Duela urtebete inguru Donostiako Boulervardean nintzen. Pankarta baten atzean, lehen lerroko emakume baten bozgorailutik entzuten zena errepikatzen, oihuka. Bikote txinatar bat gerturatu zitzaigun eta ingelesez ea zergatik ginen han galdetu zigun. Nire ondoan zen emakumeak erantzun zion, azalduz aste horretan bertan bi emakume eraili zituztela eta salatzera irten ginela kalera. Txinatarrak pankarta begiratu eta galdetu zigun: “talde feministek antolatua?” Baietz erantzun genion. “Oh! Interesgarria. Jarraitu horrela!” esan zigun. Jarraian pankartaren aurreko aldera joan ziren eta bertan ginenoi begira txaloka hasi ziren. Irribarre batez agurtu eta beraien bidea jarraitu zuten.
Herritarrak kalean ikusita interesa piztu zitzaien, instituzioetatik at dauden mugimenduek antolatua izateak are gehiago. Donostiarekiko pertzepzio ezin hobeaz joan ziren. Txalo eta guzti, miresmena adierazi zuten.
Jakin nahiko nuke bikote hori aste honetan Boulervardera itzuliko balitz zer iritzi izango lukeen Donostiaz. Azalduko nioke herritarrek lehengo Gipuzkoa Plaza eta gero Boulervarda hartu dutela osasunaren defentsan. Animalien osasunaren defentsan. Gure elikagaien garbitasunaren defentsan. Diru publikoaz enpresa pribatu baten aberastearen aurka. Ez delako segurua erraustegi batean lan egitea. Birziklapena sustatu nahi dugulako eta ez trabak jarri. Ekologismoa ez delako aukera hutsa, betekizuna baizik. Gipuzkoako lurrak berdeak direlako eta zerua urdina izaten jarraitzea nahi dugulako. Ez dugu ke beltz, ilunik nahi. Uste dut, bikote txinatarrak berriz ere txalo egingo luketela.
Ez, ordea, azken egun hauetan izandako ikuskizun instituzionalarekin. Pertsona helduak dauden jende taldean indarkeriaz sartzen, gazteei kanpaldiko materiala kentzen, atxilotuak arrastaka eramaten. Dantzan eta kantuan egindako aldarri baketsuari indarkeriaz erantzuten.
Galdetu zuen buruari, zer da Gipuzkoa mugimendu sozialik gabe? Mobilizaziorik gabe? Irudika dezazuen, gogoratzen Donostia 2016aren inaugurazioko ikuskizunaren? Haren antza izango luke. Diru asko gaizki inbertituta. Herritarren espektatibak betetzen ez dituena. Konkurtso publikoen bidez beharrean, behatzez hautatutakoei ematea lana eta dirua. Eta noski, betiko moduan, herritarron iritzia kanpo geratzea.