Eta zertarako dieta? Norberarentzat egiten al dugu? Edo besteek eder ikus gaitzaten? Nor bere buruarekin ondo sentitzeko kiloek ez lukete oztopo izan beharko. Ispiluan begiratu eta islak erakusten duenarekin konformatu beharko genuke, harro, kontziente, pozik. Baina ez da erraza jendarteak ezarritako presioari aurre egitea, are gutxiago, islak ustezko emakume idealetik oso urrun zaudela dioenean. Uda hasi baino hilabete lehenago hasten zaizkigu emakumeoi komunikabideetako iragarkietan gure gorputza perfektua izateko erosi beharko genituzkeen kremak saltzen, zimurrak disimulatzeko tratamenduen berri ematen, edan eta jan beharrekoak aurkezten,... Eta guztia, noski, edertasunaren ikur gorena izan daitezkeen emakume lirainek erakutsita. Eta orduantxe sartzen zara zurrunbilo horretan: Buruak ezetz dio, gustura beharko zenukeela zarenarekin, baina konturatzerako zeure burua ikusten duzu zelulitisaren aurkako kremen apalategian begira...
Horrexegatik aitortzen dizuet, tarte batez arnasari eutsi eta berriro ere oxigenoa hartu ahal duzunean sentitzen den liberazioa dudala orain, liberazio lasaigarri bat, berriro ere arropa soinean jarri eta inperfekzio horiek estaltzeko aukera ematen duena. Borrokan jarraituko dut gorputz guztiak, harro, garen bezala biluzik azaltzeko dugun eskubidea ozen aldarrikatuz, hori bai, bufanda, txano eta berokiaren babespean.
Horixe da, bai, oro har, daukaguna: biluzteko beldurra. Ez guztiek, ordea. Arreta ematen didate, azkenaldian, sare sozialetan batere beldurrik gabe «biluzteko» beharra dutenek. Facebook, Twitter edo Instagramen bestalde dauden begiluze guztientzat euren sentimenduak, oporrak edota bizipenak publiko egiten dituzten horietaz ari naiz; pribatu beharko lukeena publiko egiten dutenei buruz; euren zoriontasuna lau haizetara zabaltzen tematzen direnei buruz; gertu dituztenei mezu birtualak bidaltzen dietenei buruz. Eta zer pentsatua ematen dit: ez al dute hauek, nik bezalaxe, biluzteko beldurrik? Izango da, ziur asko, arrazoiren bat bizitza publiko egiteko behar horren atzetik gustura entzungo nuke, baina nik oraindik ez dut topatu. Izan ere, bizitzari mugikorraren kameratik begiratzen hain kezkatuta egoteak ez al dakar zeure begiez begiratzen ahaztea? Ez dezagun ahaztu, azken batean, gure oroimena dela denborak ezabatzen ez duen argazki bildumarik onena. Eta horretarako begiak behar ditugula, ez selfieak.
Bada, honetaz guztiaz hausnartu ondoren, nik, behintzat, hartu dut erabakia: batetik, datorren urtean berriro biluzteko beldurrari aurre eginez, aurten (ere) ez dut dietarik egingo; eta, bestetik, begiak zorroztu eta uneoro oroimenak lanean jarrai dezan gozatzen saiatuko naiz.