Aditu, hausnartu, eta egin! Ea, bada! Gaurko artikuluan zerbaiten alde egiten saiatuko naiz: Gabonak datoz, eta ez da kontua inoren familiarteko bazkari eta afariak ozpintzea. Gainera, elkarri erregaluak egiteko garaian gaude, eta horixe egiteko asmotan nabil: opari bat emango dizuet, guztiok irakurri beharko genukeen liburu baten erreferentzia, aholku on bat baino hoberik ez dagoelako ustean.
Gabon bereziak pasako ditugu aurten etxean. Lehenengo aldiz, ikaragarri maite dugun pertsona baten hutsuneak beteko du mahaiaren bueltako aulkietako bat; hark utzitako barnehutsa osatu beharrean izango gara. Etxe askotan izango den irudia, zalantzarik gabe. Seguruenik, ez dira oso Gabon alaiak izango gurean: hankaz gora izango ditugu barrenak, tristeziak hartuko ditu gure arimaren zirrikituak… Baina izango ditugu pozerako eta esker onerako uneak ere. Izan ere, elkarren ondoan emango ditugu egun hauek, osasunez ondo, premia larririk gabe… Eta hutsunearekin bizitzen ikasteko aukera izango dugu, bizitzari gogor helduta eskutik.
Ikuspegi horretarako bidean, oso lagungarria izan zaigu liburu bat: Patxi Izagirreren Cómo superar el duelo. Bertan irakurri dugu badirela hainbat dolu-mota; esaterako, banaketa baten ondorengoa, alzheimerra duen senide batek sortua, bat-bateko heriotza batek eragindakoa… Eta bakoitzak ditu berezko ezaugarriak. Garrantzitsua da jakitea dolua nolakoa den, horrek emango baitigu gure egoera ulertzeko oinarria, gure sentimenduak onartzeko bidea, bizitzari ilusioz eta gogoz heltzeko indarra.
«Eta halaxe dago antolatua gizartea. Izagirrek esaten duen bezala, nola ulertu, bestela, ezkontzean 15 eguneko baimen ordaindua izatea legez, eta maite duzun pertsona hiltzean 3 baino ez?»
Maite ditugun pertsonak gure ondotik joango direla jakin badakigun arren, ihes egiten diogu egia horri. Ezikusiarena egiten dugu bizitzan bai edo bai gertatuko den horren aurrean. Eta halaxe dago antolatua gizartea. Izagirrek esaten duen bezala, nola ulertu, bestela, ezkontzean 15 eguneko baimen ordaindua izatea legez, eta maite duzun pertsona hiltzean 3 baino ez?
Enpresa eta eskola guztietan dago sutearen aurkako protokoloa; baina ba al dugu lankide edo ikaskide, guraso edo irakasleren bat hiltzean jarraitu beharreko protokolorik? Premiazkoa iruditzen zait horren inguruan hausnartu, eta jendeari dolu sanoa egiteko baliabideak ematea.
Hona, bada, nire oparia: bizitzaren amaierak eragiten digun izu eta egonezinari aurre egiten lagunduko digun liburua. Opari ederragorik ez zait bururatzen. Eta ea oraingoan lagunak esaten didan behingoagatik egin dudala zerbaiten alde nire artikuluren batean.