Aurkezpenak, azalpenak, … guztia ondo atera zelakoan irten nintzen pozik ikasgelatik. Komunera joan eta… Hara, galtzetako kremailera jaitsita! Horrelaxe eman nuen nire lehen klasea, bi ordu eta erdiz aritu nintzen seriotasuna erakutsi nahian, nola eta kuleroak erdi bistan nituela. «Nola ez dit inork ezer esan?», galdetu nion neure buruari. Baina nola esango zioten ezezagun bati kremailera beheran duela?
Eta horrela da. Ezezagunen aurrean kosta egiten zaigu, maiz, ezagun bati erraz esango genizkiokeenak esatea. «Noe, igo kremailera», esango zidan amak, edo semeak, edota lagunak. Eta listo. Konfiantzak lortzen du hori. Baina, alderantzizkoa ere gertatzen delakoan nago. Hau da, ezagun direnei eta, are gehiago, berezi ditugunoi, kosta egiten zaigu askotan gauzak aitortzea; gauzak eskertzea. Azkarregi bizi gara emozioei tartea eskaintzeko. Baina emozio hauei hitzak jartzeko tartea hartzea ariketa gomendagarria izan daiteke.
Izan ere, pentsatzen jarrita, noiz esango ote genien azkenekoz aitari eta amari maite ditugula? Bada, horrela da. Nik maite ditut. Jaio nintzenetik nire euskarri izan dira eta, 35 udaberri eta hamaika nahigabe izan badira ere, sostengu izaten jarraitzen dute. Sostengu dira, halaber, egunerokoan gure ondoan ditugun pertsona berezi horiek, laguntza itsua eskaintzen dutenak, baldintzarik gabe eta bueltan ezer eskatu gabe, zure alde egiteko prest daudenak. Egunerokoan ez egonagatik, gure bizia markatu duten pertsonak ere badira. Beti hor egongo diren ziurtasuna duzun horiek, gertatutakoa gertatuta ere, sorbalda zure eskura jarriko dutenak. Horiek guztiak ere maite ditut.
Maite ditut, halaber, pertsona hobeak izaten laguntzen diguten baloreak. Elkartasuna, borondatea, aktibismoa, irizpide kritikoa, feminismoa, … Beharrezkoak dira egunerokoan iparra ez galtzeko eta argi izateko zer izan nahi dugun, zer lortu nahi dugun. Nire eskerrik onena guzti-guztioi. Naizena izaten lagundu didazuelako eta egunero laguntzen jarraitzen duzuelako.