Aitortu behar dut hasieran kuriositate handiarekin murgiltzen nintzela sarean. Zenbait pertsonari jarraitzen hasi nintzaien, eta post bat argitaratzen zuten aldiro jasotzen nituen jakinarazpenak telefonoan: bizimodu osasungarriagoa izateko aholkuak ematen zituen medikuarenak, errezeta erraz eta goxoak partekatzen zituen sukaldariarenak, bidaia interesgarriak antolatzen zituen agentziarenak… Denetarik, eta zein baino zein interesgarriago iruditzen zitzaidan.
Baina horien guztien artean, nire aisian sartzeko zirrikitua aurkitu zuten beste batzuek ere; milaka ezezagunen artean, Tamara Falcok eta David Beckhamek, esate baterako. Hala jakin nuen Falco andrea Filipinetan ibili zela senargaiari haren familiaren jatorria erakusten, eta Beckhamen semea ezkondu egin zela ez dakit ze neska dotore eta aberaskumearekin. Irudi guztiak zeuden zoriontasunaren filtrotik pasata, noski.
Arratsalde batean, baina, konturatu nintzenerako, ordubete pasa xahutua nuen pantailari begira, sofan eserita, ezer gehiago egin gabe, haien bizitza perfektuei jarraituz, nirea alferrik galduta, eta egonezin izugarria eragin zidan horrek. Horren hutsik al dago nire bizitza, besteen bizi-printza makillatuekin betebeharra badaukat? Horren aspergarria al da, besteen zoriontasun faltsuarekin entretenitu behar badut? Horren begiluzea al naiz, besteek zer egiten duten kuxkuxeatzen ibiltzen banaiz?
«Instagram erraldoian egotea herri txiki-txiki batean bizitzea bezalakoa dela pentsatu nuen [...]. Jasanezina egiten zitzaidan kontrol zorrotz hori. Eta orain ni neu naiz Instagrameko 'auzoko begiluzea!'»
Instagram erraldoian egotea herri txiki-txiki batean bizitzea bezalakoa dela pentsatu nuen. Eskarmentua dudalako diot hori. Herrietan, auzokoak badu albokoaren lan eta ordutegien berri, badaki ondoko etxera nor etortzen den bisitan eta zenbat denbora igaro duen bertan, badaki noiz eta nola etxeratu diren bizilagunaren seme-alabak parrandan ibili ondoren... Jasanezina egiten zitzaidan kontrol zorrotz hori. Eta orain ni neu naiz Instagrameko auzoko begiluzea!
Baina, herri txikietan ez bezala, boluntarioa da aplikazio horretan bizitza erakusgai jartzea. Eta gutxi batzuek dirutza irabazten dute hori eginda —Ronaldok, esaterako, 750.000 dolar kobratzen omen ditu post bakoitzeko—. Ulertezina egiten zait, ordea, sosik irabazi gabe, desio ezkutu batek bultzatuta, bizipenak guztion begi bistan jarri behar izate hori. Ez dut ulertzen, gure bizitzetan ditugun hutsuneetatik ez bada, besteen begietan izen eta izana eduki beharretik ez bada.
Tira, adin kontua izango da: akaso, zaharregia naiz halako modernotasunak ulertzeko.