Etxeko urak kloro-zapore handiegia zuela eta, preziatua zen mendietatik iturrietara zuzenean jaisten zen ur aratz eta freskoa. Halaxe, garrafoi eta botilak ur gardenez beteta etxeratzen ginen.
Mendira joaten ginean ere, ohikoa zen bidean aurkitzen genituen iturrietatik ur-trago ederra edan, eta egarriari iseka egitea. Baina duela gutxi utzi egin diot mendiko iturrietan eztarri lehorra bustitzeari, eta etxera iritsi arte ez dut urik edaten, sukaldeko iturritik betetako kantinploran eramaten dudana ez bada. Izan ere, inoiz ez naiz oso mizkina izan, baina Lurpea Garbi elkarteak Leidorren eman zuen dokumental labur bat ikusi nuenetik, nahiago dut egarriak hil iturri horietako ustezko ur aratz, garden eta freskoa edan baino.
«Ikaratuta atera nintzen zine-aretotik. Irudietan ikusi genuen zer zikin eta kutsatuta zeuden Tolosaldeko kobazulo batzuk»
Ikaratuta atera nintzen zine-aretotik. Irudietan ikusi genuen zer zikin eta kutsatuta zeuden Tolosaldeko kobazulo batzuk: pilak, hozkailuak, pneumatikoak, xiringak, obra-hondakinak, autoetako bateriak, uralita… Zabor- eta hondakin-klase guztiak zeuden. Garbigune desklasifikatu basatiak ziren, baina zerrikeria horren azpian daude, ezkutuan, garai ez oso urrunean garbi zeuden haitzulo haiek.
Ez dira guztiak kutsatuta egongo; ezin jakin, ordea, zein dagoen garbi zein zikin, eta urak ehunka kilometro egin ditzake lur azpian hondakin nazkagarri horien labirintoan galduta. Beraz, askotan ez da begi-bistakoa izaten edaten dugun uraren iturburua zein den.
Benetan kezkatzekoa da problema larri honen aurrean ezikusiarena egitea. Zaborra atariko lanpas azpian ezkutatzea bezala da hondakin kutsatzaile horiek guztiak haitzuloen erraietara botatzea: ikusten ez dena ez da existitzen. Eta arazoaren aurrean ezikusiarena egitea ere, arduragabekeria galanta: ikusten ez badugu, ez da existitzen. Haur txikiek egiten dute hori. Heldutasunik gabeko gizartea gara zentzu askotan.
Iturriak kutsatuta ditugu, baita inguruko akuiferoak ere, eta hori epe ez oso luzera ikaragarri arriskutsua izango da. Egia berdaderoa da aldaketa klimatikoaren eraginez Lur planetaren tenperatura gora egiten ari dela, eta, ondorioz, urtegietan biltzen dugun ur-kantitate handiagoa lurrunduko dela datozen urteotan. Etorkizun bero horretan, lur azpiko urak nahitaezko bihurtuko zaizkigu bizirauteko. Baina horiek kutsatuta baditugu, gaixotasunak ditugu atezuan.
Itsukeriak gaixotu eta hilko gaitu. Ezinbestekoa da kobazuloen egoera aztertu eta garbitzeko neurriak hartzea. Horra hor Lurpea Garbi elkartearen eskaria. Guri dagozkigu, ordea, beste zeregin batzuk: elkartearen lana babestu; inguruan koba zikin baten berri badugu, jakinarazi; eta, batez ere, kobak garbi mantendu. Gure bizitza eta ondorengoena dago kolokan.