Atsegin zait batekin eta bestearekin hitz egitea. Nola gabiltzan galdetzen diogu elkarri; baten osasun-kontuak entzun, bestearen oporretako planak, hirugarrenak bilobak zaintzeak eragiten dizkion buruhausteak… Halere, beti sumatzen ditut pozik, gauzak egiteko irrikan, ilusioz. Talde handi eta askotarikoa osatzen dute Iñakik, Kristinak, Nekanek, Juanjok, Carmenek, Raulek… Ezin lerro hauetan guztien izenak aipatu.
Plazara azaldu nintzen lehenengo egun hartan, nolabaiteko harridura sumatu nuen baten baino gehiagoren aurpegian; izan ere, ezezaguna nintzen askorentzat. Lehenagotik ezagutzen nindutenek, baina, irribarre txiki isekaria ezpainetan eta jakin-mina begiradan, ea adinaren bataz bestekoa jaistera azaldu ote nintzen galdetzen zidaten, ia guztiak baitaude 70 urte edo gehiagoren bueltan; ni, berriz, mende erdi pasatxoko gaztea.
Pentsiodunak dira gehienak, eta hilean bitan elkartzen dira, astelehenarekin. Ni ere joaten naiz, manifestazioan, guztiontzako pentsio duinak eskatzera: 1.080 euro, gutxienez, 14 ordainsaritan. Baina ez hori bakarrik, genero-arrakala murriztea aldarrikatzen dugu, zaintzak demokratizatzea eskatzen dugu, banketxeen neurrigabekeria harroaren aurka egiten dugu protesta...
«Ezin dut burutik kendu egungo pentsiodunak direla garai bateko langileak, eta haien borrokari esker ditugula gaur egungo lan-baldintzak, 40 orduko lan-astea, grebarako eskubidea...»
Hunkitu egiten naiz adin horretako jendea oraindik borrokarako gogoz ikusten dudanean. Ezin dut burutik kendu egungo pentsiodunak direla garai bateko langileak, eta haien borrokari esker ditugula gaur egungo lan-baldintzak, 40 orduko lan-astea, grebarako eskubidea, manifestatzeko eskubidea… Ahaztu egiten zaigu, baina, horiek guztiak borrokaren bidez irabazi dituztela, ez dizkigula inork oparitu, eta, eskubideak zaintzeko lan egin ezean, galdu egiten direla, eta, behin galduta, zaila da berriz eskuratzea.
Argi dute hori astelehenetan kalera ateratzen diren pentsiodunek. Ez dira etxeko zoko-mokoan kexaka aritu eta besterik egiten ez duten horietakoak, ez; kalera ateratzen dira, beren aldarrikapenetan sinetsita, gaur egungo eta etorkizuneko pentsio duinen alde lan egitera, beren bizi-baldintzak hobetzeko borrokatzera. Baina baita neureak ere, eta zureak.
Eskerrik asko Pablo, Anamari, Edurne, Aintzane, Joxemigel… eta izendatu ezin zaituztedanoi. Zuen borrokari esker izango ditugu guk bizi-baldintza hobeak zahartzean, lan egiteari uzten diogunean. Asko dago jokoan, eta behar-beharrezkoa da gu guztion inplikazioa, zaharragoena eta gazteagoena, duintasunez bizi nahi baditugu gure azken urteak.