Eta zuk, zer egingo duzu?

Erabiltzailearen aurpegia Noelia Lataburu Ortiz 2018ko api. 15a, 09:56

Orain dela urtebete ekin nion urte askotan nire etxea izan zen leiho honetatik zutabetxo hau idazteari. Segituan eman nuen baiezkoa, eskualdeko emakumeon ahotsa ordezkatzeko aukera baitugu bertan. Astero-astero esparru anitzetako emakumeok adierazteko duguna zabaltzeko plaza da honakoa.

Eta gogoratzen dut, bai, nire lehen zutabea Martxoaren 8ko ingurumarian idatzi nuela. Lehen urteurrena ere ez da desberdina izango, eta urteurren guztiak horrela izaten jarraitzea erabaki dut, egun honen beharrik ez dugun arte, behintzat.

Hilabete pasatxo da, bai, Martxoaren 8a ospatu genuela. Aurretik eta ondoren soka luzea ekarri duen greba deialdiak eraman zituen aurtengoan titular eta tertulia minutu guztiak. Euskal Herrian ere mundu mailako deialdi honekin bat egin genuen emakume askok eta askok. Ordu batzuez gure lanpostua, gure gain erortzen diren zaintza, garbiketa, antolaketa,... lanak utzi eskerrik asko, aitona, hori posible egiteagatik eta kalera irten ginen ozen oihukatzera eta irudikatzera gu gabe mundua geratu egiten dela. Historikoa izan zen. Eta geratu egin genuen mundua, eta gera genezake berriro ere. Argi dago oztopoz beteriko ibilbidea dela gurea, gizonezkoek gainditu behar ez dituzten traba ugari daudela gure bidean eta guztion esku dagoela traba horiek desagerraraztea behin betiko.

Baina ez ginen guztiak irten kalera. Emakume askok ez zuten bat egin mobilizazioekin. Askorentzat ez omen da borrokatzeko modu egokia. Erdia eta erdia izanda, nola eramango dugu, bada, borroka guk bakarrik? Gizonezko askoren leloa ere izan zen ea beraiek zertan parte har zezaketen egun horretan; deialdia emakumeontzat izanik, zer ekarpen egin ote zezaketen beraiek. Eta, argudio horri eutsiz, askok ez zuten beren ahaleginarekin lagundu greba honetan errealitatearen benetako irudikapena eman zedin. Ekarpena? Nahi adinakoa izan zitekeelakoan nago: Jai hartu eta mobilizazioekin bat egin; enpresako emakumeei soldatarik ez kendu greba egiteagatik; zaintza eta bestelako lanak bere gain hartu ordu horietan zure bikoteak, amak, arrebak, alabak, lagunak,... greba egin zezan; egun horretako soldata mugimendu feministari eman, ... Horra hor hamaika aukera.

Eta zuk, aita, seme, anaia edo lagun zarenak, zer egin zenuen Martxoaren 8an? Zer ekarpen egin zenion greba feministari? Zure ohiko egunerokotik, zer egin zenuen desberdin? Izango da galdera honi «jai egin nuen» edota «zaintza nire gain hartu nuen» erantzungo didanik. Baina, ingurukoei begiratuta, beste askok beren egunerokoari heldu zioten milimetro batean ezertxo ere aldatu gabe, beste edozein egunetan bezalaxe, alegia.

Eta horretan datza, hain zuzen ere, arazoak. Diskurtsoz, guztiok oso feministatzat dugula geure burua, baina egunerokoan kosta egiten dela pribilegioei uko egin eta lanean buru-belarri jartzea desberdintasunak desagerrarazteko. Bada, hori da guztion lana. Nork bere gain hartzea egin dezakeenaren ardura. Eta hau guztia esanda, badakigu, bai, zer egin zenuen M8ko greban. Orain, esaguzu: 2019koan, zer egingo duzu?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!