Egin dezagun, adibidez, bederatzi urte atzera denboran: 2009. Ene! Mende erdia igaro dela dirudi ordutik hona... Zenbat bizipen! Hogeita zazpi urte baino ez nituen nik 2009an. Gazte(ago) nintzen artean. Proiektu berriak, jende berria bidean, gure etxeko bi altxorren etorrera,... Zenbaezinak lirateke lerro gutxitan urte hauetan zehar gertatutako guztiak. Pentsa! Lerro hauekin batera ikusten duzuen argazkiak berak ere bederatzi urte izango ditu bai, badakit, ia ez naiz hain gaztetxoa, aldatu beharrean nago....
Eta atzera egin dugun bezala, jo dezagun orain aurrera. Bederatzi urte aurrera: 2027. Ene! Urruti dagoela pentsa dezakezue batek baino gehiagok; milaka asmo egikaritzeko, ehunka amets betetzeko,... Baina hemen ere subjektibitatea presente dago. Izan ere, bederatzi urte eskas barru, era bortitzean, krudelkeria osoz, maltzurkeriaren maila gorenean aurrez prestatuta, Iruñean bizi guztia aurretik zuen neska bortxatu zuten bost gizonezkoak kalean izango dira Ez barkatu, gaizki ari naiz; zoritxarrez, askoz ere lehenago izango da, epaiak kontrakoa esaten ez duen bitartean. Eta hauek kalean diren bitartean, guardia zibilak tarteko, parranda gau batean, liskar bat izan zuten gazteek zuloan jarraituko dute Altsasuko gazteok, gazte izateari kartzelan utzi beharko diote.
Urruti ala gertu ikusten duzue orain 2027? Bost gizonezko horiek kitatuko al dute gizarte guztiarekin duten zorra bederatzi urte hauetan? Bederatzi urte hauek bueltatuko al diote sekula 2016ko Sanfermin haietan bizia izorratu zioten gazteari askatasuna? Bederatzi urte barru kaletik lasai ibiltzeko gai izango al da, atzera begiratu gabe? Aldiz, bermerik gabeko epaiketa baten ondoren, epaitu dituzten gazteek merezi duten etorkizunik izango al dute bederatzi urte barru? Nago galdera hauen erantzunek egoeraren krudeltasuna agerian baino ez dutela uzten. Krudela da, bai, bortxatzea liskar bat izatea baino merkeagoa den herrialde batean bizi behar izatea.
Eta horregatik, bederatzi urte barru ere sumina, haserrea, frustrazioa, amorrua, nazka,.. sentitzen jarraituko dugu. Horixe bera sentitu genuen justiziak emakumeoi bizkar ematen digula ezagutu genuenean. Orain dela hilabete pasatxo, sententzia makur, maltzur eta bidegabe horren aurrean kalera irten ginen ozen oihukatzera hori ez dela gure justizia. Emakumeok bortxaketa jasatea nahiko ez, eta bortxatuak izan garela demostratu beharrean gaude. Justiziak zalantzan jartzen du gure hitza, ez bortxatzaileena: Justiziak ez gaitu babesten. Justizia ez da justua: «Zergatik goaz bakarrik kaleetatik? Zergatik mozkortzen gara? Zergatik ez diogu tamainan eta kopuruan boskoitza den kuadrilla bati aurre egiten? Zergatik ez dugu oihurik egiten? Zergatik ez dugu geure burua defendatzen?» Baina ez ahaztu, aurre egiten saiatu izan diren askorentzat denbora subjektibo hau eten egiten da...
Sentimendu horiek guztiak berretsi baino ez genituen egin pasa den astean, Altsasuko gazteen kontrako epaiak ezagutu genituenean. Beste behin, justiziaren aurpegi ilunak gogor jo zuen Euskal Herria. Baina, denbora gorabehera, bada itxaropen printzarik oraindik gu guztiontzat. Dena ez dago behin betiko ebatzita. Denboraren norabidea aldatu daiteke oraindik. Gizarte oso baten erantzun bateratuak indarra eta boterea izango ahal du! Horixe gure desioa. Eta Bederatzi urte ez. Izan daitezela batzuentzat askoz gehiago eta beste batzuentzat egun bat bera ere gehiago ez. Justizia justua izan dadin. Eta horrela izan ezean, berriro kaleetan izango gaituzte.