Norbaitek garbituko du

Erabiltzailearen aurpegia Nekane Artolazabal Royo 2025eko urriaren 25a

Tolosako kale garbitzaileak artxiboko irudi batean. TOLOSAKO UDALA

Ia eguneroko kontua da. Etxean sartu aurretik, supermerkatuan erosi du afaltzeko zerbait: dozena erdi arrautza, pare bat garagardo, saltxitxa batzuk, lau jogurt eta bi donuts. Azkar samar prestatu eta jan du guztia, telebistaren aurrean esertzeko gogoz baitago. Nekatuta etorri da lanetik, eta ez du sofan etzanda egoteko bestelako gogorik. Ez ditu ontzi asko zikindu, eta sortu duen zaborra supermerkatuko poltsan bertan sartzen zaio. Ez du sailkatuko. Zertarako?

Egin dezala beste norbaitek. Berak kontu garrantzitsuagoak ditu buruan. Hurrengo egunean, etxe ondoan dauden zakarrontzietako batean utziko du zabor poltsa. Ez du gogorik kontainer ontziak dauden lekuraino eramateko, nahiz eta etxetik lau minutu eskasera dituen. Norbaitek jasoko du berak alferkeriaz kalean botata utzitakoa. Tolosako Udalak 2022an abiatu zuen Izan lotsa sartu ondo poltsa izeneko kanpaina. Baten bat oraindik ez da jabetu, edo ez du jabetu nahi izan.

Asteroko kontua da. Asteburuetan parrandan ibiltzea gustatzen zaio, lagunekin, tabernaz taberna, kantuan, giro ederrean, eztarri lakartua goxatzeko edan eta edan. Halako batean, lagun taldeak erabaki du beste taberna batera joatea. Tragoa azkar hartu eta atera da haien atzetik: ez zuen atzean geratu nahi. Baina, ene! Tabernatik atera aurretik txiza egitea ahaztu zaio, eta ez da hurrengo tabernara iritsiko prakak gernuz zikindu gabe. Ez du inporta, kalea komun bihurtuko du, bertan egingo du txiza parrastada ederra, eta listo! Ikusi ditu kalean Hau ez da komun bat idatzia duten txartelak, baina ez die jaramonik egin. Goizean goiz ibiliko den auzokoari haren gernuaren usain nazkagarria sudur zuloetatik sartuko zaio. Baina hari, bost. Norbaitek garbituko du. 

Urteroko kontua da. Inauteriak. Sekulako festa giroa herrian. Alkoholaz lepo, tragoa hemen tragoa han. Taberna batetik besterako bidean irentsi du plastikozko edalontzian zeukan edaria. Ontzi beharrik ez du jada; izan ere, hurrengo tabernan beste bat emango diote. Beraz, lurrera bota, eta hor joan da hurrengo tragoaren bila. Hotz egiten du, baina ateri dago. Tabernak jendez gainezka daude. Plazan lagun kuadrilla aurkitu du. Haiek ez dute tabernaz taberna ibiltzeko nahikoa diru. Supermerkatuan erosi dituzte edariak, eta koska batean daude eserita. Lekuz mugitzea pentsatu dute, baina ez dakite zer egin edariak ekartzeko erabili duten supermerkatuko orgarekin. Hortxe bertan utziko dute. Norbaitek jasoko du. Norbaitek garbituko du utzi duten zikinkeria guztia.

Tolosako Udalak emandako datua da: 2024an, 52 tona zabor baino gehiago bildu zituzten inauterietan. Sailkatu gabeko zaborra zen, eta urtez urte modu kezkagarrian ari da handitzen festetan sortzen den zabor kantitatea.

«Merke ateratzen zaio gizalegearen kontra ari denari, eta garesti herritarrari, guztion artean ordaintzen baitugu batzuek zikintzen, lardaskatzen eta puskatzen dutena»

Merke ateratzen zaio gizalegearen kontra ari denari, eta garesti herritarrari, guztion artean ordaintzen baitugu batzuek zikintzen, lardaskatzen eta puskatzen dutena.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiet igande eta festen ondorengo egunsentietan herria guztiontzat garbi-garbi uzten duten langileei. Baina gogoratu: ez da garbia gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!