Kirolaren balioak

Erabiltzailearen aurpegia Nekane Artolazabal Royo 2023ko mar. 10a, 07:58

Larunbata. Kiroldegian, saskibaloi-partida. Kantxan, bi taldeetako jokalariak, entrenatzaileak eta epaileak. Harmailetan, zaleak: talde batekoak, nahiko lasaiak; bestekoak, sutsuak, oso sutsuak. Hasi da partida. Paseak eta pausoak, erasoko falta pertsonalak eta desmarkatzeak, saskiratzeak eta huts egindako jaurtiketak… Bat-batean, hooligan eroak oihuka, irainka, beste taldeko jokalarien aurka, epaileen aurka… Eta talde bateko 35 urteren bueltako entrenatzaile gizonezkoak, urduri, jokalariei: «¡No jugáis una puta mierda!», «¿Por qué no haces una puta entrada?»…

Bosgarren txahalaren pare hasi nuen duela aste batzuetako larunbat goiza. Iloba ikustera hurbildu nintzen Usabal kiroldegira, nola jokatzen zuen ikustera, haren zaletasunaz familian gozatzera. Badakizue, izeba-kontuak. Ustez, haur-kategoriako partida bat ikustera nindoan, 13-14 urteko jokalarien arteko lehia sanoa, baina heziketa eta kirolaren balioak zalantzan jarri zituen partida ikusi nuen.

Halaxe definitzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak eskola-kirola bere webgunean: «Adin horietan kirola egitea oso garrantzitsua da haurren garapenerako. Inguru hori ezin hobea da gure seme-alabak osasuntsu hazteko, harremanak egiten ikasteko, heziketa izateko, kirol kultura ezagutzeko, euskara ikasteko eta hainbat balio eskuratzeko eta, beraz, alderdi horiek guztiak sustatu nahi ditugu, kontuan hartuta lotuta daudela lankidetza, kohesio, konpromiso, apaltasun, solidaritate, unibertsaltasun, duintasun eta erantzunkidetasunari».

Bat egiten dut aldundiak zabaldu nahi dituen balioekin. Egia esan, ez dakit ilobaren partida eskola-kirola zen edo taldeen arteko liga. Berdin da. Aurreko hartan, kirolaren bidez transmititu beharko liratekeen balioen antipodetan dagoen egoera lotsagarria bizitu genuen. Imajinatzen al duzue gorputz-hezkuntzako irakaslea ikasleei hala eta halakoak esaten eskolan? Seguru nago irakasle horri espedientea ireki eta kalean izango litzatekeela amen batean.

 

«Ustez, haur-kategoriako partida bat ikustera nindoan, 13-14 urteko jokalarien arteko lehia sanoa, baina heziketa eta kirolaren balioak zalantzan jarri zituen partida ikusi nuen»

 

Larunbat hartan, ordea, ume haien gurasoak han bertan ziren, eta, egia esan, edo oso ondo disimulatu zuten egonezina, edo ez zitzaien batere inporta heldu batek halakoak esatea beren semeei. Are gehiago, entrenatzailearen oihu eta irainekin bat egiten zuten, epaileak partida eten eta gurasoei kargu hartzeraino. Badirudi dena dela baleko eta barkagarri kantxaren eremuan.

Pentsatu nahi dut kasu isolatu bat baino ez zela izan, oro har heziketa oneko jendea aritzen dela jokalariekin, eta lan handia egiten dutela antolatzaile eta klubetako arduradunek kirolaren alde. Izan ere, ilobaren taldeko entrenatzaileen jarrera eredugarria ere ikusi nuen. 18-20 urteko neska eta mutila; euskaraz egiten zieten jokalariei; lasai ari ziren partida jarraitzen; nahiz eta galdu, keinu eta imintzio desegokirik ez jokalariekin. Oihurik batere egin gabe erakutsi ziguten zein diren kirolaren balioak. Ea ez diren azpiko kategorietatik profesionaletarako bidean galtzen. Bejondeiela!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!