Zereginak

Gaurko artikulua berezi samarra da, bi zeregin proposatu behar baitizkizut. Baina lasai, errazak dira, eta ez dizu luze joko. Lehenengoa gauzatzeko, hartu paper eta boligrafoa.

Prest? Bada, zerrenda bat egiteko eskatu behar dizut, eta bertan idatzi atzo egin zenuen guztia, ohearen bero goxoa utzi zenuenetik nekeak maindire artera eraman zintuen arte. Txukun-txukun idatzi, esaterako, non erosi zenuen ogia, norekin hartu zenuen kafea, nor agurtu zenuen etxetik ateratzean, norekin eztabaidatu zenuen, nori idatzi zenizkion whatsappak…

Behin hori eginda eskatuko dizut zerrenda horretatik emakumeak zirrimarratzeko, eta ez bakarrik emakumeak, baita emakumeekin lotura duen guztia ere. Berdin-berdin konta al zenezake atzoko eguna? Ez, ezta? Hankamotz geratuko zaizu kontakizuna, hala eginez gero; ez zenuke egunaren ikuspegi osoa emango. Marga Sanchez Romero arkeologoaren liburu batean irakurri nuen analogia hori, eta oso argigarria iruditu zitzaidan emakumeak historiatik kanpo utzi izanaren ondorioak ulertzeko. Hutsunez betetako kontakizun historikoa jaso dugu orain arte.

 

«Begiratu Tolosako kale-izendegiari, eta bilatu zenbat kalek duten emakume-izena, erlijio-ordenen eta birjinen izenak kenduta. Nik bakarra aurkitu dut: Maria Luisa Agirre Doktorearen plaza»

 

Bigarren zeregina emango dizut orain. Begiratu Tolosako kale-izendegiari, eta bilatu zenbat kalek duten emakume-izena, erlijio-ordenen eta birjinen izenak kenduta. Nik bakarra aurkitu dut: Maria Luisa Agirre Doktorearen plaza —Tontokale—. Akaso, izango da besteren bat, baina ez askoz ere gehiago.

Beharbada pentsatuko duzu tontakeria galanta dela kaleen izenei erreparatzea, horrek ez duela ezertarako balio. Baina uste baino garrantzitsuagoa da bizi garen tokiaren izena, helbidea, egunean zehar hainbat alditan errepikatzen dugun datua baita; adibidez, informazio horixe behar du banatzaileak Internetez erositakoa gurera ekartzeko, helbideak zehaztuko du datozen hauteskundeetan zein mahaitan emango dugun botoa. Are gehiago, ezin gara helbiderik gabe erroldatu, eta horrek eskubide askoren galera dakar: ezin bozkatu, ez lan-kontraturik sinatu...

Horretaz gain, karga sinboliko handia du kale-izenak. Cecilia G. de Guilarte idazle eta kazetari tolosarrak 1939an Euskal Herria utzi, eta Mexikon erbesteratu zen. 1969an, arazo askori aurre egin ostean, jaioterrira itzultzea erabaki zuen, Divisón Azul kaleko 20. zenbakira. Águilas literatur sariaren irabazleari kopeta ilunduko zitzaion eta hortzak estutu, helbidea eman behar zuen aldiro; izan ere, Bigarren Mundu Gerran nazien ondoan eta sobietarren aurka borrokatu zen armada-talde frankista agertuko zen emakume erbesteratuaren graziari itsatsita: Cecilia G. de Guilarte, División Azul 20, Tolosa, Guipúzcoa. 1979ko maiatzean erabaki zuen Tolosako Udalbatzak kaleari izena aldatzea; orduz geroztik da Gudari kalea.

Gasteizen ere bazen Juan Carlos I.a etorbidea, baina, emerituaren trapu zikinak aireztatzen hasi zirenean, udalak izena aldatzea erabaki zuen: ezin zuen onartu eredugarritasuna zalantzan jartzen zuen pertsona bati kale bat eskaintzea. 2020ko ekainaren 19tik, etorbideak Martxoak 8 du izena.

Tolosaldean badira historiaren tolesetan ezkutatutako emakumeak, jarraitu beharreko balioak eta printzipioak ordezkatzen dituzten pertsonak. Ez al dute errekonozimendu eta espaziorik merezi Tolosako kale-izendegian?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!