Mesede-katea

Erabiltzailearen aurpegia Nekane Artolazabal Royo 2025eko uztailaren 11

Gipuzkoako alkateak soka-dantza dantzatzen ari zirela, zintzilik zegoen pankarta Tolosako Euskal Herria plazan, iragan larunbatean. A.I.

Batzuetan kosta egiten zait erabakitzea zein izan litekeen zutabe honetako idazgaia: hain ugariak dira balizko gaiak! Ideia edo hitzen bat katigatzen zaidanean buruan, hortxe ibiltzen naiz etorritakoaren inguruko aukerak aztertzen. Mesede-katearen ideia nerabilen buruan irakurtzen ari zaren honetarako, baina ez neukan oso garbi horri buruz idatzi edo ez. Halakoetan, zentzumenak erne jartzen ditut ea zerbaitek nire arreta erakartzen duen, ea seinaleren bat jasotzen dudan aukeratu behar dudan gaia hori dela erabakitzeko.

Lehenengo zantzua pankarta erraldoi batek eman zidan. Guztien buru gainean zegoen, 1025 urteko Ipuscoatik 2025eko Gipuzkoarako ibilbidea ospatzeko Euskal Herri plazako ekitaldian: 1025 Nafarroa Gipuzkoaren ama. Iruña gure hiriburua. Bi esaldi horien erdian, Nafarroako armarria. Hondo gorriaren gainean, kateak. 

Ekitaldiak aurrera egin ahala, Et Incarnatus orkestrak eta abesbatzak kantatutako Izarren hautsak eman zidan bigarrena. Xabier Letek idatzi eta Mikel Laboak ospetsuago bihurtu zuen kantak, hain zuzen ere: Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai/ Hauts hartatikan uste gabean noizpait ginaden gu ernai/ Eta horrela bizitzen gera sortuz ta sortuz gure aukera/ Atsedenik hartu gabe: Lana eginaz goaz aurrera/ Kate horretan denok batera gogorki loturik gaude… Katea, berriz ere.

Harrigarria izan arren, hirugarren seinale bat ere jaso nuen. Zoritxarrez, lagun baten zauriek eman zidaten aditzera. Zita egina genuen ekitaldira elkarrekin joateko, baina egun hartan atzeratu egin zen. Medikuarenetik zetorren. Eraso egin zion etxeko zakurrak: katigatuta geratu zen burdinazko atean, eta, hura askatu nahian, kosk egin zion ezpain eta eskumuturrean. Zakurraren oinaze-txilioak eta lagunaren oihuak ez ziren nahikoak izan auzokoak etxetik laguntzera aterarazteko. Zakurrak eragindako zauriek baino areago mindu zuten ingurukoen laguntza ezak.

Guztiok bizi gara gure zilborrari begira, gure katebegiari, ondokoarenari lotuta gaudela konturatu gabe, gure ekintzek auzokoari eragiten diotela pentsatu gabe. Lehengo gauean, auzoko batzuei bururatu zitzaien lagunak etxeko terrazara gonbidatzea. Aitortu behar dut sekulako gaugiroa zegoela. Arazoa zen goizaldeko 04:00ak aldera esnatu nindutela, musikaren eta elkarrizketen dezibelioek topera zituztela. Haien festak galarazi zuen nire eta auzoko guztien loa.

«Nik ez dakit zerk lagunduko ligukeen gure katebegiaren zulo estu eta ilunetik ingurukoen argitara begira jartzen»

Nik ez dakit zerk lagunduko ligukeen gure katebegiaren zulo estu eta ilunetik ingurukoen argitara begira jartzen. Baina, lehengo batean, lagunartean geundela atera zen Mesede-katea edo Cadena de favores filmaren aipamenak eman zidan ideia. Izan ere, filmean, 12 urteko ikasle batek proposamen bat egiten du Gizarte Zientzietako lan baterako: mundua hobetzeko, mesede-katea. Pertsona bakoitzak mesede bat egin behar die hiru pertsonari, eta haiek, era berean, beste hiruri, eta, horrela joan ziren zabaltzen mesedeak hirian zehar. Faboreak ez dira ezeren truke egiten, ausaz eta laguntzeko borondatearekin baizik. 

Egingo al dugu guk mesede-katea gaur bertan hasita? Katebegiz katebegi, gure inguruko katean behintzat eragingo genuke hobera, kate horretan denok batera gogorki loturik baikaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!