Maiatzean hil zen, bizikleta-istripuz. Egun eguzkitsu hartako ordu bietan amari eskuarekin agur egin, bizikleta hartu… eta ez zen berriro bueltatu. Iluntzean deitu ziguten ospitaletik, oso larri zegoela, joateko berehala. Sei egun koman egon ondoren joan zitzaigun ondotik.
Zenbait gertakari latzak dira barneratzen, bat-bateko heriotzak kasu. Garuna blokeatu egiten da, jasotzen ari den informazio saminetik eta oinazetik babesteko; izan ere, denbora behar izaten du gertatu dena ulertzeko eta irensteko. Hala, zentzumenak lelotuta genituela hartu behar izan genituen erabaki garrantzitsuak. Zorionez, aitak zenbait kontu ondo lotuta utzi zituen hil aurretik, eta erabaki batzuetan haren ahotsa ezpaineratu baino ez genuen egin behar izan: aurretiazko borondateen agiria betea utzi zuen, eta, mahai baten bueltan heriotzari buruz naturaltasunez hitz egiten genuelako, bagenekien hiltzean erraustua izan nahi zuela, ez zuela eskelarik nahi, ez lorerik, ez eta areto hotz bateko erakusleihoan egon ere.
Halaxe egin genuen. Beilatokian erraustu zuten, eta bertako langile batek esandako egunean jaso genituen errautsak, eta faktura. Begiak malkoz betetzearekin batera hustu zitzaigun kontu korrontea: ia 3.000 euro ordaindu genuen errausketa. Heriotza mingarriari gehitu behar izan genion gure egoerari probetxua atera ziotelako irudipena. Juzgatu zuek. Heriotza-ziurtagiria eskatzeak eta testamenturen bat egina zeukan egiaztatzeak 3,49 euro balio du; 185 euro kobratu ziguten. Errausteko, hil-kutxa erosi behar izan genuen, merkeena, 970 euro. Prestaketa, 190 euro. Izara higienikoa, 40 euro. Gorpua Donostiatik Tolosara ekartzea, 190 euro. Erraustu bitartean gorpua hozkailuan izatea, 180 euro. Erraustea, 630 euro. Errautsak gordetzeko ontzia, 100 euro. Eta ezetz asmatu zenbateko BEZa duen zerbitzuak? Ba, bai, %21ekoa, hiltzea luxuzko jarduera izango balitz bezala.
«Guk, zorionez, bagenituen 3.000 euro horiek, baina, izan ez bagenitu, nork ordainduko zukeen beilatokiko faktura puztu hura?»
Guk, zorionez, bagenituen 3.000 euro horiek, baina, izan ez bagenitu, nork ordainduko zukeen beilatokiko faktura puztu hura? Lehenago edo beranduago guztiok hil behar dugu, eta, legeek hala aginduta, derrigortuta gaude beilatoki bateko zerbitzuak kontratatzera. Garestia denez oso, jende askok aseguru-etxe bateko poliza kontratatzen du, eta urteetan ordaindu. Egoeraz baliatu, eta aberasten ari dira gu guztion kontura. Ez da etikoa. Ez da morala.
Aitari gustatuko zitzaion bezala bukatuko dut gaurkoa, proposamen batekin, kexatzea bakarrik ez baita kontua: batetik, legez zigortu beharko lirateke halako neurrigabeko praktikak; bestetik, zergen bidez ordaintzea guztion errausketa/ehorzketa, gutxieneko bat behintzat, eta hortik gorako plusak (loreak, eskelak…) nork bere poltsikotik ordain ditzala. Baina 3.000 euro guztiok derrigorrez egin beharreko zerbaitengatik… Deretxoik ez dao!