Bakea eta iraultza feministak izango dira, edo ez dira izango

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Zubillaga 2016ko uzt. 14a, 14:00

Denok gaude dardarka, aho zabalik, ulertezina dena ezin baitugu ulertu. Sei egunetan, 4 sexu eraso, saiakera bat eta beste 7 intentsitate baxuko eraso salatu dituzte Iruñean.

Beste emakume batek ere sexu erasoak jasan ditu BBK Liven. San Ferminetako bortxaketetako bat 5 gizonen artean. Gure buruak ez daude prest halakorik asimilatzeko. Horregatik hitz egin behar dugu errealitate honetaz. Zein den errealitatea? Terrorismo matxista.

Testuinguruari izen eta abizena jarri behar zaio, hura ulertu eta harekin amaitzeko. Terrorismo matxista. Batzuentzat gehiegizkoa da terrorismo hitza erabiltzea. Niretzat gehiegizkoa dena hurrengoa da: Emakunderen arabera, 2015. urtean, Ertzaintzak 3.999 emakume erregistratu zituen emakumeen aurkako indarkeriaren biktima gisa EAEn. Espainian 20 urtetan terrorismo matxistak ia 1400 emakume hil ditu. Datu bat gehiago, bai ausartu egingo naiz: ETAk 50 urtetan hildakoak baino 500 pertsona inguru gehiago eldiario.es-en arabera.

Normalizazio prozesua bizi omen dugu, bakea lortzeko bidean garela diote. Benetan? Ez. Euskal Herrian ez dugu bakerik; terrorismo matxista gure artean da. Bilgune Feministak argi dio: “Hau ez da gure bakea!”. Bakea eta iraultza feministak izango dira, edo ez dira izango.

Ezin dugu umiliatuta bizi. Komunikabideek aste honetan azalera ekarri dute terrorismo matxista. Baina, nola? Emakume bat azalean, mozkorra eta noski, titiak erakusten. Bortxatua izatea eta titiak erakustea gauza bera balira bezala. Gogoz kontrakoa eta borondatezkoa zalantzan jarriz. Bortxatuak izatea gure errua balitz bezala. Inpotentzia. Komunikabideak ere terrorismo matxistaren lagunak baitira.

Ezin dugu beldurrez bizi. Nazkatuta gaude etxera bidean giltzak ukabilean bilduta eramateaz. Lagunei eta gurasoei deitu beharraz. Informatu nahi dut, Tolosaldeako herriko festetarako Brigada Feministak antolatu dituztela inguruko neska taldeek. Sexua erasoak salatzeko telefonoa dago eta baita etxera laguntzeko eskatzeko. Beldurra aldez aldatuko dugu! Amaitu dezagun terrorismo matxistarekin autodefentsaz eta emakumeon ahalduntzeaz gure arteko baturaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!