Zuloaga Txikiko aterpetxean zeuden babes hartuta, eta egunero joaten zen oinez ikastetxera. Irakasle bat jabetu zen eguneroko joan-etorrian egin beharreko ibilbide luzeaz, eta, Pabloren bizipen gogorrak pixkatxo bat leundu nahian, ikaskide eta irakasleen artean galdetu zuen ea izango zuen norbaitek etxean soberako bizikletarik hari uzteko. Mikel izeneko ikasle batek ekarri zion hurrengo egunean aitak erabiltzen ez zuen bizikleta zaharra; handiegia zen, ordea, Pablorentzat. Hari eta honi galdezka, Gurpilgunearen berri izan zuen irakasle prestuak.
Interneten informazioa irakurrita jakin zuen Zumardia izeneko elkarte baten egitasmoetako bat zela Gurpilgunea. Proiektu interesgarri bezain beharrezkoa iruditu zitzaion elkartea bera; izan ere, naturaren ezagutza eta errespetuarekin batera, giza balioak, parekidetasuna eta elkarlana lantzen zituen; filosofia hori ardatz sortu omen zen, besteak beste, Gurpilgunea, elkartasuna eta mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Astirik galdu gabe, Tolosako Zumardi Handira abiatu zen. Bertan, autobidearen azpian, kristalezko edukiontzi bat ikusi zuen. Zuhaixkak balira bezala haziak zitzaizkion neurri guztietako bizikleta zaharrak inguruan. Eraikin txikiaren barruan, bi lagun ari ziren giro ederrean jo eta ke lanean. Ipuin bateko iratxo langileen irudia etorri zitzaion burura. Eskuekin egiten zuten magiari esker, erreka bazterretan edo zabortegietan hilzorian zeuden bizikletak biziberritzen ari ziren. Donazioan jasotako bizikletak ere onartzen zituztela esan zioten, eta behar ekonomikoak dituzten pertsonentzat atontzen zituztela, Pablo bezalakoentzat esaterako, Zehar-Errefuxiatuekin eta Zutani elkarteekin harremanetan baitzeuden.
«Donazioan jasotako bizikletak ere onartzen zituztela esan zioten, eta behar ekonomikoak dituzten pertsonentzat atontzen zituztela, Pablo bezalakoentzat esaterako, Zehar-Errefuxiatuekin eta Zutani elkarteekin harremanetan baitzeuden»
Baina egitasmo irekia denez Gurpilgunea, bazkide egitea erabaki zuen irakasleak. Urtean 15 euroren truke, eskura izan zitzakeen lagun batek ganbaran hauts artean ahaztua zuen bizikleta zaharra konpontzeko beharrezko erreminta guztiak, baita bertan lanean ari direnen jakinduria eta eskarmentua ere. Herrian zehar lau gurpilen gainean ibili ordez, biren gainean mugituko zen batetik bestera. Horrela ez zuen autorik beharko lanera joateko, ezta erosketak egitera joateko ere.
Orduz geroztik, bere bizikletak konponketaren bat behar duenean, badaki nora jo, eta berrerabilitako piezekin konpondu ditu matxura bat baino gehiago; nola egin ez dakienean, hortxe ditu laguntzeko prest Gurpilguneko lagunak. Eskolara ere deitu ditu ikasleei mekanika ikastaroak ematera joateko, eta gustura hartu dituzte, mugikortasun jasangarriaren eta berrerabilpenaren garrantziaz jabetzen baitira gazteak.
Lehengo batean Pablo bera ikusi nuen kalean. Pozik zihoan: lagun berriak egin ditu ikasgelan, eta elkarrekin zihoazen eskolara bizikletan. Guztien artean Pablorena zen bizikletarik bereziena: iratxo batzuek biziberritu zuten, eta bazuen halako dirdira berezia, elkartasunarena, Pabloren begi ilun jostalarietan islatua.