Aldapan gora

Erabiltzailearen aurpegia Noelia Lataburu Ortiz 2017ko ira. 10a, 09:50

Gogoratu iraileko lehen zutabea zurea dela». Halaxe gogorarazi zidan lehengoan nire lagun Eneritzek. Seko ahaztuta nuen! Paper zuriaren aurrean jarri eta zeri heldu asmatu ezinik topatu dut neure burua. 

Izan dira, bada, uda honetan zutabe luzeak idazteko moduko gaiak: Turismo ereduaz luze eta zabal hitz egin da –txalogarriak, esaterako, Juan Karlos Izagirrek Alberto Suriori idatzitako erantzuna edota Ramon Agirrek Berria-n gaiari buruz idatzitako Pertzepzio subjektiboa iritzi artikulua–. Bartzelonako eta Cambrilsgo atentatuek ere –bertan harrapatu ninduen, gainera, azken horrek– soka luzea ekarri dute.

Baina, zer esango dizuet, opor osteko tristurarekin harrapatu nauzue, bada! Ezin buelta emanik nago lanera bueltari, berriro erlojuaren menpe egoteari... Bukatu dira terrazak, eguraldi ona, mendira txangoak, hondartza, igerilekuak, iratzargailurik gabe etxeko txikiekin batera esnatu ahal izatea,... Berriz ere errutinara bueltatu beharra. Aldapan gora eta behera dantzan ibili gara eta akordatzerako hemen dugu, bete-betean, irailekoa.

Gure aldapak, hala ere, gutxi irauten du. Malkartsuagoa eta, zoritxarrez, luzeagoa izango da beste askorentzat. Izar eta Sara Majarenasentzat, adibidez. Izan ere, Izar txikiak ezin izan dio ikasturteari ekin Intxaurrondoko ikastolan, hiru urteko ume euskaldun askok ez bezala.

Orain astebete, milaka lagunek horretarako duen eskubidea aldarrikatu genuen arren, ehunka kilometrora jarraitzen du, askatasunik gabe. Ama-alabak elkarrekin egotea lortu zuen gizarte mugimenduak; beraz, lanean jarraitu beharko du etxean egotea lortu arte. Izan ere, gobernuaren krudelkeriak mugarik ez duela dirudien arren, aske eta etxean beharko lukete.

Eta krudelkeriaz ari garela, ezin ahaztu oraindik kartzelan dauden Altsasuko gazteen aldapa. Hauena bai gogorra! Terrorismo delituak egotzita, GALeko zenbait epaituk baino denbora gehiago daramate dagoeneko kartzelan gazteok, baldintza gogorretan. Izan ere, ia urtebete igaro da Altsasuko taberna batean bi guardia zibilekin izaniko liskarragatik hamar gazte atxilotu zituztenetik. Horietako hiru espetxean daude ordutik, euren herrietatik 500 kilometro ingurura, epaiketaren zain. Hori gutxi ez eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 375 urteko espetxe zigor eskaera egin du gazteetako zortziren aurka. Ez hanka, ez buru! Gizarte mugimenduak  lortuko ahal du, oraingoan ere, justizia gazte hauentzat.

Maldatsua izango da, halaber, indarkeria matxista pairatzen duten milioika emakumerentzat; gerratik ihesi, haien herrialdeak utzi eta bidean trabak eta muga itxiak baino topatzen ez dituzten milioika errefuxiaturentzat; Katalunian prozesu demokratiko bat abiarazi nahi duten milioika independentistarentzat; euren eskubideen alde eta lanpostuen alde borroka egin beharko duten langileentzat –hezkuntzakoak, Navalekoak,...– ... Eta bat-batean lauago ikusi dut nire aldapa. Eta konturatu naiz tristura, orain, ez didala egunerokora bueltak eragiten, bidegabekeria hauek guztiek baizik. Ea lehenbailehen aldapa guztiak lauago bihurtzen diren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!