Emakumeen Mundu Martxa gure herrietatik igarotzen ari den une berean, Hezkidetza Esku Hartzenbezalako ikastaroak aurkezten diren une berean, genero indarkeria kasu izugarriak bizi izan ditugun uda honen ostean, komunikazio parekidea lantzeko proiektuak sortzen diren bitartean, haurrei generoaren pisua kendu eta hezkidetza lantzen, ulertzen eta barneratzen ari garen bitartean… errealitateak ikaratu egiten nau.
Etxean generoak ezarritako rolak gainditzen saiatzen ari garen bitartean, gure semea zein inguruan ditugun haurrekin pisu hori kendu eta aske izateko tresnak eskaintzen saiatzen garen bitartean, aldaketa horiek eta ikuspegi kritikoa garatua izan beharko lukeen gazte belaunaldi bat dagoela uste dugunean… errealitateak ikaratu egiten nau.
Abesti sexisten aurkako kanpainak abian jarri diren bitartean, eraso sexisten inguruko kontzientziazio kanpainak burutzen diren bitartean, pertsona ororen askatasun eta eskubideak aldarrikatzen diren bitartean, “Eraso Sexistarik Ez” dioen pankartaren inguruan “playboy-eko untxitxoz” edo antzeko zerbaitez jantzitako gazte kuadrila bat, pankartari berari “dantza” gustu txarreko eta erabat erotikoa izan nahi ote zuen lapdance antzekoak egiten ikusi ditugu herriko plazan, festetako ekitaldi jendetsuenetako batean. Playback erakustaldiaren baitan eta pentsatu nahi dut umoretik eta ironiatik egin nahi zen zerbait zela, baina niri benetan desatsegina eta tokiz kanpokoa iruditu zaidana. Batetik, estereotipo eta rol horien erreprodukzioa haurrez beteriko ingurune batean oso arriskutsua iruditzen zaidalako, bestetik, festa eta ondo pasatzea horrekin lotzen badugu galduta gaudelako…
Bakoitzak bizi dezala festa nahi duen bezala, baina ez eskatu nik barre eta txalo egiterik hain arriskutsuak diren rolak erreproduzitzen… Zergatik ez erabili oholtzara igotzeko aukera aldarrikapen beharrezkoak egiteko? Umoretik, festatik, haserretik edo tristuratik… baina eraikitzeko behintzat. Iruditegi sexistara eramaten duten dantza eta erreprodukzioak festatik eta normaltasunetik ateratzeko? Parean dauden haurrei iruditegi hori ez garunetan txertatzeko?
Gaur, eraso sexisten aurkako pankartak bizi izan duenak ikaratu egin nau.
Ikusi bideoa Argia.eus-eko Umea, kume blogean