Aste batzuen buruan, flasko bateko ura garden eta aratz ageri zen; bestearen hondoan, ordea, lizuna, eta nabar antzean ura. Prozesuaren lekuko zuzena izan nintzen, eta nire begiekin ikusi izan ez banu, ez nukeen sinetsiko. Garbi atera genuen ondorioa: hitzek botere handia dute, eta izugarri eragiten digute.
Harategian gertatu zitzaidan. Edadeko emakume bat zeharo asaldatuta eta ernegatuta ari zen hizketan, solomo xerrak eta oilasko izterrak eskatu bitartean. Antza, Amezketatik Tolosarako bidean txirrindulari pelotoi erraldoiak omen zebiltzan errepidean, eta nazka-nazka eginda zegoen; izan ere, haien erruagatik iritsi omen zen egun hartan uste baino beranduago erosketak egitera. Amorratuta, ziklista guztien aurka hasi zen biraoka, eta sekulakoak eta bi entzun genituen han geunden guztiok. Emakume hark ez zuen jakingo bere herrian bertan galdu nuela gehien maite nuen pertsonetako bat: bizikletan zihoan, bakarrik; auto gidari batek ez zuen ikusi.
Malkotu egin zitzaizkidan begiak, zurrundu masailezurra, kosk egin nion mingainari, estu-estu urdaila; gorputzaldi txarra jarri zitzaidan haren hitzak entzunda, eta kostata eman nion buelta egonezinari. Zerbait esan edo ez egon nintzen, baina, azkenean, osasunagatik isilik egotea erabaki nuen. Ez dakit harakinak nire bizipenen berri bazuen edo ez, baina ez zitzaion oharkabean pasa parean zuen bezeroaren aurpegi itxuragabetua.
«2025ean, saiatuko naiz ahobizi baino belarri prest izaten, besteak gehiago entzuten eta gutxiago hitz egiten, eskatu gabeko iritzirik ez ematen»
Egutegiz aldatzen dugun honetan hartu dut erabakia. Garaitsu honetan, ohikoa da urte berriari asmo berriak atxikitzea. Batzuek kirola egiten hastea erabakitzen dute, beste batzuek argaltzea, erretzeari uztea deliberatzen duenik ere bada. Nik hitzak neurtzen ikastea erabaki dut, pentsatzen dudan guztia esan ordez esan aurretik pentsatzea, Sokratesen hiru filtroetatik pasatzea nire hitz jarioa ezpainetatik itzulerarik gabe irristatzen utzi aurretik; hau da, ziur al dakit egia dela esan behar dudan hori?, atsegina al da?, zerbaiterako balio al du? Hiru iragazkietako bat pasatzen ez badu, hobe isilik egon.
2025ean, saiatuko naiz ahobizi baino belarri prest izaten, besteak gehiago entzuten eta gutxiago hitz egiten, eskatu gabeko iritzirik ez ematen. Mundua bizitzeko leku atseginagoa eta sosegatuagoa izango delakoan nago, enpatikoagoa. Ez da erraza izango, oso ohituta baikaude juzgatzen eta jakin gabe hitz egiten. Asmo horrek, halabeharrez, barkamena eskatzera narama: barka nazala orain arte esandako guztiak norbaiti kalterik egin badio.