek hiru urteko gelako nire ikasleak dira, guztiek ere Euskal Autonomia Erkidegoa ez den jatorria dute; guztiek.

Ados. Gasteiz ez da Abaltzisketa. Ez da arnasgunea. Baina salbuespena ote da nire ikastetxea? Ez. Iaz, zoriz –onez edo txarrez– Arabatik barrena aritu nintzen lanean. Hamaika ikastetxe ezagutu nuen eta askotan egoera antzekoa da. Horrez gain, Gasteizen lanean gabiltzan hainbat irakaslek partekatzen dugu kotxea egunero eta denok ere antzeko errealitatea bizi dugu, nork bere ikastetxean. Ederra, transmititzen diegun mezua, bai horixe: Etor zaitezte guregana, baina, faborez eta mesedez, ez zaitezte gurekin nahastu. Eta horrek ez digu, inondik inora, Gasteizko nahiz Euskal Herriko kaleetan ikus daitezkeen neska-mutikoen benetako argazkia islatzen.

Orain dela astebete eskas, Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen txostenak ere agerian utzi du ez dela salbuespena. Uriarte sailburuak portzentaje eta zenbaki dantza aurkeztu zuen komunikabideen aurrean. Esanguratsuena omen ikasle etorkinen %67a eskola publikoan matrikulatuta dagoela. Ez da ezer berria. Datuok berretsi baino ez dute egin urteetan sare publikoan lanean dabiltzanek badakitena: Gure hezkuntza-sisteman jatorriarekin eta klase sozialarekin lotutako eskolatze desoreka dagoela. Beste hitz batzuetan: Eskola segregazioa dagoela.

Eskola publikoko irakasleon betebeharra da, noski, arestian aipatutako mezu hori irauli eta ikasle hauek merezi duten kalitatezko hezkuntza jaso ahal izateko ahaleginak egitea. Jendarteak haientzat idatzita duen etorkizunaren lerro ilunak aldatu eta euren eskubidea den etorkizun duin bat eraikitzen laguntzea. Eta sekulako lana egiten ari gara egunero-egunero. Etengabeko erronkei egin behar izaten diegu aurre: erronka kulturalari, sozialari eta ahaztu ezin den erronka linguistikoari. Hori da gure lana. Eta bete egiten dugu.

Baina agintarien betebeharra da egoera honi irtenbidea ematea behin betiko. Nola? Aniztasuna kudeatzeko baliabide egokiak eskainiz eta legeak aldatuz. Eta gu guztion betebeharra izango da agintari horien erabakiak gainbegiratu, kritikatu eta errepika ez daitezen neurriak hartzea. Bien bitartean, segregaziorik gabeko hezkuntza anitzaren alde borrokan jarraitu beharko genuke, etxe barrutik zein kanpotik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!