Itsasoaren kresal-usain berezia gure sudur-zuloetatik arnastera iristen ez garen herri honetan, bada estropadetan aritzen den arraunlari-taldea, eta aurten, lan eta esfortzu ikaragarriaren ondoren, esku-eskura izan dute Kontxako bandera preziatua. Ez kresalik, ez hondartzarik; halere, hondar finez beteta izan dugu udako egun batzuetan Plaza Berria, hondartzako boleiboleko txapelketa mistoa jokatzeko bertan. Halako adibide ugari eman nitzake hemengo berezitasunak azaleratzeko, kanpotarrak zur eta lur uzteko modukoak guztiak ere.
Beti pentsatu dut tolosarrek badutela zera bat, ez dakit zer bat, ekintzailetza-izpiritu indartsu bat, nahi duten edo behar duten hori asmatu eta egiteko. Zerbait behar izanez gero, eta halakorik ez badago, «guk sortu beharko dugu, ba!» esaldia tolosarron geneetan dagoela esango nuke.
Lagun batekin izaera espezial horretaz hitz egin izan dut behin baino gehiagotan, eta herriaren kokaleku estrategikoak zerikusi handia duela ondorioztatu dugu. Izan ere, Erdi Aroan Tolosa hiru erreinu garrantzitsuren pasabidea zen: Nafarroakoa, Frantziakoa eta Gaztelakoa. Turismo-bulegoko gidak bisita batean esan zigun bezala, garai hartako «Manhattan» zen gure herria. Ekintzaile ugari bildu ziren bertan, eta merkataritzarako gune oso indartsu eta garrantzitsua izan da, gaur egun arte.
Orain, baina, Tolosako komertzioa hilzorian dagoela iruditzen zait, eta ikaragarrizko tristura ematen dit dendak ixten ikusteak. Iluna dute etorkizuna. Saltokirik gabeko kaleak jenderik gabeko kaleak dira, bizitzarik gabeko auzoak, herri hilak. Degradazioari irekitzen zaizkio parez pare ateak, eta horrekin pobreziari. Guztiok dakigu hori. Ez dut ezer berririk asmatu.
«Orain, baina, Tolosako komertzioa hilzorian dagoela iruditzen zait, eta ikaragarrizko tristura ematen dit dendak ixten ikusteak. Iluna dute etorkizuna. Saltokirik gabeko kaleak jenderik gabeko kaleak dira, bizitzarik gabeko auzoak, herri hilak»
Horren aurrean, udalari eskatzen dizkiogu neurri bereziak herriko merkataritza bultzatzeko. Bai, dudarik gabe, ahal duen neurrian lagundu egin beharko luke negozioak irekitzeko eta mantentzeko erraztasunak emanez. Baina ezin dugu saihestu herritarrok, hau da, kontsumitzaileok dugun ardura.
Guk geuk, Tolosako saltokietan beharrean, Internetez erosten dugun bakoitzean, herriko denda bat ixteko billete ezkutua eramaten digu etxera paketeak partitzen dabilen banatzaileak; erosketak merkataritza-gune handietan egiten ditugun bakoitzean, auzoko saltzaileari duintasunez bizitzeko aukera lapurtzen diogu. Epe luzera, garesti aterako zaigu orain aukera merke eta ugariena iruditzen zaigun hori.
Tolosako komertzioa hiltzen uzten ari gara, eta, horrekin batera, kaleak, auzoak eta herria. Izan gaitezen ekintzaile. Gu guztion esku dago hilzorian dagoen hura biziberritzea.