Titulurik gabeko epaileak

Erabiltzailearen aurpegia Noelia Lataburu Ortiz 2018ko urt. 21a, 19:56

Ia bost urte eta erdi daramatzat titiak kanpoan ditudala. Bai, horrela da. Titi-zorroen presiotik askatuta edukitzen ditut, ez egunean behin, ez bitan,... askoz ere gehiagotan. Pentsa, urteak 365 egun baldin baditu eta egunean 10 bat aldiz atera behar ditudala kontuan hartuta ezagutzen nauzuenok, badakizue askoz gehiago ere badirela 18.000 alditan baino gehiagotan egin dut titia kanporatzeko keinua azken urteotan. Kontxo! Ni neu ere harritu nau eragiketa matematikoak.

Baina, aizue, ez dezazuela pentsa exhibizionista naizenik. Ezezagunengana gerturatu eta gabardinaren azpitik bere gorputza erakustea atsegin duten horietakoa naizenik. Ez, ez. Nire umeei bularra eman eta ematen diet; besterik ez. Lehenbizi zaharrenari, 5 urtekoa, eta, gaur-gaurkoz, txikiari hiru urte bete zituen herenegun, txikiena izandakoa hau ere.

Baina, denbora honetan guztian, inoiz ez nuen sentitu begirada arrotzik, mespretxu keinurik edota harritu aurpegirik. Ni kontziente nintzela, behintzat, ez nuen sekula jaso bazterkeriarik. Aurrekoan izan nuen, ordea, era horretako lehen «esperientzia», Euskal Herritik urrun samar, hain zuzen ere.

Kafetegi batean geundela, umea altzoan eseri eta, naturaltasun osoz, kamiseta jaitsi eta titia hartzen hasi zen. Ondoko mahaian bi bikote heldu gure gurasoen adinekoak izango ziren zeuden elkarrekin eserita eta haietako bat, emakumea, aho bete hortz utzi genuen keinu horrekin. Ezin sinetsirik, ondoko emakumeari nik ondo entzuteko moduan Le está dando la teta esan zion, umeari substantzia pozoidunen bat ematen ariko banintzaio bezala. Biak ere biak begiak atera beharrean zeuden guri begira eta, azkenean, Kaixo keinu bat egin nien, lotsaraziko nituelakoan... Ez alferrik. Kafetegitik irten ginen arte, haien txutxu-mutxuen eta komentarioen ardatza izan ginen.

Haserre irten nintzen. Baina zer pentsatua ere eman zidan. Eta orduantxe jabetu nintzen, inguratzen gaituztenekin, epaile bihurtzeko joera handia dugula. Ondokoak egiten duena ondo ala gaizki dagoen ebazteko boterea hartzen dugu. Eta, a zer kasualitatea, egiten duena emakumea bada, epaia are zorrotzagoa da. Bai, horrela da. Emakumeoi egozten zaizkigun jarrerak, moduak, erak, izaera, fisikoa,... betetzen ez baditugu, edonork epaitu gaitzake. Edonork erabaki dezake zuzena ala okerra den egiten ari zaren hori eta, guk eskatu gabe, gure gorputzari, eginkizunari, ekintzei eta izaerari buruzko iritzi kritikoak jaso behar izaten ditugu etengabe. Begira bestela zer ari den gertatzen orain dela bi urteko sanferminetan ustez taldean bortxatu zuten gaztearekin. Epaiaren zain dagoen arren, jendartearen zati handi batek epaitu du dagoeneko. Bortxatua izatea nahiko ez, eta askorentzat ez du bere bizimoduari berrekiteko eskubiderik. Etxean behar luke; maindire azpian; lotsatuta; ezkutuan; gaizki egin duena bera balitz bezala. Askok ez dute sistema patriarkal honen alderdirik gordinena azaleratu nahi. Hobea da biktima errudun egitea. Saiakera maltzur hauen gainetik, ordea, «Nik sinesten diot». Eta nirekin batera, beste milaka eta milaka lagunek.

Baina, zoritxarrez, denok epaitzen diogu elkarri. Ni ere epaitu ninduten kafetegi hartan. Ez nintzen, ziur asko, kuadrillatxo horretan zeuden emakumeen begiko izan. Ez zuten denbora asko behar izan nire sententzia idazteko... Baina, hara! Arazoa ez dago ikusten dugunarengan, ikusten duenaren begietan baizik. Begirada oker hori duten guztiei, dagoeneko, gure artean ondo ezagunak diren betaurreko moreak jartzea gomendatuko nieke. Nago, behin haiek ipinita, epaile gutxiago dituen mundu justuago bat lortuko dugula.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!