Banekiena berretsi dut orduan. Gauzak oso gaizki egiten ari gara. Ikusezinak gara oraindik emakumeak zenbait esparrutan, ondorioz, ez dakigu. Hori da lau urteko ume batek jendartetik, hedabideetatik, jolasetatik, espazio publikoen erabileragatik, ipuinetatik, abestiengatik, mozorroetatik, etxeko martxatik,... jaso duen mezua. Hori da helarazi diogun mezua, aurkako saiakerak egin baditugu ere. Umeek, hitzak ez, umeek ingurua ikertu eta horixe barneratzen dutelako.
Eta bien bitartean, oraindik zenbait gizonezko kexu dira, egun batez, Donostiako kaleak emakumeok hartzen ditugulako, zertarako eta, bost kilometroz, korrika egiteko. Zertarako eta aldarrikatzeko kaleak gureak ere badirela. Zertarako eta, tarte horretan behintzat, zaintza guregan ez den beste norbaitengan egokitzeko. Zertarako eta behingoz, emakumezkoak izan gaitezen gizonezkoen eta jendartearen txaloak jasotzen ditugunak. Zertarako eta eskubide berdintasunaren alde borrokatzeko.
Honen harira, gizonezko lagun (gazte) batek esan zidan berari ez zitzaiola ondo iruditzen Lilatoiarena. «Beharrezkoa al da neskak bakarrik izatea?» Bera berdintasunaren alde dagoela eta borroka elkarrekin egin behar dugula. Hain justu, emakumeak esparru publikoa hartzen dugun egun bakar horretan egin behar dugu elkarrekin borroka. 364 egunez kontrakoa izateak, ordea, ez du asaldatzen nire laguna, ez du borrokarako beharrik ikusten telebistako kirol saio guztietan gizonezkoak baino azaltzen ez direnean. Edota ikastola atarian amak baino ez daudenean. Edota etxeko-lanen karga emakumeongan jausten denean. Edota lan berberaren truke soldata baxuagoa irabazten dugunean. Edota ehunka emakume bortxatu, eraso eta erailtzen dituenean indarkeria matxistak. A zer kasualitatea! Barneko borrokalaria martxoaren 8an esnatzen zaie askori, 9an berriro lokartzeko.
«Eta beharrezkoa al da neskak bakarrik izatea?» Bai, lagun berdinzale hori. Beharrezkoa da. Eta gure txikiek elefanteak ikusten jarraitzen duten bitartean, Donostiako kaleetan korrika irteten diren milaka emakume horiek animatzen behar zaitugu, gainera.