Arrasatera joan ginen. Bagenekien ez zela partida erraza izango, eta berehalaxe hasi ziren gauzak ez hain ondo irteten. Hasteko, arbitroa berandu iritsi zela aipatu beharra dago. Ondoren, nahiz eta guk aukerak izan genituen, baloia ez zen sareratzen eta atsedenaldira berdinketarekin joan ginen etsita eta buruak makur genituelarik. Imanolek autoestimua igoz eta berri onak emanez, gure lehiakide zuzen diren Arratia eta Bizkerreren berdinketa eta galerarekin irten ginen zelaira berriro. Minutuak aurrera zihoazen, eta 80.ean heldu zen gure lehen gola Ainhoaren eskutik. Hortik gutxira bigarrena lortu genuen eta 0-2 amaitu zen norgehiagoka.
Larunbatean, Berazubiko zelaian jokatu genuen eta Derio hartu genuen aurrean. Aldageletan geundela, Maddik atzera eta aurrera, mugikorra eskuan zuela hainbat buelta egin zituela ohartu ginen. Ea zer gertatzen zitzaion galdetzean, bere aurpegian irten zen irribarrearekin erantzun zuzen bat eman zigun. Zerbait ahaztu zitzaiola ohartu ginen. Zapatilak ziren hain justu jertsearen azpian ezkutatuta zituenak. Multa jarri eta betiko martxan Imanolen hizketaldiaren eta berotu ondoren irten ginen zelaira. Berehala heldu zen gure lehen gola. Bosgarren minutua zen Zuriñek baloia sareratzea lortu zuenean. Ordu erdia pasatxo zela, Mariak bigarrena egin zuen. Atsedenaldira 2-0 gailentzen ginela joan ginen. Bigarren zatian, gauzak aldapan gora jarri zitzaizkigun. Deriok gola sartu eta gutxira, guk penalti bat huts egin genuen. Ondoren, beraiek berdinketaren gola sartu zuten. Azken 20 minutuetan ez genuen etsi eta golaren bila joan ginen. Azkenean, berdinketarekin amaitu zen partida.
Umiltasun guztiarekin, Berazubira gerturatu ziren zaletu guztiak txalotu genituen. Orain akatsetatik ikastea besterik ez zaigu geratzen eta igandean jokatuko dugun partidan pentsatzen hasi gara dagoeneko. Erandioko Betiko Neskak bisitatuko dugu beraien etxean. Lan zaila eta gogorra jarriko digutela argi dugu. Beraz, gogor entrenatuz, gure bolada onarekin jarraitzeko aukera izango dugu. Aupa Tolosako neskak!