Baina, zenbaitetan, ezikusiarena egiten hasten naiz, bihotzaren taupaden doinuari iskin egiten, erabakia nire esku ez balego bezala jokatzen. Baina alferrik ari naiz. Eta badakit.ç
Bale, ados: ziklo baten amaieran nago. Orduan hasi da burua dena kaka nahasten, hasi dira zalantza eta beldur guztiak nire sosegua harrotzen. Hamaika galdera etorri zaizkit bata bestearen atzetik trumilka: eta nire erabakia okerra bada?, gerora damutuko al zait?, atzera bueltarik izango al du?, norbait kaltetuko al dut?... Gauza bakarra dakit ziurtasunez: ezin diet galderei erantzun aurrerapausorik eman gabe.
Eta, burua lasaitu nahian, Gabonek oparitutako geldialdian erabakia sostengatuko duten zutabeak eraikitzen hasi naiz. Egia esan, ez oso sendoak akaso, baina balekoak niretzat momentu honetan, neure buru urduriari nolabaiteko lasaitasuna ematen diotelako. Pentsatu dut 2025a oso zenbaki polita dela etapa bat ixteko, urtearen zifrak batuz gero 9 zenbakia ateratzen delako, amaiera adierazten duen zenbakia. Gainera, 2026arekin jolas bera eginez gero, 1 zenbakia lortzen da, zalantzarik gabe, hasiera berri bat. Arrazoibide erraz eta harrigarri horrekin lortu dut neure burua isilaraztea eta erabakiarekin konformatzea.
«Ba, bai, irakurle, ziklo baten bukaeran nagoela sentitu dut, eta erabaki dut hau izango dela aldizkari honetan idatziko dudan azken artikulua»
Zikloa ixteko, baina, zer deliberatu dudan jakinarazi behar dut, eta hori errespetuz, maitasunez eta esker onez egin nahiko nuke. Ea moduarekin asmatzen dudan. Ba, bai, irakurle, ziklo baten bukaeran nagoela sentitu dut, eta erabaki dut hau izango dela aldizkari honetan idatziko dudan azken artikulua. Ez da erraza izan buruak eragindako zalantzei entzungor egin eta bihotzak sortzen dituen bi hots horiei entzutea: taup-taup. Eta, taup-taup, sentitu dut badela ziklo bat ixteko momentua, badela une egokia lerroalde hauek osatzen duten tartea beste norbaiti uzteko.
2020ko urrian hasi nintzen aldizkari honetan idazten. Bost urtetan, bost zentzumenak findu eta zorroztu ditut 23 artikulu idazteko. COVIDa izan nuen hizpide lehenengo hartan. Orduz geroztik landu ditut zenbait gai: pandemia kudeatzeko modu hark larriagotu zituen bakardadea eta gazteen osasun mentala, heriotzaren merkantilizazioa eta dolua, oraindik ere gure gizartean nagusi den matxismoa, sare sozialen ondorioak, gehiegizko kontsumoa…
Zikloa ondo ixteko, eskerrak ematea baino ez zait falta. Lehenengo, Atariari, nire iritziak emateko leiho hau parez pare ireki didalako eta, ondoren, zuei, nire burutazioak irakurri dituzuelako eta zuetako zenbait, gainera, ausartu zaretelako kalean zuen iritziak nirekin partekatzen.
Ederra izan da, benetan! Eskerrik asko guztioi, bihotz bihotzez.