Gorroto nuen eguraldi hura, ez baitziguten uzten kalera jaisten lagunekin jolastera. Egun grisetan moteldu egiten zen denbora: minutu bihurtzen ziren segundoak, eta minutuak ordu. Zuri-gris-beltza zen begien aurrean eta pantailan ikusten genuen kolore gama osoa. Heidik eta Marcok bazkaldu ondorengo tartetxoa baino ez ziguten asetzen. Asteburu euritsu luzeari asperdura mortala nagusituko zitzaion marrazki bizidunen tartea bukatu eta gero.
«Zer egin ez nekienean, sukaldera joan eta amari aspertuta nengoela esaten nion. 'Eros ezazu tximino bat entreteni zaitzan', esaten zidan; alegia, 'Eta zer nahi duzu nik egitea?»
Zer egin ez nekienean, sukaldera joan eta amari aspertuta nengoela esaten nion. «Eros ezazu tximino bat entreteni zaitzan», esaten zidan; alegia, «Eta zer nahi duzu nik egitea? Ale, alde hemendik eta utz nazazu bakean harrikoa egiten, nahikoa lan badut eta!». Eta bere zereginarekin jarraitzen zuen, ni entretenitzeko batere ahalegin edo imintziorik egin gabe.
Baina amak, jakin gabe, sekulako mesedea egin zidan; izan ere, aspertuta egoten ikasi nuen, eta aspergarritasunari etekina ateratzen. Denbora moteltzen hasten zenean, buruari eragin eta pixkanaka, azukrea uretan nola, hala hasten zen asperdura diluitzen. Marikontxiren etxera jaisten nintzen ea nirekin jolastera etorri nahi zuen, edo etxean zeuden liburu gutxi haiek berrirakurtzen nituen, edo margotzen, edo… Aspertzen jakiteak abilidade batzuk garatzen irakatsi zidan: neuk bakarrik ikasi nuen sozializatzen, irakurzaletasuna piztu zidan... Txukun margotzen ez nuen ikasi.
Gaur egun, ordea, haurrei aspertzeko eskubidea lapurtu diegu. Bizitzak hiperbetetzen dizkiegu. Asperdurak eragiten digun hutsuneari beldur, ekintzez eta jarduerez josten ditugu minutuak eta orduak. Seme-alabak matraka ematen hasten direnean, txiki-txikitatik jartzen diegu eskuartean irudi biziz betetako pantaila koloretsu zaratatsua, edo telebista piztu eta, aparailuak garuna xurgatu izan balie bezala, zonbi bihurtzen ditugu. Baina, pantailaren baliabidea agortzen denean, akabo ingurukoen bakea!
Askotan gertatu izan zait kalean antolatzen diren musika kontzertu horietakoren batera joan, eta besteen haurrak aspertuta aurrera eta atzera jasan behar izana. Gurasoak hantxe, isilik eta geldirik egoteko eskatu eta eskatu, eta, azkenean, ume aspertu horiek bezain gogaikarri bihurtzen dira helduen erreguak. Atsegina izan behar zuen kontzertu horietatik, gorputza baino, kirioak dantzan atera izan naiz nahi baino gehiagotan. Haurrak direla eta mugitu egin behar dutelako aitzakiak ez du halako espazio eta jardueretan balio. Halakoetan, aspertu egiten direlako isilik eta geldirik egoten ez badakite, sentitzen dut, baina erraza da konponbidea: hartu haurra, eta molestatuko ez duen norabait eraman.
Umeek aspertzen ikasi behar dute, baina, ikaste horretan, hurkoarekiko errespetua galdu gabe, ingurukoak molestatu gabe. Akaso, gure amak esaten zuen esaldi magikoa berrerabili eta gaurkotu beharko genuke, bakean utzita tximinoa.