Eonian

Bereziak izan dira aurtengo oporrak: egin ohi nuenaren kontrara, ez naiz kanpora atera. Herrian eman ditut egun gehienak, eta gutxi batzuk lagun batek Euskal Herriko kostaldean duen etxola batean.

Zoragarria da tokia. Errepidetik nahiko urrun, ez da ez auto ez kamiorik entzuten bertan. Zuhaitz ederrez inguratuta dago, eta, oin biluzien gozagarri, belar goxo batek estaltzen du etxolaren ingurua. Itsasadarra igarotzen da ondo-ondotik, eta badu txalupa txikia lotzeko metalezko nasa txikia. «Paradisuaren ataria» zela zioen lagunaren aitak, eta ez zitzaion arrazoirik falta.

Ez dugu ezer espezialik egin bertan: lagunartean egon, hitz egin, jan, lo, eztabaidatu… Hitz-aspertu horietako batean atera zen hizpidera guztiz ezezaguna zitzaidan kontzeptu bat, Dragoi Bola marrazki bizidunetako pertsonaia baten izena izan zitekeen akronimoa: FOMO sindromea —Fears of missing out—, alegia, bizipenak eta gertatzen ari dena galtzeko beldurra. Orain 20 urte jarri zion izena Patrick McGinnis iparramerikarrak, eta badirudi azkenaldian puri-purian dagoen kontua dela, batez ere gazteen artean.

Gizakiak beti izan du besteen bizitzak norberaren bizitzarekin alderatzeko joera eroa, eta horrek eraman du pentsatzera hamalau direla urrutiko intxaurrak. Sare sozialak ugaritzearekin bat, gora egin omen du FOMOak; izan ere, nagusitu egin da gure bizitzako pasarteak —batez ere zoriontsuak— sarera igotzeko beharra: zeinen toki ederrean gauden, zer kontzertu jendetsuan izan garen edo zer jatetxe dotorean bazkaldu dugun… Besteak zeinen ondo dabiltzan ikusteak sekulako ezinegona sortzen digu, gure bizitzak huts eta aspergarriak direla sentitzeraino. Horrela, informazioak gainezka egiten digun honetan, ito beharrean gabiltza ahalik eta bizipen kitzikagarri gehienetan parte hartu, eta sareetara argazki nahiz bideoak igotzeko.

Sindromeak, zorionez, badu antidotoa. Danimarkatik etorri da, Svend Brikmann psikologoaren eskutik, eta JOMO —Joy of missing out— izenez bataiatu du, alegia, bizipenak eta gertatzen ari dena galtzeko poza. Aditu horren arabera, FOMO horri aurre egiteko modua da gertatzen diren ekitaldi edo gertaerei muzin egin, eta, ezer berezirik egin gabe gozatua hartzea. Gurean, eonian deitu izan diogu betidanik horri.

 

«Jakin gabe, uda honetan gure egin dugu psikologiaren azken joera, eta FOMOaren aurkako JOMOan edo 'eonian' eman ditugu orduak eta orduak»

 

Jakin gabe, uda honetan gure egin dugu psikologiaren azken joera, eta FOMOaren aurkako JOMOan edo eonian eman ditugu orduak eta orduak, eguzkitan, itzalean, lainopean eta euripean, etxolaren ate aurreko kulunkaulki zahar batean eserita, itsasadarraren gaineko metalezko nasa txiki eta estuan, oinak zintzilik, marearen joan-etorriei begira, irakurtzen, hitz egiten, eguzkia sartaldetik desagertzen ikusten, argi-aldaketen jolas isilak atzematen, emozioei tartea egiten… besteen munduaren martxa azkarretik ihesi, gurearen abiadura geldo eta sosegatuari helduta.

Halere, badut pena handia: munduko hainbat bazterretan ezin dute egonean egoteak dakarren lasaitasunaz gozatu, batzuek eragindako gerra eta liskarrek, edo diru-gose eta interesek beldurra, pobrezia eta ezinegona ekarri baitie. Hobe lukete gizatxar horiek egonean egon eta bakean dagoena bakean utzi.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!