Ongi etorri, Ane

Erabiltzailearen aurpegia Noelia Lataburu Ortiz 2017ko mai. 28a, 09:56

Asmakizun bat proposatuko dizuet oraingoan. Baina ez egin tranparik, gero! Lehendabizi, irakurri; eta, azkenik, asmatzen saiatu: «Mikel ospitaleko erditze gela batean dago, bikotearekin batera. Luze doa erditzea. Urduritasuna eta nekea... Bikotearen baimenarekin, itxarongelara irten da Mikel kafetxo bat hartzera.

Kafe makinan dagoela, unibertsitateko lagun bat topatu du bertan:

- A ze sorpresa, aspaldiko!- esan dio lagunari.

- Mikel! Baina, nolatan zu hemen?- galdetu du lagunak, poztuta.

- Bikotea erditzen ari da eta kafetxo bat hartzera irten naiz, luze doa eta...

- A ze kasualitatea, gu ere halaxe gaude. Eta, berdin, luze doa eta arnas bila irten naiz. Lehenengo haurra dugu eta gogorra izaten ari da.

- Pentsa! Ez nekien bikotea zenuenik ere. Aspaldi elkarren berri izan gabe eta...- azaldu dio Mikelek.

- Bai, bizia askotan horrelakoa da. Nork bere bidea hartzen du. Aizu, eta ze izen jarriko diozue txikiari?

- Iraia. Betidanik asko gustatu zaigu izen hori -erantzun dio, harro, Mikelek- Eta zuek?

- Amarena- esan dit irribarrez.

- A, bai? Ane?

- Bai, bai.

- Izen polita da... - berriro, Mikelek-... Beno, atsedenaldia agortu zait. Banoa berriro barrura.

- Bai, zorte on! Ea beste egoera lasaiago batean egiten dugun topo.

- Hori da. Hurrena arte!».

Eta orain, asmakizuna: Nola jakin du Mikelek txikiaren izena? Tik-tak, tik-tak, tik-tak...

Hasi buruari eragiten.

Ez, ez. Mikelen lagunak ez darama bikotearen izena tatuatuta.

Ez, ez. Mikelek ez du bikotea aurretik ezagutzen. Lehen ere esan dugu hori.

Ez, ez. Mikelek ez du amen-omenka bota izena eta asmatu. Ondo asko zekien zein zen izena...

Erantzuna aukera horiek baino askoz ere errazagoa da. Mikelen laguna... Ane da. Neska da. Hara! Hortxe koska. Ez zen batere zaila, ezta? Baina, ziur, askok garunean ezarri diguten familia eredu heteropatriarkal hori irudikatu duzuela. Lagunak mutila behar zuen derrigor gure «logikan», aita behar zuen derrigor, txiki-txikitatik hala jaso dugulako, bai Hezkuntzatik urrutira joan gabe, aste honetan bertan semeak etxeko-lan bezala ekarri duen materialean, aita-ama binomioa mantentzen zen; baita jendartetik ere pasa berri den Amaren Eguneko iragarkiak ikusi besterik ez, emakumea, alboan aita bikote duen figura perfektua baita. Ama, aita eta seme-alabak. Horixe aukera bakarra.

Baina, lagunok, aniztasuna eta familia-eredu anitzak errealitate dira gaur egun, zorionez! Eskuin muturrekoen kanpaina merkeek ez dezagun ahaztu orain dela aste gutxi, mezu transfobikoak zabalduz, gure errepideak zeharkatu zituen autobus laranja hura nahiz alderdi kontserbadoreek aurkako mezuak helarazten dituzten arren; eta administrazioek ere traba ugari jartzen dituzten arren, ama bakarrak, bi aita edota bi ama dituzten familiak gero eta gehiago dira.

Haien alde doaz, bada, gaurkoan, nire lerroak. Eta hemen nire desira: Ea laster heltzen den itxarongelako lagun hori gure garunetan emakume zein gizonezko irudikatu ahal izango dugun eguna!

Eta asmatu duzuenoi, bejondeizuela! Ez zarete makalak. Pixkanaka-pixkanaka, pentsaera zabaltzen ari garen seinale.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!